WSL zirkuitua: Hiru txapelketa garrantzitsuenak bertan behera
Urte bateko geldialdiaren ostean, berriro hasi zen lehen mailako WSL zirkuitua Hawaiin. Denboraldi berrirako, gainera, hiru lehiaketa berri iragarri zituzten, Sunset, Santa Cruz eta G-Land urautsi mitikoetan egin behar zirenak. Aldiz, hirurak geratu dira bertan behera.
Itzelezko desengainua izan da mundu osoko surf zaleentzat WSL erakundeak jakinarazi duen azken erabakia. Jakinarazi duena eta baita jakinarazi ez duena ere, izan ere, Sunset eta Santa Cruzeko lehiaketak bertan behera uzten dituela iragarri du, baina G-Landekoa ere bertan behera utzi duela ez du azaldu, besterik gabe, txapelketen zerrendatik kendu dute.
WSL erakundeak eman dituen azalpenek ere ez dute lagundu, izan ere, hartutako erabakiaren inguruko informazio oso gutxi eskaini dute eta, emandako azalpenen artean, gainera, lehiakideek covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz bidaiatzen ohikoa baino denbora gehiago pasa behar dutela argudiatu dute. Gauzak horrela, zirkuitu berrirako iragarri zituzten hiru lehiaketa nagusiak bertan behera geratuko dira, eta, beste lehiaketarik alde batera uzten ez bada, zortzi lehiaketako zirkuitua izango da aurtengoa.
Lehen erronka beteta
Surf zaleek ilusio handiarekin hartu zuten WSL erakundeak aurrerantzean goi mailako lehiaketak egiteko aurkeztutako formatu berria eta egutegia. Abenduan hasi eta irailean amaitzen da, baina, batez ere, leku berrietan munduko surflari onenak ikusteko aukera eskaintzen du zirkuitu berriak.
Horrez gain, neskak eta mutilak leku berdinetan lehiatuko dira eta diru sari berdinak izango dituzte. Hori ere berritzailea da, lehen aldiz neskak Sunset bezalako urautsietan lehian ikusteko aukera eskaintzen baitzuen egutegi berriak.
Nesken kasuan hasiera izugarria izan zen. Mauin hasi ziren, sekulako maila erakutsiz, baina marrazo eraso baten ondorioz lehiaketa eten behar izan zuten. Azken txandak Pipelinen egin zituzten. Horrela eman zuten neskek lehen aldiz Pipelinen lehiatzeko urrats historikoa, ia oharkabean, WSL erakundeak azken unean jakinarazi baitzuen neskak ere Pipelinen lehiatuko zirela.
Artean, mutilen zirkuituko lehen txapelketa egiten ari ziren Pipelinen eta hau ere eten egin behar izan zuten antolakuntzako langileen artean covid-19 kasuak agertu zirelako. Etenaldiak iraun zuen artean itzelezko olatuak izan ziren munduko urautsi arriskutsuenean, eta lehiaketa berrartu zutenean olatuak txikiagoak ziren, baina oraindik kalitate oneko lehiaketa bat egiteko modukoak. Hots, txapelketa arrakastaz amaitu ahal izan zuten.
Pipelineko txapelketaren ostean, surf zaleak gustura zirela agerikoa zen. Sare sozialetan, blogetan eta aldizkari digitaletan ez zen beste gairik, urte bateko etenaren ostean surf zaleek hainbeste itxaroten zuten unea iritsi zen, lehen mailako surflariak uretan ziren eta tunelaren amaieran argi izpia ikusten zen.
Nesken zein mutilen lehen mailako bigarren txapelketa ere Hawaiin egitekoa zen, Sunset Beach urautsi mitikoan, urtarrilaren 19a eta 28a bitartean. Sarean dozenaka bideo ikus daitezke azken asteetan Sunseten entrenatzen izan diren surflarien irudiekin. Ikusmina maila gorenean zen, baina, bat-batean, surf zaleak dezepzionatu eta haserretu dituen albistea etorri zen.
Gutxienez lau etenaldi
Urtarrilaren 5ean WSL erakundeak bere web orrialdean ezarritako nota labur baten bitartez jakinarazi zuten lehen mailako zirkuituko bigarren eta hirugarren txapelketak bertan behera geratzen zirela, hau da, urtarrilean Sunseten egitekoa zena eta otsailaren 2an Santa Cruzen (Kalifornia) hastekoa zena. Biak, lehiaketa berriak ziren lehen mailako WSL zirkuituan. Horrez gain, Hawaiin itsaski handien sasoia izaki, Pe’ahi urautsian egin zitekeen olatu handietako txapelketa ere bertan behera geratzen zela jakinarazi zuten.
Hawaiiko lehiaketen kasuan bertako Gobernuak hartutako neurria izan zela azaldu zuten. Kaliforniako lehiaketa bertan behera uzteko arrazoia, berriz, bertan izandako «covid-19 kasuen areagotzea» izan zen.
Kaliforniako lehiaketa bertan behera uzteko beste arrazoia honakoa da WSL erakundearen esanetan: «Erabaki honetan zuzenean eragin du atletek etxetik kanpo daramaten denborak, pandemia garaian bidaiatzen denbora asko xahutu baitute, eta etxera itzultzeko arazo logistiko anitz baitituzte».
Urte askoren ostean berriz ere G-Land (Indonesia) urautsi historikoan udaberrian egitekoa zen lehiaketa bertan behera geratu zela geroago jakin ahal izan zen, baina ez WSL erakundeak jakinarazi zuelako, inongo azalpenik eman gabe txapelketen zerrendatik ezabatu zutelako baizik. Lehen ere gauza bera egin zuten apirilean Portugalen egitekoa zen Meo Pro Portugal lehiaketarekin; bat-batean zerrendatik desagertu zen.
Ondorioz, oraindik ezabatu ez dituzten lehiaketak egiten badira eta beste aldaketarik ez bada, aurten egitekoak ziren hiru txapelketa berriak kenduta, eta Portugalgo lehiaketa kenduta (Europan egitekoa zen bakarra), guztira zortzi lehiaketek osatuko dute lehen mailako nesken eta mutilen WSL zirkuitua.
Wright eta Florence
Txapelketa esanguratsuak bertan behera geratu diren arren, oraindik indarrean da 2021ko lehen mailako zirkuitua eta, bestelako arazorik izaten ez bada, Australian jarraitu beharko luke, apirilean egitekoa den Bells Beach eskuin olatu famatuko txapelketarekin. Jarraian, dena ongi badoa, Margaret River eta Gold Coasteko ohiko lehiaketak egin beharko lirateke.
Horiek horrela, eta Pipelineko txapelketa amaituta WSL rankinga abian jarri eta gero, Tyler Wright australiarra eta John John Florence hawaiiarra dira uneotan rankingean buru diren lehiakideak.