INFO

Europar funtsekin Donostiako zaintza sistema berritzea proposatu du EH Bilduk

Donostiako EH Bilduk 13 proiektu aurkeztu ditu Donostiako Udalak pandemiari aurre egiteko europar funtsen proiektuen zerrendan kontuan har ditzan, tartean hiriko zaintza-sistema sendotzeko lan-ildo zehatzak eta Energia Berriztagarrien Lanbide Eskola baten sorrera.

Donostiako EH Bilduko Reyes Carrere eta Markel Ormazabal, Europako funtsen inguruko prentsaurrekoan. (EH BILDU)

Donostiako zaintza sistema indartzeko garaia dela iritzita, datozen urteetara begira hiriarentzako erronka garrantzitsutzat hartu du EH Bilduk, eta Next Generation europar funtsak horretara bideratzea proposatu du, beste hamabi proiekturekin batera.

Zehatzago, zaintzaren alorrean, etxez etxeko laguntzaren udal zerbitzua familien kontziliaziorako ere erabiltzea proposatzen du, eta defendatu du Administrazioak eta Donostiako Udalak horretan laguntzeko tresnak eskaini behar dituela, etxez etxeko zerbitzuaren funtzioa egokituz. Horretarako, etxeko langileek sarea sortzea proposatu du, hirugarren sektoreko kolektiboekin batera, modu horretan helburu bikoitza lortuz: langileen babesa eta zaintzaileen eskaria asetzeko lan poltsaren sorrera.

EH Bilduk jaso duen beste proposamen bat da Energia Berriztagarrien Lanbide Eskola sortzea hirian, sektorearen garapen hazkorrari erantzuteko. Eskola Altzako Eraikuntza institutuan kokatzea proposatu du, eta horrekin batera, Trantsizio Energetikorako Udal Bulegoaren sorrera jaso du, hiru helburu izango lituzkeena: eraikin publikoetan energia berriztagarria bultzatzeko baliabideak sortzea, herritarrei aholkularitza eskaintzea kontsumoa murrizteko eta hirian energia berriztagarrien sorkuntza proiektuak babestea.

Proiektu hauez gain, auzoen erresilientzia indartuko duen egitasmoa, etxebizitza parke publiko baten paketea, Anoeta Kirol Hiriaren sorrera, ekintzailetza sozial kooperatiboa sustatzeko bulegoa bat bultzatzea edo Emakumeen Etxe berri bat irekitzea proposatu du udal taldeak, besteak beste.

Next Generation funtsak

Europar Batasunak pandemiari aurre egiteko plan bereziaren testuinguruan kokatzen dira Donostiako koalizioak aurkeztutako proiektuok. Plan horretan Next Generation funtsak banatuko ditu Europak, eta Estatu espainiarrari 70.000 milioi egokituko zaizkio; erdia Autonomia Erkidegoek kudeatzeko eta beste erdia Estatuak, ministerioen bitartez.

Hortaz, Autonomia Erkidego bakoitzak, Aldundien eta udalen partaidetzarekin, trantsizio ekologikoa, trantsizio digitala eta inklusioa oinarri izango duten proiektuen proposamena prestatu behar dute finantzaketa hori eskuratzeko. Iñigo Urkullu lehendakariak abenduaren 29an aurkeztuko du Europako Next Generation funtsen finantzaketa lortu nahi duten proiektuen behin-betiko zerrenda.

Hiriko ekonomiaren «berrantolaketa» baten alde egin du Donostiako EH Bilduk, egungo krisiaren ondorio sozioekonomikoak eragindako premia larriei erantzuteaz gain «transformazio-bektore» bat aktibatuko duena, sistemaren balizko akats larriak aurreikusi eta zuzentzeko gai izango dena.

Eragileak prozesutik kanpo

EH Bilduk salatu du, nahiz eta Europar Batasunak eskatu zuen finantzaketa lortzeko proiektuen aurkezpenak eragile interesdunen parte hartzea barne hartu behar zuela, Donostian ez dela horrela izan. Gaitzetsi du zeinbait eragile publiko-pribatuk egin dizkietela ekarpena D/SS NEXT dokumentuari, baina hiriko eragile sozial «gehienak» prozesutik kanpo geratu direla, eta EAJ eta PSEk osatutako udal gobernuak, gainera, eragile horiekin lan egiteko aukera «sistematikoki» mespretxatu dutela.

Ohartarazi du, bestalde, udal gobernuak pandemiari aurre egiteko pentsatuta europar funts hauetarako aukeratutako proiektuen oinarrian 2019/2023 Gobernu Programa aurkitzen dela, hots, koronabirusaren aurretik prestatutakoa, eta krisia etorrita ere asmo horiek «inolako berrikuspenik» gabe berrabiarazi nahi dituela.