Hartzaren aroko ihauteak Donibane suari begira
Hartzaro festibala osasun egoera dela eta ezeztatzera behartua izan da Herri Soinu elkartea, baina otsailerako programatuak ziren emanaldiak urtean zehar egin nahi ditu. Uztaritze aldean eta ihauterien inguruan egiten den jaialdiaren parte bat Donibane suaren biran egin ahal izatea espero dute.
Otsailean ospatu behar zen Hartzaro festibala bertan behera gelditu da, osasun egoera dela eta. Hala ere, antolatzaile den Uztaritzeko Herri Soinu elkarteak aurreikusia zuten programazioarekin ahal den heinean segitzea aurrikusten du. Horretarako, programatuta zeuden artistei zegokiena ordaindu diete, eta urtean zehar aurkeztu ahal izatea espero dute.
«Egoera honetan ere, kultura proposatzen segitu nahi dugu. Ipar Euskal Herrian eta Uztaritzeko kulturarentzat inportantea da Hartzaro jaialdian izan behar ziren ekimenak eman nahi ditugu», azaldu du Thomas Brillaxis Herri Soinu elkarteko langileak.
Zentzu horretan, zera gaineratu du: «Festibaletik ahal dena bezain beste atxikitzea nahi dugu, eta nahi genuke uztaileko festetan egin. Hartzaro ihauterien aroan da, udaberrira pasatzen den garai horretan, eta izpiritu hori atxikiz behar bada San Juan suarekin, ihauteriarekin lotura baitu, pertsonaia batzuk ere ateratzen ahalko ziren beharbada».
Kultura proposatzen jarraitu ahal izateko internetera joateko asmoa ere agertu dute, horrela sare sozialen laguntzaz edo youtuben bitartez emanaldiak eskaintzea aztertzen ari dira. Bide horretan lehen hitzordua, otsailaren 6an Latsan egin behar zen Mixel Labeguerieren bizitzari buruzko mintzaldia izanen da.
Otsailaren 5etik 16ra jaialdiko programan aurreikusiak ziren emanaldi guztietatik bederatzi atxiki dituzte, urtean zehar eskaintzeko, «horrela kultura bizi dadin ahalik eta gehien covid-19arekin ere», baieztatu du Herri Soinu elkarteko langileak.
Programatzaile izatetik produktore izatera
Jaialdia ahal den heinean atxikitzeaz gain, bigarren desafio bat ere badu Uztaritzeko elkarteak: «Baliatzen ari gara garai zail hauek non ezin den gauza handirik egin bestelako gauza berriak egiteko, gure funtzionamendua berritzeko. Sorkuntzaren eremuan sartu gara, horrela proiektu artistikoak lagundu ahal izateko, zailtasun handiagoak dituzten garai honetan».
Momentu honetan Jokin Irungaray Euskal Herriko instrumentu tradizionalei buruz prestatzen ari den lana ari dira laguntzen. Oraindik izenbururik ez duen lanak musika eta dantza elkartuko ditu, eta urte bukaerarako estreinatu ahal izatea espero dute. Gaiaren hautaketaren arrazoia horrela azaldu du elkarteko langileak: «Euskal tresna tradizionalak galtzen ari dira, helburua da berriz aktualitatean ematea, eta ikasleei enbeia ematea instrumentu horiek jotzeko».