INFO
Elkarrizketa
Miren Edurne Garate
Lehen Arretako medikua Leioan

«Lehen Arretan dagoen familia medikuen eskasia ikaragarria da»


Zer ahuldade azaleratu dira aurten, osasun sistemari dagokionez?

Ahuldaderik handiena aldez aurretik egindako murrizketak izan dira, batez ere pertsonalean. Pandemia baino lehenago asko murriztu ziren ordezkapenak; ez hori bakarrik, ez da plaza berririk sortu eta kupoak gero eta handiagoak dira. Ezin da behar den arreta eskaini.

Zer egin beharko litzateke 2021ean ahulgune horiek saihesteko?

Jende gehiago behar da. Erizainak, administrariak, baina batez ere medikuak, Lehen Arretan dagoen familia medikuen eskasia ikaragarria baita. Arazoa da momentu honetan kontratatzeko jenderik ez dagoela, baina ez dago Osakidetzako zerrendetan, izan ere, jendea egon badago. Jendea beste leku batzuetan dago lanean, Osakidetzan ez, gauzak oso gaizki egin direlako, kontratazioak oso txarrak izan direlako. Gero, egia da Lehen Arretako lan egiteko modua errotik aldatu behar dela. Lehen Arretako asistentzia zentratu behar da osasunaren sustapenean eta promozioan, eta gaur egun milaka lan burokratikotan murgilduta gaude. Ez daukagu denborarik gure paziente kronikoak, edo osasuntsu daudenak baina lan prebentiboa behar dutenak, artatzeko.

Zenbat denbora daukazue kontsulta bakoitzerako?

Zazpi minutu. Baina hori oso teorikoa da, zeren gauza bat da agendan jartzen dena; egiaz asko estutzen dira zitak. Jendeak jarraitzen badu zita eskatzen itxaron-zerrendan dagoelako eta asistentzia gaur nahi duelako, egunean asko jota 25 paziente ikusi behar bazenituen, eta hori jada astakeria da, 50 ikusi behar dituzu azkenean. Zazpi minutuak, azkenean, askoz gutxiago izaten dira.

Zenbat minutu izan beharko ziren arreta on bat bermatzeko?

Gaixo bakoitzak bere denbora behar du. Baina paziente kroniko bat bere osotasunean begiratzeko, agian 20 minutu, beste batzuekin 30... baina, gutxienez, 15 beharko genituzke.

Ordutegi malguagoa, beraz?

Garrantzitsuagoa da zenbat paziente dauden kupo bakoitzean. Nola mugatu denbora jendeak zitak eta zitak eskatzen baitu? Mugatu behar dena da kupo bakoitzean dagoen paziente kopurua, eta horrela denbora egongo da artatzeko. Batzuekin bost minutu beharko ditugu, beste batzuekin ordubete.

Osasun sistema beste pandemia baterako prest ikusten duzu?

Ezta pentsatu ere! Ez gara honetarako prestatuta egon, eta ez gara hurrengo baterako prest egongo. Eta gainera, oraingoan ez da ezer egin. Hauteskundeen aurretik esan zuten familia medikuen plazak aterako zituztela eta gero hori ez da gauzatu.