«Espainiar faxismoaren inpunitatea» eta Ertzaintzaren jokabidea salatu dituzte Eibarren
Atxiloketa bat eta bi lagun zauriturik eragin zituen Ertzaintzaren oldartzeak aurreko ostegunean Eibarren, «faxista batek presoen aldeko elkarretaratzea zapuzten saiatu ondoren». Bata zein bestearen jokabidea salatu dute gaur asteartean Untzaga Plazan.
NAIZek ostegun gauerdian argitaratu zuenez, liskartsua gertatu zen asteroko presoen aldeko elkarretaratzea Eibarren. Ohiko lasaitasuna hondatu zuen Madrilgo hedabideetako pertsonai ezagun batek eta Ertzaintza bertaratu zen gero, lagun bat atxilotuta eramaten eta beste bi zauriturik utziz. Horren berri eman dute astearte atsalde honetan, dena gertatu zen tokian, Untzaga Plazan, eta gogor salatu dituzte bai aurreko probokazioa bai eta polizi oldartzea ere.
Hasteko, gertatutakoa azaldu dute bertan ziren lagunak eta elkartasuna adieraztera agerraldi honetara bertaratu direnak: «Ostegunero Untzagako plazan egiten den elkarretaratzean geundela, Cake Minuesa ‘kazetari’ ultraeskuindarra gerturatu eta hainbat pertsona zirikatzen hasi zen. Bertatik joateko eskatu zitzaion baina honek muzin egin zion eskaerari eta elkarretaratzean geundenok grabatzen jarraitu zuen. Horregatik, ‘Faxistak kanpora’ ohikatuz presionatu eta plazatik kanporatua izan zen. Unean bertan izandako erreakzioa izan zen, inork ez duelako eskubiderik presoen aldeko elkarretaratzea zapuzteko, are gutxiago, kazetariz mozorroturiko faxistek».
Hau jasan bezain pronto Ertzaintzaren patruila bat azaldu zela erantsi dute: «Gutako batek kotxean zeuden ertzainei gertatutako adierazten saiatu zen, euskaraz. Ertzainek berriz identifikatzeko eskaera egin zioten inolako arrazoi gabe, eta herritarrak euskaraz eskatzeko erantzun zien. Orduan, haiekin gazteleraz mintzatzeko esan zioten ertzainek, eta herritarrak berriz euskaraz egiteko eskatu ostean, autoaren kontra jarri eta atxilotu egin zuten».
Istilua areagotu egin zen horren ondorioz: «Elkarretaratzean geundenok hori ikustean azalpen eske hurbildu ginen poliziaren autora. Orduan, bertan zeuden bi ertzainak herritarrei oldartu eta borraz jendea erasotzen hasi ziren, ez gerturatzeko esanez. Tentsio handiko momentuak izan ziren eta gutxienez bertan geunden bi pertsona zauritu zituzten».
Atxilotuari dagokionez, gaua kalabozoan eman ostean aske utzi zuten, baina «eraso» egin izanaren akusaziopean.
Gauzak honela, «lehendik espainiar faxismoaren inpunitatea salatu nahi dugu –adierazi dute–. Onartezina iruditzen zaigu gure herrira etorri eta jendartearen babes zabala duen manifestazio bat zapuzteko saiakera».
Honekin batera, «ertzainek gure hizkuntza eskubidea urratu izana salatu nahi dugu. Administrazioarekin euskaraz komunikatzea euskaldunon eskubidea da eta administrazioaren obligazioa. Kasu honetan, argi ikusi dugu atxiloketaren arrazoia hori izan dela». Eta jarraian erabilitako indarkeria ere gaitzesten dute, «inpunitate osoz eta inolako elkarrizketarik izan gabe, herritarrak atxilo eramatea eta jipoitzea ez delako bidezkoa».
«Alperrik ari dira»
Laburpen gisa, «gure amorrua adierazi nahiko genuke. Faxista bat presoen aldeko elkarretaratze bat zapuzten saiatzeak honakoa eragin duelako: herritar bat atxilotu eta prozedura judizialari aurre egin behar izatea, horrek ekar ditzakeen ondorio larriekin; poliziaren bortizkeriak bi herritar zauritzea; eta, gure hizkuntza eskubidea beste behin urratzea».
«Faxistei zein poliziei adierazi nahi diegu alperrik ari direla pentsatzen badute euren jarrerarekin izutuko gaituztela. Presoekiko elkartasunean eta euskararen defentsan ez dugu atzera urratsik emango –ziurtatu dute–. Abestiak dioen bezala, aurrerantzean zutitu eta euskaraz mintzatuko gara gure zapaltzailearen aurrean».