INFO

Egungo sistemak «segregazioa areagotzen duela» berretsi du Eskola Publikoaz Harrok

Hezkuntza pribatua eta publikoaren arteko eztabaida berpiztu du Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunearen aurkezpenak. Erreakzioak jaso ondoren, haren mezua berretsi du ekimenak, besteak beste egungo sistemak «segregazioa areagotzen» duela ziurtatuz.

Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen aurkezpena. (Euskal Eskola Publikoaz Harro)

Abenduaren 14an egin zen Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunearen aurkezpena. Tokiko eragile ugari biltzen ditu, eta beraiekin batera EHIGE, HEIZE, Steilas, LAB, ELA, CCOO eta ikasle elkarteak. EAEn dagoen egungo ereduaren inguruko eztabaida astindu du egunotan, eta horretaz jakitun, bere aldarriak zehaztu eta berretsi egin ditu prentsa ohar baten bidez.

Hasteko, «Euskal Eskola Publikoaz Harro Topaguneak Euskal Eskola Publikoaren aldeko aldarria egiten du, denona eta denontzat den eskola bakarra delako. Bere balioa azpimarratu, euskal gizarteak berarekiko duen atxikimendua handitu eta hezkuntza sistemaren ardatzean jarri nahi dugu, zerbitzu publiko bakarra den neurrian. Euskararen murgiltze ereduan oinarrituriko sistema, doakoa, laikoa, inklusiboa, aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua, berdintasunean eta kalitatean oinarritutakoa, jaiotzetik ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte-kohesioa bermatzen dituena hain zuzen ere».

Topagune honen ustez, «EAEko hezkuntza-sistema dual (publiko-pribatu) honek gizartean dagoen segregazioa erreproduzitu eta areagotzen duela salatzen du, sare publikoan kontzentratzen direlako nagusiki egoera sozioekonomiko baxuko ikasleak zein jatorri atzerritarrekoak. Segregazio hau joera pribatizatzailearen ondorio zuzena da».

Gauzak honela, «hezkuntza sistemaren pribatizazioaren aurka egin nahi dugu. Gaur egungo sistema dualaren antolakuntza eta funtzionamenduak dakarren segregazio latza eta haustura soziala gainditzeko, beharrezko planifikazio zein baliabideak aldarrikatu eta exijitu egiten dizkiogu Administrazioari».

Zehatzago, «kohesioan oinarritutako eta pertsona guztiei aukera berdinak eskainiko dizkien gizartea eraiki nahi dugunez, hezkuntza sisteman neurri eraginkorrak har daitezen eskatzen dugu -adierazten du ekimenak–. Besteak beste: publikoak ez diren ikastetxeek familiei kobratzen dizkieten kuota ekonomiko ilegalak debekatzea; ikasleen matrikula orekatua bermatzea; ikastetxe pribatuek publiko bihurtzeko marko legal iraunkorra izatea; jendarte kohesioa bermatuko duen planifikazioa egitea, eta abar».

«Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzari interpelazio zuzena egiten diogu, bera arduradun nagusia den unetik eta eraldaketarako ahalmena duen eragile ezinbestekoa», erantsi du Euskal Eskola Publikoaz Harro ekimenak.