INFO

Lointek Gernika Bizkaia, bikain Eurocupean La Roche Vendee menpean hartuta (82-67)

Lehenengo laurdenean 29-16 aurreratu ostean, bizkaitarrek nahi bezala eraman dute partida. Angela Bjorklundek 22 puntu saskiratu ditu eta Milica Ivanovicek, berriz, 16. Carolo Basketen aurka F multzoko lidertzagatik borrokatuko du talde gernikarrak ostegunean 18.00etatik aurrera.

Angela Bjorklund geraezina izan da La Roche Vendeeko defentsarentzat. (FIBA BASKETBALL)

LOINTEK GERNIKA BIZKAIA 82 - LA ROCHE VENDEE 67

Bikain ekin dio Emakumeen Eurocupeko F multzoko faseari Lointek Gernika Bizkaiak. Valentziako «burbuilan» murgilduta, hasieratik amaierara agintari izan dira bizkaitarrak. Angela Bjorklund izan da saskiratzaile nagusiena 22 punturekin, Milica Ivanovicek 16 egin dituen bitartean. Dena dela, parte hartu duten hamar jokalariek maila oso ona eman dute eta hala, La Roche Vendee talde frantsesari uste baino errazago –lana latz eginda, hori bai– irabazi diote.

Gernikarren aurreneko unetik hartu dute ekimena, batez ere kanpoko jaurtiketei esker. Bjorklund eta Ivanovic oso eraginkor hasi dira eta defentsan errebotearen jabe izan dira. Eguerdian Carolo Basketek egurra eman dio Ciudad de La Lagunari, 59-77, eta ondorioz, F multzoko buruzagitza bere alde izateko helburua buruan sartuta kantxaratu dira Mario Lopezenak. Aurrean, Tiffany Clarke estatubatuarraren puntuak baizik ez ditu izan talde euskaldunak.

Hasieratik agintari

Intentsitate handiz ekin badiote hasierako bostekoan aritu direnek, zer esan errotazioko jokalariei buruz. Aspaldion minutu askorik ez duen Naiara Diez kapitainak oin bat kantxan ipintzeaz bat bi hiruko jaurtiketa saskiratu ditu, aurren Bjorklundek egindako lana jarraituz, eta Roso Buch errekuperatu berriaren defentsari esker, gernikarrek aurreneko laurdena amaitzerako ia bideratuta laga dute Emakumeen Eurocupeko aurreneko partida hau: 29-16.

Itziar Ariztimuñoren abiadurari esker, gernikarren abantaila 17 punturaino zabaldu da, 33-16. Alabaina, Heriaud eta Luceten puntuek eta bizkaitarrek alperrik galduriko eraso pare baten ondoren, 0-7ko partziala erdietsi du La Roche Vendeek. Ondorioz, Mario Lopezek hutsartea eskatu du, bere taldeak zalantzarik egin ez dezan bere planean.

Lointek Gernika Bizkaiaren erantzuna berehalakoa izan da: 9-3ko partziala, alegia. Aurreneko laurdenean ez bezala, talde frantsesak kontzentrazio handiagoa erakutsi badu ere, talde bizkaitarrak ez dio hurbiltzen utzi. Ivanovicen eskumutur fina ez ezik, Nogaye Lok ezustean hiruko bat lortu du eta Paula Ginzo pibot kantabriarrak ere urrutitik eskumutur fina erakutsi du, gernikarren abantaila 15 punturen inguruan mantentzeko bigarren laurdenaren erdialdean.

Atsedenaldira iristeko unean, La Roche Vendeek erreakzio ahalegin handia egin du. Heriaud jokoan sartu da, nola jaurtiketetan hala asistentziak banatzeko orduan, eta Gernika Bizkaiari gero eta gehiago kosta zaio saskiratze erritmo horri eustea, batez ere talde frantsesak «triangelua gehi bi» deritzon defentsa mixtoa martxan jarri duenez geroztik –alegia, bi jokalari buruz buruko zaintzan eta beste hirurak zonakako defentsan–. Hala, 3-10eko partziala lortu dute frantsesek atsedenaldira 47-38 iristeko. Sentsazioak hain onak izan ez badira ere, emaitzak paregabea izaten jarraitu du aldageletara bidean.

