INFO

ACB Ligako azken postura iltzatuta laga du Manresak Gipuzkoa Basket (71-78)

 Donostiarrek partida duina egin duten arren, bigarren laurdenaren erditik hirugarren laurdenaren azkenerako hamabost minutuetan kontzentrazioa galdu dute, eta han joan dira beren aukerak. 42-64 atzetik joan arren, 71-76 hurbiltzea lortu dute Nicolarenek, baina beranduegi izan da.

Dino Radoncic azken ordura arte markagailuari buelta ematen saiatu da, berandutxo izan bada ere. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

ACUNSA GIPUZKOA BASKET 71 - BAXI MANRESA 78

Ez dago Acunsa Gipuzkoa Basket minutu bakar bat ere opari emateko, eta hamabost oparitu dizkio Baxi Manresari, nahikoa eta gehiago Dani Perez lako antolatzaile azti bat aurrean denean. Donostiarrek oro har partida duina jokatu dute, baina bigarren laurdeneko erditik hirugarren laurdenaren amaieraraino maila asko jeitsi dute, eta aurretik joatetik 22 puntuz atzetik joatera –42-64– pasa dira. Azken laurdenean bost puntura ere hurbildu dira Marcelo Nicolarenak, Dino Radoncic, Echenique eta enparauen eskutik, baina beranduegi. Eta hala, bi garaipen tristerekin amaitu dute 2020 urtea, ACB Ligako azken postuan iltzatuta.

Defentsan arazo dexente izan ditu Donostiako taldeak aurreneko minututik. Hasteko, «pick'n rolla» gelditu ezinik, Sajusek saskiratze errazak lortzeko. Horrez gain, Pere Tomasek berehala egin ditu bi falta eta Vaulet hegaleko argentinarrak nahi izan duen guztia egin ahal izan du Dani Perez «aztiaren» paseei esker eta baloirik gabe mugitzeko duen errazastasuna dela-eta.

Zorionez, erasoan txukunago aritu dira Marcelo Nicolarenak eta markagailua parean mantendu dute. Horrez gain, Manresako taldeak hirukoetan eskumuturrak izotzez beterik erakutsi ditu, eta azken segundoan Xabi Orozek, beste inor baino azeriago izan delako, aurreneko laurdena 19nako berdinketa ezarri du. Gipuzkoarrek ez dute aurretik jartzerik lortu lehenengo laurdenean, baina partidari duintasunez eutsi diote.

Partidaren behin behineko buruzagitza bigarren laurdenaz batera lortu dute donostiarrek, Jan Spanen hiruko bati esker. Esloveniarrak zozrtzi puntu segidan saskiratuta, 8-2ko partziala lortu dute eta 27-21 aurretik jarri direlako, Pedro Martinezen hutsartea behartu dute.

Dani Perez faktorea

Hutsartetiuk bueltan, ordea, Manresak lau hiruko kateatu ditu eta 0-12ko partzialaz, berriz ere aurrea hartu du markagailuan. Hori gutxi balitz, defentsa ere asko gogortu dute Pedro Martinezenek. Beraz, Gipuzkoa Basketi baloi dezente galdu arazi dizkiote eta, logikoa denez, Marcelo Nicola bera izan da hutsartea eskatu duena, markagailua 27-33 jarri denean, Matt Janning eta Dani Perezek partidari buelta eman ostean.

Haiseran sartu ez dituen hiruko guztiak sartzen hasi da Manresa. Gipuzkoa Basketek Span eta Radoncicen lanari esker eutsi dio, baina arrisku handiak hartuta, talde jokoa baino gehiago banakako talentuari esker mantendu baita. Eta talentua izan bada bereizgarri, GBCko jokalari ohi Dani Perez nabarmendu da gehien. Hirukoak, asistentziak… antolatzaile katalanak ezarri du aldea bigarren laurdeneko azken minutuetan: 37-44.

Saskia gero eta itxiago

Aurreneko erdia ona eginagatik, 37-44 ez da emaitza ona izan, are gehiago Betis Malagan irabazten ari zela jakinda. Are eta okerrago 0-5eko partzialaz hasi delarik hirugarren laurdena.

Katalanen defentsak bigarren laurdenaren amaieran erakutsitako kontzentrazioa mantendu du eta donostiarrei, ondorioz, gero eta gehiago kosta zaie punturik aurkitzea. Nicolak Echenique bera ere kendu du, behar baino baloi gehiago galtzen hasi delako, eta Julen Olaizolarekin –Okouorekin ere, antzera– erasoan ez dago paraka berririk. Hori gutxi irudituz gero, kantxaren beste aldeari begiratu behar; Dani Perez, Eatherton eta Vaulet nahikoa eta gehiago izan dira Pedro Martinezenek aldea gero eta gehiago zabaltzeko.

Eatherton batik bat, oso gustura eta eroso aritu da hirugarren laurdenean, eta Manresakoen aldeak hogei puntuak ere gainditu ditu: 42-64. Akabo ikusi beharrekoak? Tira, gipuzkoarrek 6-2ko partziala lortu dute behintzat: 48-67, azken hamar minutuen faltan.

Azken ahalegin ona

Azken ahalegin bat egin du Gipuzkoa Basketek laugarren laurdenaren hasieran, 7-3ko partziala lortuta. Halakoren baten, Echeniquekbere mailari dagozkion saskiratze pare bat lortu ditu eta Eathertonen iturria agortu da noizbait, batez ere Jonathan Tabu ez baita Dani Perez bezain antolatzaile ona –jaurtitzaile hobea bai, bestalde. Horrez gain, radoncicek ere saskirako bidea aurkitu du noizbait, markagailua 62-74 jarri arte.

Nicolarenek askoz ere defentsa oldarkorragoa erakutsi dute, eta erasoan ere askoz zuzenago eta zehatzago jokatu dute. Manresak ere hirukoetan nahi baino hutsegiteko gehiago pilatu ditu, eta Eulis Baez eta Dani Perez izan ezik, gainontzekoek partida irabazitzat jo balute bezala aritu dira minutu horietan.

Pere Tomasen saskiratze batek 66-76 jarri du markagailua eta, bi minuturen faltan, azken itxaropen bat piztu da etxekoentzat. Johnny Deek 69-76koa ere lortu du, Pedro Martinezen hutsartearen ondotik, eta parida azken minutuan sartu delarik, Radoncicek 71-76koa sartu du goitik behera.

Dani Perez eta Eatherton, ordea, argi ibili dira Manresakoen azken erasoan, eta 71-78koa sartu ostean, baoia galdu dute Marcelo Nicolarenek. Ez daude donostiarrak hamar minutu opari emateko, are gutxiago etxean.

Gipuzkoa Basket: Faggiano (2), Johnny Dee (9), Pere Tomas (9), Radoncic (15) eta Echenique (12) –hasierako bostekoa– Jan Span (13), Xabi Oroz (7), Okouo (2), Brandone Francis, Magarity eta Olaizola.

Manresa: Dani Perez (11), Rafa Martinez (3), Vaulet (13), Hinrichs (2), eta Sajus (8) –hasierako bostekoa– Eulis Baez (9), Eatherton (14), Janning (11), Tabu (5) eta Dulkys.

Partzialak: 19-19, 18-25, 11-23, 23-11.