EAEko udalerri konfinatuen zerrenda 51ra iritsi da, Bilbo barne
5.000 biztanletik gorako 23 herri –horien artean, Bilbo– eta hortik beherako 28 udalerri arrisku handieneko eremuan –gorrian– daude eta sarrera-irteerak itxi egin beharko dituzte.
EAEko 51 udalerri egoera gorrian daude, Osasun Sailaren azken datu buletinaren arabera. Horien artean, Bilbo nabarmentzen da, ostiraletik aurrera itxi egingo dute eta tabernak eta jatetxeak ere itxita egongo dira. Guztira, 5.000 biztanletik gorako 23 udalerrik eta 5.000 biztanletik beherako 28 daude egoera horretan.
Horrela, covid-19ak eragindako kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500ekoa edo handiagoa duten 5.000 biztanletik gorako udalerrien zerrenda eguneratu du Lakuak.
Honako hauek dira udalerriak: Bilbo, Abanto Zierbena, Agurain, Zornotza, Andoain, Azpeitia, Balmaseda, Beasain, Bermeo, Durango, Elorrio, Gernika-Lumo, Gueñes, Lekeitio, Markina-Xemein, Muskiz, Orio, Pasaia, Tolosa, Trapagaran, Villabona-Amasa, Zumaia eta Zumarraga.
Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gora duten 5.000 biztanletik beherako herrien kasuetan, Lakuak tokian tokiko egoera aztertu ondoren horiek itxi ala ez erabakiko zuela azaldu zuen.
Ostegun honetan zabaldu duen ebazpenean, Osasun Departamentuak honako udalerri hauek hauek itxiko direla iragarri du: Aizarnazabal, Ajangiz, Arratzua-Ubarrundia, Artzentales, Asparrena, Forua, Gizaburuaga, Ibarra, Iruña Oka, Irura, Iurreta, Bastida, Laguardia, Lantziego, Lantaron, Leaburu, Legutio, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Otxandio, Donemiliaga, Sondika, Eskuernaga, Zamudio, Zestoa eta Ziortza-Bolibar.
Herri horietan, beraz, debekatuta egonen da haietatik irtetea, baita alboko herrietara joateko ere. Udalerritik atera ahalko da, soilik ezinbesteko jarduerak egiteko bada, hau da, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko.