INFO

Euskal sortzaile ezberdinek bultzada eman diote Zaldibar Argituren auziari

Euskal Herriko musikari, bertsolari, dantzari eta sortzaile ezberdinek Zaldibar Argitu plataformak Eibarren antolatutako ‘Lagundu Argitzen’ elkartasun ekitaldian izan dira gaur. Ezbeharra gogoratzea eta epaiketan herri akusazioaren kostuei aurre egiteko dirua biltzea izan du helburu.

Zaldibar Argitu plataformak Eibarren antolatutako ‘Lagundu Argitzen’ ekitaldia. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Zaldibar Argitu plataformak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartaren laguntzarekin, elkartasun ekitaldia antolatu du larunbat honetan Eibarko Armeria Eskolan, ‘Lagundu argitzen’ izenburupean, Verter Recycling-eko zabortegia erori eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze hil zirenetik urtebete beteko denean –otsailaren 6an izan zen lur-jausia–, gertatutakoa oroitzeko.

Euskal Herriko musikari, bertsolari, dantzari eta sortzaile ezberdinek parte hartu dute, eta ekitaldiko sarrerekin lortutako dirua erantzukizunak argitzeko epaiketan herri akusazioaren kostuei aurre egiteko bideratuko dute. 300 pertsona inguru egon dira bertan.

12.30ean hasi da saioa. Zaldibar Argitu plataformaren kideek zabortegia behera etortzeak suposatu zuena gogora ekarri dute: «Desastre izugarria izan zen. Desastre sozial eta humanoa bi langile etxera itzuli ez zirelako: desastre ekologikoa amiantoz nahasturiko zaborrezko mendi bat erori zelako gure lur, ur eta airea kutsatuz; eta desastre politikoa, kontrol falta, laguntxoen arteko negozioak, aurpegi zuritzeak, patrika pribatuak elikatzeko joera, errespetu faltak, iluntasuna, isiltasun konplizeak agerikoak izan zirelako».

Nerea Ariznabarretak aurkezpen lana egin ondoren, Miren Muriza eta Maialen Lujanbio bertsolariei pasatu die mikrofonoa. «Gainbehera doa sistema osoa, ez da izango ihesik. Gainbehera joango zaigu bizitza oinarria irauli ezik», esan dute bertsotan.

Olatz Salvador izan da eszenatokira igo den hurrengoa. Gitarrarekin lau kanta abestu ditu eta publikoak lagundu egin dio ‘Nora’ abestian. «Behin eta berriz errepikatu dezakegula eta altuagoa esan dezakegula, baina argiagoa ez, Zaldibar argitu behingoz!», adierazi du.

Oholtzara igo den hurrengoa Petti izan da. Bigarren abestian Zaloa Urain lagundu dio gitarraren akordeei ahotz doinua jartzen. «Mila esker gaurko ekitaldia antolatzeagatik. Tamalez, ezinbestekoak dira halako ekimenak», esan du Berako abeslari eta gitarrajoleak.

Gero dantzarien txanda iritsi da. Mattin Etxebeste, Antton Fernandez, Aritz Salamanca, Udane Eskudero eta Aiora Etxebeste dantzariek eszenatokiaren aurrean jarri dira eta bere mugimenduekin publikoaren arreta bereganatu dute. Dantza bukatzeko zakar poltsa bat apurtu dute.

Bitartean, Jone Bengoa (Sastraka) margolariak ekitaldiaren lehengo minututik hasi duen murala margotzen jarraitzen zuen eszenatokiaren alde batean. Ekitaldi bukaeran murala igo dute eszenatokira. Gorka Belasko publiko artean egon da kronika grafiko bat egiten. 

Liher taldeko musikak eman dio jarraipena ekitaldiari. Hiru kanta abestu ditu talde donostiarrak, abestu duten azken kantarekin, ‘Sismografoa eta lurrikara’, jendearen txalo-zaparrada irabaziz.

Gorka Urbizu Berri Txarrakeko abeslaria eta gitarra-jotzailea igo da gero oholtzara. ‘Zertarako amestu’ eta ‘Irauntzi dana’ kanten ondoren, ‘Min hau’ abestiarekin agurtu du bere zatia.

Miren Narbaiza, Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Zaloa Urain musikariek jarraitu duten ekitaldia alaitzen. Besteak beste Paquita la del Barrioren ‘Rata de dos patas’ eta Zaldibar Argitu aldarrikapenaren abestia bihurtu den ‘Zaborrezko munstroa’ abestu dituzte.

Ondoren, Nerea Ibarzabalek eta Eneko Sagardoyk testu bat irakurri dute Maite Arroitajauregiren musikaren laguntzaz gertatutakoa gogoratzeko. «Zein gainazaletan balio du bizitzak, zenbat ur beltz filtratu dezake herriak eta zergatik ez da oraindik aski ziurra langilearen hankapeko lurra», esan dute.

Erantzun kolektiboaren garrantzia

Bukatzeko Zaldibar Argituko kideak eszenatokira igo dira hainbat aldarrikapenekin, eta Jokin Bergara esan ditu azken hitzak: «Zabortegiaren hondamendiak denok azaldatu gintuen, nola izan zitekeen posible zabor artean itotzea euskal oasian? Nola izan zitekeen posible zabortegian gezur formako zabor gehiago izurtzea?», galdetu du.

Zaldibar Argitu plataformaren sorreraren zergatiak azaldu ditu ere: «Diru goseak, agintekeriak eta botere gehiegikeriak agintzen duen mundu honetan gizatasun uharte moduan jaio zen Zaldibar Argitu. Senideen babesa eskaini, herritarren haserrea antolatu eta geure bizitzak balioan jartzeko. Kaleak herri indarrez piztu eta zaborrezko munstroak eragindako arrangurari erantzun kolektiboa emateko».

Horri lotuta, Zaldibar Argitu hondamendi bati emandako erantzun antolatua dela adierazi du, baina era berean, nabarmendu du «hondamendi hori posible egin dituzten kausak borrokatu behar direla lehenbizi horrelakorik gertatu ez dadin».

«Diru gosea eta klientelismo narratsa tonaka izuri dira Zaldibarren, denok dakizkigu erantzuleen izen-abizenak, soilik gizarte zibil antolatutik eraiki dezakegu erresistentzia gune bat, elkartasunetik muga bat ipintzeko zabor azpira kondenatzen gaituztenei» bukatu du esaten Bergarak.

Epaiketak ekarriko dituen gastuei aurre egiteko crowdfunding kanpaina jarri du gaur martxan Zaldibar Argituk.