Zazpi hilabete itxita daramatzaten ostalariak haserre eta kezkatuta agertu dira Saran
‘Kasu, kasu ostalariak kexu!’ kolektiboak bere aurkezpena egin eta aldarrikapenak jakinarazi ditu astelehen honetan Saran egin duen prentsaurrekoan. Hautetsien eta erakundeen laguntza eskatu dute, eta heldu den egunetan ekintza gehiago eginen dituztela aitzinatu.
Ostalaritzako jabe eta langileak kezkatuta eta haserre agertu dira astelehen honetan Saran. Haien egoeraren berri ematen duen izena hautatu dute 100 bat kide elkartzen dituen kolektibokoa osatzeko:‘‘Kasu, kasu ostalariak kexu’. Egoera zail honetan hautetsien laguntza eskatu dute, eta pandemia abiatu zenetik zazpi hilabete itxita egon direla oroitarazi dute Ipar Euskal Herriko ostalariek.
Ipar Euskal Herri mailan antolatua den kolektiboko kideak bereziki bertako hautetsiek eskumena duten gaien inguruan mintzatu dira, batik bat lur zergari buruz. Horren inguruan Euskal Elkargotik jaso duten erantzun eza salatu dute.
Jean-Rene Etchegarayrekin abenduaren 22an bildu eta gero, urtarrilaren 13an bere zuzendari berriarekin izan zuten hitzorduak «agerian utzi zuen ez dutela gaia batere landu, eta guretzat errespetu eskasa bistakoa da». Hitz horiekin azaldu dute kolektiboaren izenean prentsaren aitzinean mintzatu diren Karine Orellana eta Jerome Etchebarnek.
Aldi berean zerga horren txikitzea ofizialki ahabidetzeko bidea egina dela eta beste eskualde batzuetan egiten dela azaldu dute. Maule-Lextarreko Euskalduna ostatuko Bettan Bordagaraik zera adierazi du: «Beste toki batzuetan egin bada, ez dugu ulertzen zergatik ez duten hemen egiten, karga horiek ez dira justuak».
Egin diren desmartxa positiboak ere nabarmendu nahi izan dituzte, horrela udan Hazparnen eta Ziburun Herriko Etxeek erdiguneetan ostalariei tokia utzi izana aipatu dute. Eta Ezpeletan eta Senperen terrazen kitantza ezeztatu dute Herriko Etxeek. Aldiz, Baionan egoera blokeatuta dagoela salatu dute, baita Maulen ere. Zuberoako hiriburuko Bordagaraik nabarmendu duenez, hetsirik izanik ere terrazaren espazioa hilabetero ordaindu behar du.
"Kasu, kazu ostalariak kexu" kolektiboa aurkezteko hamarnaka ostalari bildu dira gaur Saran. Haien kezka eta haserrea zabaltzearekin batera hautetsiei dei egin diete laguntza eske. Laster ekintza gehiago egingo dituztela aitzinatu dute@naiz_info pic.twitter.com/6nt6QVJKic
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) January 25, 2021
Etorkizunari begira
Pandemiarengatik lanbide «zigortuenetako» bat dela, eta etorkizunera begira ez dutela ateak berriz zabaltzeko «perspektiba izpirik» ere, hori dela eta elkartzea eta mugitzea «baitaezpadakoa» dutela nabarmendu dute.
Sei ostalarik osatutako talde gisara hasi zen kolektiboa azaroaren 19an, orain 100 bat ostatu, jatetxe, taberna eta hoteletako jabeak, baita janaria zerbitzatzen duten kiroldegi edo trinketetako nagusiak, sukaldari izardunak eta langileak biltzen ditu.
Kolektiboa oinarri hartuta, lurraldeko aktore ekonomiko eta soziala izateko nahia agertu dute, eta epe ertainera begira, «antolakunde baten mentura badugu, gure iritzia barne izan dadin ondoko urteetan. Adibide gisa Euskal Herriko Laborantza Ganbara dugu».
Ekintzak eginak eta egitekoak
Azaroaren 27an izan zen lehen ekintza, dozena bat ostalari elkartu ziren Baionako suprefekturaren aitzinean eta iraungita zeukaten garagardoa bota zuten bertan.
Abendu hastapenean haien jatetxe edota tabernen ateetan plastiko beltzak eman zituzten, haien egoera zaila salatzen zuen idatziekin. Geroztik hori kolektiboaren ikurra bilakatu da. Egun, Baiona, Senpere, Azkaine, Ezpeletan, Saran… ikus daitezke. Kolektiboko kideak hiru lurraldeetan badira, Maule eta Donibane Garazitik Biarritzeraino.
Abenduren 22an lur zergaren txikitzeko ekintza egin zuten Euskal Elkargoaren aitzinean. Eta heldu den egunetan beste ekintza batzuk izanen direla aitzinatu dute.
Informaziorik ez
Ipar Euskal Herri mailan eragin ahal izateko ekintza eta bilkura horietatik kanpo, duten eragiteko ezintasuna eta informazio eza kezka iturri handia dela nabarmendu dute Saran bildutako ostalariek. Baionako Aita-seme taberna eta tabako dendako jabea den Sebastien Agerrek argiki baieztatu du: «Ez dakigu noiz eta nola, ez dut arraposturik ez bankuarena eta asurantzarena ezta Estatuarena ere. Ez dugu atxikitzen ahal gehiago».
Mauleko Bettan Olagarai, Euskalduna jatetxeko jabea gaur Saran egin den "Kasu, kasu ostalariak kexu" kolektiboaren aurkezpenean izan da. Ostalarientzako laguntzen beharra aldarrikatu du, eta egoera moralki zaila izanik, kolektiboaren garrantzia nabarmendu du #COVID19 @naiz_info pic.twitter.com/Z7Zg0VsVq6
— Idoia Eraso (@idoia_eraso) January 25, 2021
Momentu zail horretan, «besteak ere egoera berean dira eta moral aldetik ez da erraza, horretarako inportantea da elkartzea, eta nonbre handian etorri gara» gaineratu du Bordagaraik.