INFO

Kañamares anaiak aizkoran eta Telleria harrijasotzailea nagusitu dira Eskuernagan

Eskuernagan jokaturiko Urrezko aizkora txapelketan Kañamares anaiak nagusitu dira. Harrijasotze txapelketan, Telleriak irabazi du lehen jardunaldian. Igandean, B multzokoak lehiatuko dira Ribabellosan.

Gorka Etxeberriak, irudian Asteasun, bigarren egin du Eskuernagan. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Asteazken eguerdian jokatu da Eskuernagako frontoian binakako aizkolarien lehenbiziko jardunaldia. A taldekoak izan dira lehen egunean lana egin dutenak.

Hiru bikote aritu dira  eta aurrean zuten lana burutzen Kañamares anaiak Oier eta Xuban izan dira azkarrenak, 19 minutu eta 31 segundu behar izan zuten. Hala, Oier Kañamaresek 2020 urtea bukatu zuen modu beretsuan hasi du 2021a.

Bigarren izan dira Juanjo Lopez Azpilikuea eta Iban Resano (21 minutu eta 52 segundu) eta hirugarren postuan bukatu dute Hodei Ezpeleta eta Goizeder Belza bikoteak, lana 21 minutu eta 50 segundutan bukatuta.

Harrijasotzaileek banakako Urrezko Txapelketari eman diote hasiera. A taldeko indartsuak neurtu dira Eskuernagan. Kopa, kubika eta bola harriekin bi minutuko txanda egin behar izan dute eta irabazlea Beñat Telleria izan da, bere lana 63 jasoaldi eginaz burututa.

Bigarren Gorka Etxeberria, 58 jasoaldirekin eta hirugarren geratu da Iker Zubizarreta (55 jasoaldi).

Igandean, Ribabellosan, B multzoko kirolariak

Heldu den igandean, hilak 10, Ribabellosan dute hitzordua B taldeko aizkolariek eta harrijasotzaileak eguerdiko 12.00etan. ETBk zuzenean emango du.

Bertan lehiatuko dira binaka Luis Polanco-Julen Olano, Suharri Rodriguez-Jokin Urretabizkaia "Basozabal", eta Ibai Soroa-Txomin Amundarain aizkolariak.

Harrijasotzen B Mikel Lopetegi "Urra", Hodei Iruretagoiena "Izeta IV.", Jagoba Otaegi eta Iraitz Arruti arituko dira.