INFO

Zubietako erraustegiaren jardunaren inguruan galdetu du EH Bilduk erakundeetan

Gipuzkoako EH Bilduk Zubietako erraustegiaren jardunaz dagoen «gardentasun falta» salatu du eta idatzizko informazio eskaerak egin ditu Batzar Nagusietan, Gasteizko Parlamentuan eta espainiar Kongresuan.

Eneko Maioz, EH Bildu Gipuzkoako koordinatzailea.

Eneko Maioz EH Bildu Gipuzkoako koordinatzaileak Zubietako erraustegiaren jardunaz dagoen «gardentasun falta» salatu du astearte honetan eskainitako agerraldian, eta koalizio subiranistak Batzar Nagusietan, Gasteizko Parlamentuan eta espainiar Kongresuan idatzizko informazio eskaerak egin dituela adierazi du.

Pasa den abenduaren 11n, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta GHK-ko presidenteak Zubietako erraustegia errendimendu osoan erabilgarri zegoela adierazi zuten arren, «azken hilabeteetan hori ezbaian jartzen duten albisteak bata bestearen atzetik jaso ditugula» adierazi du Maiozek.

Besteak beste, transformadore nagusia konektatzeko ahaleginetan izandako istripuak; Arkaitzerrekako kutsadura, energia sorkuntzaren inguruko datu «nahasgarriak»; emisioen «kontrolik eza» eta jarduera baimenen kudeaketa «susmagarria» aipatu ditu Maiozek.

EH Bilduk guztia argitu arte erraustegiaren jarduna etetea eta Asensioren agerraldia eskatu zuen, baina koalizio subiranistak dioenez, EAJ-PSEren Gobernuak emandako azalpenek, ordea, ez ditu «asetu». «Ez dute agiririk aurkeztu erraustegiak beharrezko baimen guztiak badituela frogatzeko. Herritarrei ez diete informaziorik gardentasunez eman, eta gezurretan aritu dira», salatu du Maiozek.

Hori dela eta, bi erabaki hartu ditu Gipuzkoako EH Bilduk. Batetik, GHKn ekinbide administratibo bat abiaraziko du hondakinen kudeaketaz arduratzen diren Gipuzkoako mankomunitateei erraustegiaren inguruko informazioa helarazteko.

Bestetik, erraustegiaren legezkotasunaren inguruko idatzizko galderak erregistratuko ditu erakundeetan. Hala, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Zubietako erraustegiaren legezkotasunaren inguruko txosten juridikoa eskatzeko ebazpena aurkeztu du EH Bilduk Elkarrekin Gipuzkoa taldearekin batera.

Maiozek azaldu duenez, Gasteizko Parlamentuan ere hainbat galdera helarazi dizkiote EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU taldeek Ekonomia Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen sailburuari erraustegiaren jarduerarako beharrezko baimenez, egin beharreko ikuskepenez, hartu beharreko segurtasun neurriez, arau hausteengatik irekitako espedienteez eta azpiegitura teknikoaren homologatzeari buruz, besteak beste. Gainera espainiar Kongresuan bide beretik joko dutela iragarri du EH Bildu Gipuzkoako koordinatzaileak.

«Kontrol publikoa areagotu behar da»

Maiozek erraustegiaren kudeaketa pribatuaren gaineko kontrol publikoa areagotu egin behar dela adierazi du. «Azken hilabeteotan ikusitako irregulartasunek erakusten dute dagokion erantzukizun politikoari izkin egin eta interes pribatuen mesedetan diharduela EAJ-PSEren gobernuak. Guk, erakundez erakunde, ardura politikoa eta herritarrei zor zaien gardentasuna eskatzeko baliatuko dugu gure ordezkaritza politikoa» aldarrikatu du.