INFO

«Abaro», eztitasuna eta suntsiketa poema bilakatuta

Azken bost urteotan idatzi dituen poemak jaso ditu Itxaro Bordak «Abaro» (Balea Zuria) lan berrian. Bilduma hori bizipen askoren babesa da, eta badu eztia, baina, era berean, bada mundu ikaztu baten lekukotasuna ere. Bi polo horien artean gabiltza, idazlearen aburuz.

Itxaro Bordak azken bost urteotan idatzitako poemak bildu ditu. (Juan Carlos RUIZ/FOKU)

“Abaro” hitzak adiera bikoitza du eta anbiguotasun horretan jostari ibili da Itxaro Borda (Baiona, 1959). Abaro bada, batetik, aizolbea, aterpea, babesa. Eta bada, aldi berean, sua hil ondoan hautsa biltzeko erabiltzen den tresna. Eztitasuna eta suntsiketa, horiek dira bere azken poema liburuko bi ardatzak eta aipatu hitzak biak sinbolizatzen ditu. «Bilduma hau da bizipen askoren abaroa eta denbora berean da mundu kaltzinatu edo ikaztu baten lekukotasunaren lekua. Uste dut bi polo horien artean gabiltzala indibidualki zein kolektiboki. Munduak irudi du eztanda handi bat bizitzen duela; ikatz gisa aterako dira eta norbaitek beharko ditu gure hautsak bildu».

Urte asko, mordoa, igaro dira Bordak azken poesia bilduma argitaratu zuenetik. 1994. urtea zen “Zure hatzaren ez galtzeko” idatzi zuenean. Orain, molde berberera itzuli da azken bost urteetan ondutako poesiekin. Bildu egin ditu, eta «nahita edo inkontzienteki» bi ildo nagusiak landu ditu. Eztia eta ikatza. «Lan hartan bazen oraindik humanitatearen hatsa atxikitzeko nahikunde bat, eta hemen hats hori desagertua bezala ateratzen da. Uste dut poema liburu bakoitza autonomoa dela, baina badu inplizituki lotura bat historia batekin», adierazi zuen.

Lehen bilduma plazaratu zuenetik «kasik» 50 urte igaro dira. «‘Bizitza nola badoan. Poemak 1974-1984’ (Maiatz) lanean joan ziren ene poesiagintzako muskila zenbait, gero handitu direnak orain zuhaitz bat bezala bilakatzeko». Esaten da liburu bakoitzak ez ote dion krisi une bati erantzuten. Baiezkoan dago Borda. «Eta ‘Abaro’ honek ez dio bere destino horri ihes egiten».

Bideko itzal emankorrak

Bilduma bat denez, mamia ez da gai baten ingurukoa, hainbat miatu ditu baionarrak. Bizitza, amodioa, jende harremanak, natura, gure bakartasuna eta idazleak berezkoa duen konfinamendua, nagusiki. Liburuak omenaldiak jasotzen ditu, Leonard Cohen, Artze, Aimar Olaizola… «Badira lotura asko. Sare bat bezala dira ene buruan, musikak, beste poetek eta beste liburuek iruten dutena». Pertsonaiak baino, ordea, beste zerbait dira idazlearentzat. «Erran nezake testuaren bildumaren gainean ibiltzen diren itzal emankorrak direla, ene bidean laguntzen naute itzal horiek, ez dira erreferenteak». Zuberoa ere beste itzal bat da.

Erritmo jostari bat ehundu du Bordak, irakurlea uhinen artean kulunkatu nahian bezala. Denboran atzera eta aurrera egingo du, eta irakurleak berekin bidaiatuko du Bordelera, Tolosara, Baztanera eta ez-lekuetara: trenak, aireportuak… Eta askotariko elementu horiekin guztiekin «jostatzen aritu naiz», aitortu zuen idazleak, erantsiz: «Hori berria da ene poema bildumetan, jolasten naiz poemekin. Ironia asko ere sartu dut, baina horrekin batera xamurtasuna ere bada, zeren tituluak duen bi izaerako natura hori liburuko doinuan ere bada. Eztitasuna, xamurtasuna ez ezik, bada ironia eta batzuetan fede gaiztoa ere, fede txarra. Bada halako anbiguotasun bat».

Eta zer nortasun du “Abaro” poesia bildumak? «Ez da liburu femeninoa, egia da. Beharbada nire posiziotik neutralagoa da, nahiz eta feminista baden, eta hori baino gehiago, lesbiana den. Emazte idazleok ez dugu nahi kalifikatibo hori idazle aitzinean jartzerik. Idazleok gure eguneroko feminitate edo feminismoaren eremutik haragoko eremuak ere libre ditugula, hori aldarrikatzen dut liburuan».

Poesia, bere burua kokatzeko

Poesia hauek idazten igaro diren bost urteotan argitaratu ditu lan ugari: nobela, ipuinak, artikuluak… eta egia da, aitortu duenez, lan bakoitza amaitu bakoitzean etortzen zaiola beheraldia, «post-partum depresio moduko bat, eta gehiago sufritzen dut orduan alaba munduratu nuenean baino. Depresio edo beherealdi horretatik ateratzeko erabiltzen dut poesia. Poesia dut ibiltzen naizen bideetako zedarriak markatzeko, oroitzeko non ibili naizen, nor gurutzatu dudan, zer ikasi dudan ene ibilaldietan», konpartitu zuen.

Sendagaia, indarberritzeko bitamina, eta munduan bere lekua berriro topatzeko tresna. «Poemak erabiltzen ditut birzentratzeko pertsonalki, baita kolektibo batean ene burua birsartzeko ere, lan handiak idazten ari garelarik baztertzen gara mundutik eta…». Edonola ere, Itxaro Bordak badaki nor den. «Funtsean poeta sentitzen naiz, bere alde onekin eta txarrekin».