INFO

Indonesiak 62 pertsona zeramatzan hegazkin baten istripua baieztatu du

Indonesiako agintariek baieztatu dutenez, 56 bidaiari eta 6 tripulatzaile zeramatzan hegazkin komertzialak istripua izan zuen Jakartako kostaldearen aurrean, itsasoan erorita.

Indonesian istripua izandako hegazkineko bidaiarien senitartekoak, berrien zain. Kezka eta samina. (Louis ANDERSON/AFP)

Basarna Indonesiako bilaketa eta erreskate agentziako arduradun batek prentsaurrekoan jakinarazi duenez, Sriwajaya hegazkin konpainiako hegazkina, Boeing 737-524, Javako itsasoan erori zen, Sukarno-Hatta nazioarteko aireportutik aireratu eta minutu gutxira.

Ia aldi berean, Budi Karya Sumadi Indonesiako Garraio ministroak ere prentsaurrekoa eskaini du, hegazkinarekin kontaktua galdua zela azalduz, aireratu eta 13 minutura.

Une hartan, hegazkinak norabidea aldatu zuen bat-batean, eta, horren ondorioz, kontrol-dorreak pilotuei galdetu zien zer gertatzen ari zen, bat-batean radarretik desagertu zenean, ministroaren arabera.

Bestalde, bilaketa eta erreskate agentziako bozeramaileak adierazi duenez, hegazkinaren hondakinak aurkitu dituzte dagoeneko, eta hemendik gutxira istripuaren toki zehatza aurkitzea espero dute; horren ostean, talde bat bidaliko dute lanerako.

56 bidaiari zihoazen hegazkinean, hiru haur eta zazpi adingabe barne, eta sei tripulatzaile, Efe albiste agentziaren arabera, baina oraingoz ez dakite atzerriko herritarrik bazegoen.

Poliziak jakinarazi duenez, gorpuak identifikatzeko postu bat jarri dute Jakartako ekialdeko ospitale batean.

Bestalde, inguruko arrantzaleek tokiko hedabideei adierazi zietenez, leherketa bat ikusi zuten eta hegazkin-istripuaren hondarrak itsasoan flotatzen aurkitu zituzten.