Binakako txapelketak Zabaletak ezarritako erritmoan darrai (14-22)
Beste egunetako distirarik izan ez badu ere, Etxarrendarrak hautsi du beste behin partida eta Elezkanok eta berak laugarren garaipena eskuratu dute beste hainbeste partidetan.
Gernikakoa ez da izan Azpeitia, Zalla edo Irunen emandako erakustaldien modukoa, gaurkoak Sanatanapeko lurrek bezala, distira apur bat galdu du, baina Binakako txapelketak Jose Javier Zabaletak ezarritako erritmoan darrai. Bi eskuak fresko eta kantxaren sekulako kontrola erakutsiz, aurkarien aukerak etxarrendarrak nahi izan duenera arte iraun dute, berak kantxan agindu duenean Bengoetxea eta Aranguren ezinean aritu dira eta Baikokoek partida txukuna egin duten arren, ezer gutxi egin ahal izan dute nafarraren gaiaren aurka eta sailkapenean handitu egin dira bi bikoteen arteko aldeak, Aspekoak liderrak dira, jokatutako lau partidak irabazita eta nafarra eta gipuzkoarrak zuloan jarraitzen dute, partidarik irabazi gabe.
Berez ere berea joko oldarkorra bada ere, gaurko partidak berez baino arrisku gehiago hartzera behartzen zuen Oinatz Bengoetxea eta lehen pilotakadatik argi geratu da zein zen leitzarraren intentzioa, sakea luzeegi eginda, pilotakadarik jo gabe igo baita urdinen lehen tantoa markagailura.
Beste martxa bat
Hala ere, ekimena gehienean Aspekoena izan bada ere, gorriek nahiko ondo eutsi diote urdinen lehen ihes egiteko ahaleginari. Zabaletak ez du beste egunetako nagusitasunik izan piloteoan eta Oinatzek aukera aprobetxatu du jokoa nahastu eta arerioei zuzen eta euren erritmoan jokatzen ez uzteko (8-8).
Hortik aurrera, ordea, markagailuak estuta edo, liderrek beste martxa bat ezarri diote partidari, Zabaleta pilotari astintzen hasi da eta ordura arte ezkutuan edo egon den Danel Elezkano ere eraginkorrago aritu da, eta Baikokoek ezin izan diote erritmo horri jarraitu. 11 tanto egin dituzte jarraian Zaratamokoak eta nafarrak partida erabat hautsiz (8-19). Amorerik emateko asmorik ez zuten Bengoetxea-Arangurenek eta sailkapenean ezer gutxirako balioko dien arren, azkenerako markagailua txukuntzea lortu dute.
Partidaren fitxa:
Bengoetxea VI.a-Aranguren: 14
Elezkano II-Zabaleta: 22
Pilotakadak: 407. Iraupena: 45 minutu. Markagailua: 0-3, 1-3, 1-4, 4-4, 4-8, 8-19, 13-19, 13-20, 14-20, 14-22. Sakeak: Falta 1 Bengoetxea VI.ak eta 2 Elezkano II.ak. Tantoak: 8 Bengoetxea VI.ak, 2 Arangurenek, 7 Elezkano II.ak eta 5 Zabaletak. Hutsak: 3 Bengoetxea VI.ak, 4 Arangurenek, 1 Elezkano II.ak eta 4 Zabaletak. Gorabeherak: Laugarren jardunaldia Gernikako Santanape pilotalekuan itxi da.