INFO

Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka bikoteek jokatuko dute erremonteko Binakakoaren finala

Juanenea-Larrañaga eta Segurola-Barrenetxea IV bikoteak hartu dituzte mendean Galarretan jokatu diren finalerdi borrokatu eta ikusgarrietan.

Urriza eta Labaka, garaipena ospatzen (Maialen ANDRES / ORIAMENDI)

Ansa II-Aizpuru III eta Urriza-Labaka bikoteek jokatuko dute datorren larunbatean Galarretan erremonteko Binakako Txapelketaren final handia. Juanenea-Larrañaga eta Segurola-Barrenetxea IV bikoteak hartu dituzte mendean gaur Hernanin jokatu diren finalerdi borrokatu eta ikusgarrietan.

Aurreneko kanporaketan Ansa II.ak eta Aizpuru III.ak pronostikoak bete dituzte, Juanenea eta Larrañagari 40-33 irabazita. Ligaxkan jokatutako lau partidak irabazteko egin duten jokoari jarraipena emanez, Joxin Aizpuru oso seguru ibili da atzeko koadroetan eta Imanol Ansak tanto sorta ederra amaitu du aurreko koadroetan –16 guztira–. Hala ere, aurkariak ez dituzte urrun izan markagailuan –Juanenea ere oso fin ibili da, 13 tanto egin eta 5 bakarrik galduta– eta azken unera arte borrokan sartuta egon behar izan dute 345 pilotakadako neurketa bereganatzeko.

«Azken tantoa egin arte ez dut partida irabazita ikusi», onartu du amaieran Aizpuru III.ak. «Aste osoa urduri pasa dut, eta gaur ere aurreneko tantoetan horrelaxe egon naiz. Azkenean ligaxkako neurketa guztiak irabazi izana presio moduko zerbait zen eta finalean sartu nahi genuen bai ala bai. Behin finalean sartuta, seguru askoz lasaiago etorriko naizela, partida txukuna egitera, eta irabazten badugu ba askoz hobe».

Baina aurreneko finalerdia ona atera bada, bigarrena askoz hobea izan da. Urrizak eta Labakak 40-36 menderatu dituzte Segurola eta Barrenetxea IV.a, markagailuan ia 15 berdinketa izan dituen neurketa bikainean.

Espero zen bezala, Javi Urrizak eraman du bikote gorriaren pisua eta Endika Barrenetxeak berdina egin du bikote urdinean. Bakoitza bere eremuan nagusi izan da, baina Segurolak eta Labakak ere partida ederra jokatu dute.

Aurreneko zatian Segurolak tanto ederrak egin ditu aurrean, esaterako, eta esan daiteke Labakaren sakeek erabaki dutela norgehiagoka azken zatian. Azpeitiarrak asko asmatu du lehen jokaldiarekin eta Urrizari aukerako pilotak geratu zaizkio azken txanpa horretan. Noski, iruinarrak ez du barkatu.

Oso partida gogorra izan da, pilotakada askokoa, eta Urriza eta Barrenetxea oso nekatuta iritsi dira azken tantoetara. Borroka horretan, 39 urteko nafarrak barruan duen talentua atera du eta bere alde erabaki du finalerako txartela.