INFO

Mugarik ez dutela nahi aldarrikatu dute Lizuniagan lapurtar eta bortzirietarrek

Nafarroa eta Lapurdi lotzen dituen Lizuniagako lepoan mugak behin betiko desagertzeko aldarrikatu dute gaur arratsaldean Hego Lapurdiko eta Bortzirietako herritarrek. Bestalde, gaur gauean Parisek kanpo muga guztiak itxiko ditu, Europako Batasuneko herrialdeetara joan-jinak debekatuz.

Lizuniagako lepoan mugarik ez dutela nahi aldarrikatu dute lapurtar eta nafarrek. (Iñigo URIZ/FOKU)

Joan zen larunbatean Baigorri eta Erratzu lotzen dituen Izpegiko lepoan ehundik gora lagun bildu ziren «mugarik ez» aldarrikapena lau haizetara zabaltzeko. Gaur arratsaldean Hego Lapurdi eta Bortzirietako herritarrek hartu diete lekukoa, Sara eta Bera lotzen dituen Lizuniagako lepoan.

Pasabide horren itxiera salatu eta muga behin betiko desagertu dadila aldarrikatu dute, eta bide batez militar nahiz polizia indarren presentzia gaitzesteko mezua ere zabaldu dute.

«Herri bat gara. Mugarik ez», «Indar okupatzaileak kanpora» eta «Herri bat gara. Independentzia» leloak zituzten pankartak zabaldu dituzte bertan bildu diren herritarrek eta Lapurdi eta Nafarroa banatzen dituen mugan dagoen trafiko seinalean «Euskal Herria» dioen afitxa itsatsi dute.

Ikurrinak, Nafarroako banderak eta independentzia aldarrikatzen zuten banderak zeramatzaten parte-hartzaileek.

Pasabide itxiak

Lizuniagako lepoa joan zen urtarrilaren 14az geroztik dago itxita, ipar eta hego Euskal Herria lotzen dituzten beste zazpi pasabide bezalaxe: Hendaia eta Hondarribia arteko txalupa zerbitzua eta Hendaiako merkantzientzako zubia, Lizarrietako lepoa, Sarako pasabidea Berrouet bentatik, Izpegi, Aldude eta Larraineko mendateak.

Aldiz, Hendaia eta Irun arteko Santiago zubia, Pausu eta Behobia arteko zubia, Biriatu, Ibardin, Dantxarinea eta Arnegi irekita daude.

Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako departamenduko prefetak aste honetan bertan baieztatu duenez pasabide horiek ez dira berehala irekiko. «Mehatxu terrorista», migrazioaren fenomenoa eta osasun krisia argudiatuta, itxiera gutxienez otsailaren bukaera arte mantenduko dela adierazi zuen, joan zen asteazkenean Baionan, Estatuaren ordezkariak. 

Muga zeharkatzeko PCR proba

Hori gutxi balitz, atzo Jean Castex lehen ministroak iragarri zuenez, gaur gauean Frantziak bere kanpo muga guztiak itxiko ditu.

Hala Europako Batasuneko herrialdeetatik etortzen diren herritarrek ezin izanen dute Hexagonoan sartu ezta frantziarrek Schengen eremuko herrialdeetara joan, oso arrazoi justifikaturik ez badute.

Bestalde, EBko beste estatuetatik heldutako herritarrek PCR proba beharko dute aurkeztu frantziar lurraldean sartzeko. Castexek azaldu zuenez mugaz gaindiko langileek ez dute desmartxa hori bete beharko.