INFO

Militar «ultrei» pribilegioak kendu eta «persona non grata» izendatzeko eskatu du EH Bilduk

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du espainiar Kongresuan, Armadan dagoen «infiltrazio ultra sakoneraino» ikertzeko eta memoria historikoa betetzen dela bermatu dezala eskatzeko.

Jon Iñarritu, Kongresuan. (EH BILDU)

EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Kongresuan, espainiako Gobernuak Armadako militar batzuek azken asteotan egin dituzte adierazpen eta mezu politiko «frankista eta ultrak» «erabat arbuiatzeko» eta «persona non grata» izenda ditzatela eskatzeko. 

Jon Iñarritu diputatuak bultzatutako egitasmoa Defentsa Batzordean eztabaidatuko da, eta «militarren zigorgabetasuna geldiaraztea» eta Armadaren instalazio guztietan «memoria historikoa irmo betetzea» du helburu.

Horretarako, erretiratutako militar «ultrei» pribilegio guztiak kentzeko eskatu du EH Bilduk.

«Eskuin muturrak indar armatuetan duen infiltrazioari» buruz «ikerketa azkar eta eraginkorra» egitea nahi du indar abertzaleak eta horren berri Defentsa Batzordeari emateko eskatu du. Iñarrituren iritziz, ezinbestekoa da «infiltrazio ultraren aurkako neurri zehatzak dituen plan bat» garatzea eta indar armatuetako infiltrazioa eragoztea.

Horretarako, EH Bilduk proposatu du adierazpen «ultra» horietan parte hartu duten edo parte hartzen duten pertsonen aurka beharrezko neurriak bultzatzea eta, erretiratutako militarrak direla baliatuz, honako pribilegioak kentzea: «karrera militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legearen 115. artikuluan erretiratutako militarrei buruz jasotako pribilegio guztiak, hala nola identifikazio-txartela eramatea, enplegu militarraren bidez identifikatzea (erretiratua) edo uniformea eramatea».

Horrekin batera, Armadaren egoitza militarretan eta jolas zein kirol-zentroetan sartzea galaraztea, eta ekitaldi edo oroimen ofizialetara ez gonbidatzea.

Azkenik, San Hermenegildoko Errege eta Militar Ordenako eta San Fernandoko Errege eta Militar Ordenako izenak kentzea, bertan egonez gero.

Indar armatuen kuartel, unitate militar, sari, programa eta operazioetatik Francoren diktadurari buruzko izen edo izen guztiak kentzeko eskaera ere jasotzen du du EH Bilduren proposamenak, «instalazio guztietan memoria historikoa betetzen dela ziurtatzeko».