INFO
Herreran euskal presoei elkartasuna adierazten, hesiaren bestaldetik. (Euskal Memoria Fondoa)

Herrera de la Mancha: izuen gordelekuaren amaiera


Ostiralean jakinarazi zuten Sergio Polo, Herrera de la Manchan gelditzen den azken euskal preso politikoa, bertatik aterako dutela. Lau hamarkadatan zehar espetxe politikaren krudelkeriaren adierazle izan da Herrera, bai eta elkartasun ikur ere. Gazigozo horietako batzuk bildu ditugu.

Irlandako Long Kesh-en ereduari segituz eraiki zuten Herrera de la Manchako kartzela duela lau hamarkada. Eta geroztik hona, etenik gabe, euskal preso politikoak hartu ditu bere hormatzarren artean. Jon Mirena San Pedro eta Sergio Polo izan dira azkenak. Azken hau lekualdatuko dutenean (ostiralean Zaballara ekarriko dutela iragarri zuten), lehenbizikoz ez da bertan euskaldunik izango, nahiz Herrerak oraindik euskal jendartearen gogoan luze iraungo duen.

Amesgaizto honen abiapuntua aurkitzeko 1977. urtera jo beharra dago. Amnistiaren Legea delakoaren ondoren, urte horretako abenduan bertan hasi ziren berriro espetxeak ETAko militantez betetzen, eta urtebete igarotzerako ehundik gora ziren, Hego Euskal Herriko lau espetxeetan eta Carabanchel eta Burgosen sakabanatuta. 1978ko abenduan Soriako espetxera eraman zituzten euskal preso politiko ia guztiak, 105 zehazki. Sasoi hartan Carlos Garcia Valdes zen Espetxe Erakundeetako zuzendari nagusia, eta segurtasun arrazoiak ematen zituen kartzela hartara lekualdatzeko. Espetxe horretako egonaldia urte askoan luzatu ez bazen ere, bertan egon ziren euskal preso politikoek zuzenean jasan zuten Poliziaren Erreserba Konpainiarekin ezarri nahi izan zuten erregimen militarizatua.

1981eko uztailean Puerto de Santa Mariara eraman zituzten 119 euskal preso politiko, Carabanchelen zeudenak gehienak, eta 1982ko martxoan beste 34. 1982ko udan Alcalara eraman zituzten Sorian zeuden 153 kide. «Soria Euskal Herritik hurbilegi dago», zioen Enrique Galaxis orduko Espetxe arloko zuzendari nagusiak. 1983ko maiatzean mutina egin zuten Carabanchelen zeuden euskal presoek, eta haietako 22 eraman zituzten Puertora.

Garai hartan euskal presoentzat diseinatutako espetxeen artean zegoen Herrera de la Mancha ere. 1979an inauguratu zuten kartzela «berria» –hau dagoen lekutik bi-hiru kilometrora zegoen lehenengo espetxe zaharra–, eta 1980ko udan eraman zituzten bertara lehen euskal preso politikoak. Hiru urte geroago hustu egin zuten, hala ere, eta 1983ko udazkenean Puerto de Santa Mariako kartzelatik euskal preso politiko guztiak atera eta Herrera de la Manchara eraman zituzten gehienak. Alcalatik ere eraman zituzten  beste batzuk. Herrerako 260 ziegak bete arte. Gainerako euskal presoak, 400dik gora, Alcalan, emakumezkoen Carabanchelen eta Langraizen bananduta geratu ziren.

1983rako historia latza zuen Herrerak tratu txar, jipoi eta erregimen gizagabeari zegokionez. Hainbat kartzelari auzipetu eta epaitu ere egin zituzten tratu txar haiengatik. Eduardo Parra Iñesta Historia doktorearen ikerketan oinarritutako erreportaje honetan jasotzen da auzi hori: hamabi funtzionario auzipetu zituzten eta bederatziri kondena ezarri, baina arina. Urte horretako udazkenerako atera zituzten handik ordura artean zeuden presoak, mantentze lanetan aritzen ziren preso sozial batzuk izan ezik, eta azaroa eta abendua bitartean euskal presoekin bete zuten Manchako bakarmortuko gotorlekua.

Erregimen militar hura iraultzeko borroka egitea erabaki zuten euskal presoek 1984an

Egitura panoptikoa... eta Guardia Zibila

Ordurako euskal preso politikoentzat espresuki prestatutako espetxea zen Herrera. Egitura panoptikodun kartzela da, kupula erdian, eta bertatik banatzen diren lau modulu, gehi isolamendu modulua. Erdigune horretatik dena kontrolatu eta zaintzen den egitura da panoptikoa (irudian, Euskal Memoria Fondoa)

Zaintza eta kontrol hori zehazteko kamera eta teknologia bereziak zeuden, bazter guztietan mikroak -modulu bateko mahaian eserita zeundela, gerta zitekeen beste moduluko mahaian eserita zeuden kideen elkarrizketa entzutea irrati txikian-... Eta, jazarpenean aski nabarmendu ziren kartzelariez gain, Guardia Zibila zegoen espetxeko zentroan, baita isolamendu moduluan ere; edozein momentutan sar zitekeen, eta sartzen zen, modulura. Erregimen zurruna zen Herrerakoa, ia militarra eta zigortzailea, gogorra.

