INFO

Tabakaleraren ‘Cybernetics of the poor’ erakusketa, Europako 10 onenen artean 2020an

‘Frieze’ aldizkari britainiar entzutetsuak Europako 2020ko arte garaikideko hamar erakusketa onenetakoen zerrendan sartu du Donostiako Tabakaleraren ‘Cybernetics of the poor’ erakusketa.

Erakusketa, Donostiako Tabakaleran. (Mikel ESKAURIAZA/TABAKALERA)

Donostiako Tabakaleraren ‘Cybernetics of the Poor: tutorialak, ariketak eta partiturak’ erakusketa Europako 2020ko arte garaikideko hamar erakusketa onenetako bat bezala aukeratu du ‘Frieze’ aldizkari britainiar entzutetsuak.

Arte eta kultura garaikideari buruzko aldizkariak urtero egiten duen aukeraketan, Parisko Centre Pompidouk, MACRO Erromako Arte Garaikidearen Museoak eta Alemaniako arte garaikidearen zentro nazionalak, besteak beste, antolatutako beste bederatzi erakusketarekin batera agertzen da Donostiako zentroa.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak balioa eman dio arte garaikidearen arloan «eragin handiena duen» aldizkarietako batek egindako hautaketari. «‘Frieze’ sektorean ospe handiena duen nazioarteko argitalpena da, eta halakoxea izateak bultzada handia ematen dio Tabakalera arte garaikidearen arloko sorkuntza- eta erakusketa-zentro gisa nazioartean duen kokapenari», nabarmendu du.

Diedrich Diederichsen kultura-kritikari eta komisario alemaniarrak eta Oier Etxeberria Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduradunak gidatutako erakusketan, zibernetikaren eta artearen artean historikoki izan diren lotura-moduei buruzko azterketa bat egiten zen.

‘Cybernetics of the Poor’ erakusketa, Tabakalerak eta Kunsthalle Wienek koproduzitua, martxoaren 6an inauguratu zen, Donostiako kultura garaikideko zentroak bere ateak itxi baino astebete lehenago, covid-19a zela eta, eta 6.000 pertsonak bisitatu zuten, ekainean ireki zenetik abuztuaren amaiera arte.

Viena eta Donostia

2019an Vienan eta Donostian egin zen nazioarteko mintegiaren izen bera du erakusketak. Lankidetza horretatik sortu zen erakusketa-proiektu hau. Abenduaren 18an zabaldu zituen ateak Vienako Kunsthallean, eta 2021eko martxoaren 28ra arte bisitatu ahal izango da. Lankidetza horrek, pieza artistiko berriak ekoizteko aukera emateaz gain, aukera eman du euskal artista batzuen lanak Vienan ikusgai jartzeko.

Tabakalerak azaldu duenez, artistek «pobreen zibernetikatzat» har daitezkeen estrategiak erabiltzen dituzte beren lanetan. «Era askotako lanak ikusiko ditu ikusleak: musika, herri-kultura, zinema, eskultura edo aktibismoa. Erakusketak aukera ematen du egungo munduaren konplexutasunari buruz hausnartzeko, eta zentzumenen bidez egiteko aukera ematen du, ez bakarrik irakurketa intelektual baten bidez», gaineratu du.