Martxa hotzeko urratsek zabaldu dute elkarbizitzaren nahia Azpeitian
Ehunka pertsonak bat egin dute larunbat arratsaldean Sarek deitu duen herriz herriko protestarekin Azpeitian; 680 inguruk, antolakuntzaren arabera. Eguraldia gozakaitz zegoen, baina zailtasunak zailtasun, erantzun ozena eman diote azpeitiarrek urruntze politikari.
Plaza nagusitik atera da euskal preso eta iheslari politikoak etxeratzearen aldeko manifestazioa Azpeitian, 17.30ean, banakako bi errenkada errespetuzkoetan. Zerikusirik ez Bilboko Zabalburu auzoan urtarrilak 9ro gertatzen diren jende-olde pilaketekin, baina mezua uholde haren berdina izan da, txikizkako zenbait gerturatzek gaurkotua, eta herrikoa, herrikoak gogoan izan dituelako.
Gotzon Aranburu eta Josu Urbieta “Pow” azpeitiarrak gogoan izan ditu herriak. Lehenengoa Alacantetik Palentziara gerturatzekotan dira, baina 732 kilometrotara dago oraindik, eta Urbieta Mont de Marsango espetxean dago, etxetik gertuago, 200 kilometrotara.
Abiatu da manifestazioa Azpeitin. Hotza, elur arina eta herritarrak bi ilaratan, segurtasun distantziak mantenduz. #BideaGara pic.twitter.com/PHZbvUwTXP
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) January 9, 2021
Alde banatan presoon kartelak zituen furgonetak gidatu du martxaren burua, “Bidea gara” lemadun pankarta atzetik, eta handik gibeleraino, 600dik gora pertsonak babestu dituzte Sareren sei eskariak: euskal presoen herriratzea, euskal preso guztiei gradu progresioa ahalbidetzea, larriki gaixo diren presoak etxeratzea, aita, ama edo biak kartzelan dituzten motxiladun haurrek gurasoekin bizitzeko duten eskubidea errespetatzea (eta alderantziz) eta Estatu frantsesean egindako urteak espainolean kontuan hartzea.
Azpeitiko Sareko arduradunek azaldu dituzte eskariok, manifestazioaren bukaeran, herriko plazan, Sebastian Lizasok bertsoak bota ostean. Bertso ketsuak, hotzagatik, baina bero edukian: «Kanpotik hotzak eta barrutik/ nahi eta ezinak erreta/ bidea gara ia norbaitek/eskaintzen digun arreta/ milaka lagun atera gara Euskal Herriko kaleta/ salatu asmoz euskal presoen eskubide urraketa».
Mobilizazio hau posible egiteko norbanako eta elkarte anitzen elkarlana ekarri du gogora antolakuntzak: «Pozgarria da azken urte hauetan norbanako ezberdinak elkarrekin lanean ikustea. Aurrerapauso ugari eman dira, enpatia eta giza eskubideak oinarri. Bizipen anitzeko norbanakoen ahaleginari, alor sindikal, instituzional, sozial eta politikotik etorritako adostasun eta akordioek eman diote ekarpena».
«‘Bidea gara’ lelopean atera gara kalera, nor bere eran, bakoitza bere ideiak soinean, eta nor bere sentipen eta bizipenak altzoan, baina bide berdinaren baitan: etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean», adierazi dute.
400 herritarren argazkiak
Kalera atera aurretik ere, azpeitiarrek larunbateko manifestazioarekin atxikimendua erakutsi zuten sare sozialen bitartez, “Urtarrilak 9 plazara!” lemadun kartelarekin argazkia eginez. 400 herritarren argazkiak jaso zituen Sarek eta larunbatean, are babes zabalagoa, preso eta senideei eskainia.
Ordu gutxi falta dira!
— Azpeitiko Sare (@AzpeitikoSare) January 8, 2021
Bihar urtarrilak 9 ⏰17:30 plazara!
Pow eta Gotzon etxera ekartzeko #bideagara pic.twitter.com/FPV669n2XG
Martxaren ibilbidea laburtzea erabaki du antolakuntzak, eguraldia hotz eta gozakaitz zegoelako, elur arinak egin du manifestazioak iraun duen denboran; hala ere, herritarrek deialdiari sendo erantzun diote. Elkarbizitzarako nahia duela erakutsi du Azpeitiak.