Aldegiteko epea agortuta, mertzenarioek Libian jarraitzen dute
Larunbatean gaueko 12etarako kanpoan behar zuten Libian dauden mertzenario eta soldadu arrotz guztiak, herrialde afrikarraren gerrari amaiera emateko bertako alde nagusien arteko akordioaren arabera. Su-etena eta bake-negoziazioak arriskuan daude.
Gadafi kargutik bota eta hil zuen 2011ko matxinadaren osteko kaos politikoari esker, Libian bi gobernu daude 2016tik, Nazio Batuen babesa duen Tripoliko Batasun Nazionalaren Gobernua (BNG), eta ekialdeko Tobruken dagoena, Jalifa Haftar mariskalarena.
Lehenak Turkiaren babesa du, bigarrenak Emirerriena, Egiptorena eta Errusiarena.
Tripoli setiatzeari eta erasotzeari ekin zionean, 2019ko apirilaren 4an –Antonio Guterres NBEaren ordezkari nagusia Libiako hiriburura iristekoa zen egun berean–, 3.000 mertzenario errusiarren laguntza zuen Haftarrek. Vladimir Putinen oso gertukoa den Yevgeny Prighozin-en Wagner Group segurtasun konpainiakoak.
Ez ziren bakarrak. Tchadetik joandako fortunazko soldadu ohiez gain, Darfurren izugarrizko sarraskiak egin zituzten «janjaweed» milizia arabiarraren milaka Sudango gerlari ere kontratatu zituen mariskalak. Emirerriek eta Egiptok bidali zizkioten armekin gerra samur irabaziko zuela uste zuen.
2020.eko urtarrilean 2.500 mertzenario siriar iritsi ziren Turkiako hegazkinetan. Bashar al-Assad Siriako presidentearen aurkako oposizio armatutik, batez ere talde salafistetatik, iristen ziren lehenak ziren, baina ez azkenak.
Beraiekin, eta ondorengo mertzenario-taldeekin iritsi ziren Turkiak bidalitako milaka arma, dronak, instruktoreak eta aholkulari militarrak.
Haftarrek eta bere tropek atzera egin behar izan zuten, Tripolitik ekialderuntz 400 kilometrotara dagoen Sirteraino, Gadafiren jaioterri eta bere jarraitzaileen, eta epe baten ISISaren, gotorlekura.
Pasa den urriaren 23an su-eten bat sinatu zuten Genevan bi aldeek, hobe esanda bi aldeen arma gizonak ordezkatzen dituen 5+5 Batzorde Militarrak, NBEak bultzatzen duen bake-elkarrizketen baitan.
Akordioaren arabera, hiru hilabetetako epea jarri zuten alde bakoitzak mertzenarioak herrialdetik bidaltzeko. Epea atzo agortu zen.
Genevako akordioa posible egin zuen NBEko ordezkaria zen Stephanie Williamsek salatu duenez, 20.000 mertzenario eta kanpoko soldadu jarraitzen dute Libian 10 bat basetan.
Gehienak Sirten daude, egungo gerra frontearen erdi erdian, baina Haftarren aldekoak Al-Joufran ere badaude, Tripolitik 500 kilometrotara hegoaldean, eta Tripoliko BNGak ere mertzenarioentzat beste base handi bat dauka Al-Watiyan, Tunisiako mugatik gertu.
CNN kate estatubatuarrak ustez mertzenario errusiarrek Sirten inguruan zabaltzen ari diren lubaki handi baten satelitezko irudiak eman ditu. BNGko agintari militar batek ziurtatu duenez, Siriako Gobernuaren aldeko miliziak ere bertan lanean daude Libia bi zatitan banatuko duen zuloa eraikitzen.
Europako zerbitzu sekretuen arabera, Siriako oposizioko milaka mertzenario daude Turkiako militarren aginduetara Al Watiyan eta Misratako hiri-estatuko itsas-basean.
Joan den abenduaren 22an, Turkiako Parlamentuak 18 hilabetez luzatu zuen bere militarrak Libian jarraitzeko baimena.
Stephanie Williamsek gogoratu duenez, mertzenarioak erretiratzeko erabakia bertako militarrek hartu zuten aho batez ; beraz, «bidali zituzten gobernuek edo herrialdeek ez badiete kasurik egiten Libiako subirotasunaren aurka ari dira». Euren artean negoziatzen ari diren Turkia eta Errusia ditu buruan batez ere.
«Libiarrek ez dute erabakitzeko aukerarik. Mertzenarioek ez dute aldegingo auzian buru belarri sartuta dauden kanpoko potentziek trantsizio fase berrian beren interesak bermatuta ikusten ez dituzten arte», dio Jaled al-Montasserrek, Tripoliko unibertsitatean Nazioarteko Harremanak irakasleak.
Baina «bertan jarraitzeak liskar berrien arriskua dakar, egungo su-etena oso ahula delako», ohartarazten du.
Joan den aste hasieran, Guterresek mertzenarioak Libiatik aldentzearen garrantzia nabarmendu zuen Segurtasun Kontseiluaren aurrean eta behaketa talde bat eratzearen beharra azpimarratu zuen.
NBEak negoziazioak bultzatu nahi ditu, eta ibilbide-orri bat lortu, urte bukaerarako Libian hauteskunde berriak egin ahal izateko. Horretarako ezinbestekoa da su-etenari eustea eta, ondorioz, mertzenarioek aldegitea.
Giza Eskubideen Siriako Behatokia oposizioko erakundeak ziurtatu duenez, momentuz alde egin duten bakarrak 500 mertzenario siriar dira, baina ez dizkietelako agindutako soldatak ordaindu.
Efe agentziak egin zuen ikerketa baten arabera, hilero 1.500 eurotako soldata agindu zieten, Sirian urte osoan borrokatzeagatik irabazten dutena.
Ikerketa horrekin jarraituz, mertzenario errusiarrek 4.000 euro irabazten dute hilero. Zauri larriengatik 15.000 euro ordaintzen zaizkie, 40.000 hilez gero.
«Mertzenarioek balio ekonomikoa eta militarra dute. Merkeagoak izateaz gain, koste politiko gutxiagoa du hauek erabiltzea, tropa errregularrak bidaltzearekin alderatuta. Gainera, gehiegikeriak egiten badituzte gobernuek ez dute erantzukizunik hartzen. Turkiak eta Errusiak ez dute inolako interesik erretiratzeko», amaitzen du Libian dagoen Europako militar agintari batek.