Berriro ihesean

Joan etorriko hirugarren laurden hasiera egin dute talde biek. La Roche Vendee Bjorklund geldiarazten saiatu da buruz buruko defentsa eginez, baina gernikarrek aurkitu dituzte bestelako saskiratzaileak ere; Paula Ginzo dela, Laura Cornelius dela... Azken honen bi hiruko eta Roso Buchen jaurtiketa libreren ostean, 62-44 ihes egin du talde bizkaitarrak, eta frantsesek partida eten behar izan dute, neurketa galduta izango ez badute.

Egia da, bestalde, aurreneko minutuetan oso eraginkor izan badira ere, frantsesek erasoan arazo handiak izan dituztela Nogaye Lo gainditzeko, Mallorcako pibotak bere beso luzeak eta oin arinak bikain erabili ditu aurkarien erasoaldiei behar bezala traba egiteko. Hala, hogei puntuko langa ere gainditu du bizkiatarren abantailak, bahiz eta partida 70-52 iritsi den azken laurdenera.

Nadia Colhadok ostu duen baloi batekin eta segidan Angela Bjorklundek sarturiko hiruko batekin hasi da laugarren laurdena. Hurrengo minutuetan La Roche Vendeek defentsa asko gogortu du eta epaileek ez dute falta askorik adierazteko imintziorik egin. Dena den, gernikarren defentsak ez dio aukerarik eskaini talde frantsesari.

Hala ere, partida irabazita ikusita, 0-6ko partzial bat jaso dute Mario Lopezenek, eta honek hutsartea eskatu behar izan du neurketako azken bi minutuetan ahalik eta alderik handienaz irabazteko. Angela Bjorklund izan da Lointek Gernika Bizkaiaren azken hiru puntuak sartu dituena, bizkaitarren partida bikainari behar bezalako errematea jarri eta hurrengo egunetako partidei baikor begiratzeko. Gauzak ondo, ostegunean erabakiko da F multzoko aurreneko postua, 18.00etatik aurrera gernikarrek Carolo Basketen aurka jokatu behar duten neurketan.

Mario Lopez: «Ezin dugu gehiago eskatu»

Ezin kabituta azaldu da Mario Lopez gernikarren entrenatzailea bere jokalarien lanarekin. «Ezin dugu gehiago eskatu. Bikain ekin diogu neurketari, portzentaia oso onekin. Hasiera on horri esker oso erraz mugitu dugu baloia. Errebotea zaintzea kosta zaigu, baina osterantzean lan bikaina egin dugu».

Hirugarren laurdenari buruz, berriz, «Bjorklunden gainean defentsa mixtoa egin duten arren, taldeak bere arazoak konpontzea lortu dugu. Agian azkenera, 21 puntu aurretik jarri garenean, arinegi lasaitu gara, baina bestela oso pozik nago taldearen lanarekin eta oso harro 28 asistentzia banatu ditugulako», adierazi du.

Naiara Diez: «Garaipen hau ondo dago, baina hirurak irabaztera etorri gara»

Pozarren egoteaz gain, anbizioz gainezka azaldu da Naiara Diez, bizkaitarren kapitaina. «Garrantzitsua da garaipena lortzea. Lau egunetan hiru partida jokatzen direnean garrantzia handia dauka lehenengo garaipena lehenengo egunean lortzeak. Horrek, noski, bigarren partida beste modu batean ikustera zaramatza».

«Hori bai, gu hiru partidak irabaztera etorri gara. Lehenengo, noski, ostegunekoa, azkenengoari begiratu gabe», gaineratu du Altsasuko jokalariaka.

PARTIDAREN FITXA

Gernika Bizkaia: Laura Cornelius (6), Angela Bjorklund (22), Milica Ivanovic (16), Paula Ginzo (6) eta Nogaye Lo (9) –hasierako bostekoa–, Belen Arrojo (6), Nadia Colhado (2), Roso Buch (7), Naiara Diez (6), eta Itziar Ariztimuño (2).

La Roche Vendee: Clarke (15), Monpierre (3), Higgins (8), Heriaud (9) eta Lucet (6) –hasierako bostekoa–, Bankole (8), Amant (11), Pedroso (3), Samson (2) eta Preneau (2).

Partzialak: 29-16, 18-22, 23-14, 12-15.