INFO

EH Bildu: «Estrasburgok berriro deskalifikatu egin du Espainiako justizia»

Koalizio subiranistak Iñigo Gonzalez Etayoren kasuaren balorazioa egin du eta adierazi du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak berriro ere deskalifikatu egiten duela espainiar justizia torturak ikertzeko orduan. Torturaren biktimak aitortzeko eta erreparatzeko eskatu du Geroa Baik.

EH Bilduren esanetan, «tortura metodo eraginkorra izan da Estatuarentzat». (NAIZ)

EH Bilduk uste du astearte honetan Iñigo Gonzalez Etayoren salaketaren aurrean kaleratutako epaiarekin Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak «Espainiako justizia deskalifikatzen duela» torturak ikertzeko orduan.

«Kasu batzuetan zigor eredugarriak bilatzeko bere esku dagoen guztia egingo duen bitartean, Espainiako Estatuko funtzionarioek egindako urraketen kasuan beste alde batera begiratzen du eta, kasu honetan agerian geratzen denez, zigorgabetasuna eskaintzen du eta torturatzaileak estaltzen ditu», azpimarratu du koalizio subiranistak ohar batean.

Horrela, EH Bilduk elkartasuna helarazi nahi izan die biktimei, «nazioartera jo behar baitute Espainiako Estatuak sistematikoki ukatzen dien ordaina lortzeko».

Gainera, torturaren biktimen kolektibo osoari egia eta justizia aitortzen jarraitu behar zaiola nabarmendu du, eta anbizio handiagoa izan behar dutela «errekonozimenduaren eta erreparazioaren lege-esparruan».

Koalizioaren esanetan, azpimarratu behar da «tortura metodo eraginkorra izan dela Estatuarentzat».

Horren harira, EH Bilduk nabarmendu du torturapean abiatutako deklarazioak direla «Espainiako errepresio eta espetxe sistema osoaren oinarria, ekintzaile politikoen mendeku eta zigorrera bideratutako sistema, hain justu». «Espainiako kartzelak adibidez beteta daude», gaineratu du.

Aitortza, erreparazioa eta berriro ez gertatzeko mekanismoak

Beste ohar baten bitartez, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aintzat hartzeko eskatu dio Geroa Baik Estatuari, «bati eta polizia dependentzietan tratu txar eta tortura jarduerak ekidingo dituzten protokoloak bermatzeko neurriak har ditzan ere». «Tratu txar kasu guztiak iker daitezen eta opakotasun gunerik egon ez dadin» ere galdegin du koalizioak.

Geroa Bairen esanetan, «urtetan zehar isilarazten saiatu den errealitate bat agerian uzten du eta Estatuko erakundeak Estatu demokratiko bati egotea dagokion mailan ez direla egon frogatzen da behin berriro ere». Horregatik, torturaren biktimak aitortzea eta erreparatzea eskatu du, «berriro ez errepikatzeko mekanismoak ezarriz».

«Epai honekin, gainera, existitu diren giza eskubideen urraketa guztientzako egiaren argipena, justizia eta erreparazioa bultzatzeko Geroa Bairen konpromisoa berresten da, kasu honetan, tortura eta tratu txarrei dagokienez», nabarmendu dute.