Panorama hura iraultzeko borroka egitea erabaki zuten euskal presoek, eta 1984ko otsailean ekin zioten: ez ziren kontaketarako jaikiko goizean, ez ziren ziegatik aterako, ez zuten bisitarik egingo, ez zuten eskutitzik idatziko, kideek leihotik leihora hitz egingo zuten... Betebeharrak ez betetzea zen, baina eskubideei (bisitak, gutunak...) uko egitea ere bai, kartzelariei balizko eta zinezko xantaia ahalmena kentzeko.  

Puerto de Santa Mariatik eta Alcalatik iristean Herreran egin zieten harrera gogoratu izan dute hura bizi izan zuten euskal preso batzuek. Guardia Zibilaren furgoian iritsita, kartzelariek «korridorea» eginez hartu zituzten presoak. Jantzi guztiak erantzarazi, eta buzo urdinak eman zizkieten, eta udako zapatilak galtzerdirik gabe, neguaren erdian... Egunerokoan, atsedenik gabe setiatzen zituztela kontatzen dute hasierako Herrera hura ezagutu zutenek, sosegurako tarterik utzi gabe jazartzen zituztela, txaboloan bezala galerian, patioan edo jangelan.

 

Antxon Garcia del Molinok ekarri du gogora: ‘Ohetik euren aginduz ez jaikitzearekin euren eskema guztiak apurtu genituen

Honela kontatzen zuen Antxon Garcia del Molinok garai hartakoa: «Goizeko errekuentorako leiho ondoan zutik egon behar zenuen... Goiz hartan ordea, ohean aurkitu ninduten, jaikitzeko asmorik gabe. Jaiki eta leihoaren ondoan jar nendila agindu zidan; nik ezetz, buruarekin egin nion ezetz. Ustekabe handia izango zen hura kartzeleroarentzat. Txalo jo eta hau, txalo jo eta hura, horrela ohituta zeuden; panpinak bezala erabiltzen gintuzten. Bat-batean goizeko errekuentoan ez nintzela jaikitzen eta kasurik egiteko asmorik ez neukala ikustea ezin izango zuen sinetsi. Nonbaitera joan eta zerbitzuburuarekin itzuli zen. Jaikitzeko agintzen aritu zitzaizkidan berriro, eta nik ezetz berriro. Eta beste ziegetako lagunek berdin».

«Goiz huraxe izan zen, ziur aski, kartzelako egonaldian izan dudan goizik zoriontsuena –erantsi du García del Molinok–. Ohetik euren aginduz ez jaikitzea ekintza xumea dirudien arren, euren eskema guztiak apurtu genituen horrekin. Beraien aginte guztia, ahalmen eta botere osoa erori zen ekintza xume batekin. Aginte makila hautsi genien. Eta guretzat liberazioa izan zen haien agintea onartu beharrik ez izatea, haien kapritxozko gestuei jaramonik ez egitea. Ordura arteko tentsio guztia bat-batean hustu genuen. Geure indarraren potentziala neurtzea izan zen; gure boterearen sentipena, Herrerako egoerarekiko erabaki ahalmena eta agintea geure eskuetara pasa izanaren sentipena. Kartzeleroen aurpegian ikus zenezakeen ezina, inpotentzia. Liberazioa izan zen».

Borrokaldian, bisita eta komunikazioak etenda... baina senide eta lagunak astero joaten ziren Herrerako espetxera, eta bidaiak haiek eragiten zien zirrara gogoan gordeko zuten espetxe hartan zeuden presoek: «Bisitarik ezin egin arren, astero etortzen ziren lagunak eta ahaideak. Leihoetatik ikusten genituen autobusetan joandakoak kanpoan, kartzelaren inguruan. Oihuka eta garrasika zerbait hitz egin ahal izaten genuen eurekin. Kontsignak aldarrikatu, halako edo horrelakorentzat agurrak bota... Bisitarik ez, eskutitzik ez... hunkigarria izaten zen astebururo etortzen zen jendea leihoetatik ikustea. “Hor daude”, esaten zenion zeure buruari edo alboko lagunari; “hor dauzkagu, ez gaude bakarrik, ez gauzkate ahaztuta”. Bizi izan ez duenak ezin irudika lezake zein mailataraino zaizun lagungarri animo emaileen atxikimendua. Ez dago hitzekin esaterik, ez dago ezagutu ez duenari bere osotasunean adierazteko modurik.

Lelo eta kontsigna haietako batzuk, manifestaldietan-eta oso ohikoak direnak, edonork aise ikasteko modukoak ziren, memorian itsaskorrak. Horrela bada, asteburuak joan eta asteburuak etorri denbora aurrera zihoala, hilabeteak ere joan ziren, negua eta udaberria igaro ziren, eta uda heldu. Negu oso hotzak bezala, oso beroak dira udak Herreran, baina ilunabar freskagarriekin. Uda hartako ilunabar beranduetan leihoetan egoten ginen elkarrekin berbetan, eta halako batean ohartu ginen, gure senideek oihukatzen zituzten leloak entzuten genituela kanpoan astegunetan ere. Ordu haietan ez zegoen han gure ahaide edo lagunik. Haurren oihuak ziren guk ordu haietan entzuten genituenak... Kartzeleroen umeak ziren! Presondegi inguruan bertan bizi ziren kartzeleroen umeak, ilunabarreko freskuran jolasean ibiltzen zirenak, korrika, ezkutuka, euskaldunon leloak errepikatzen:

— Gora ETA militarra! —batek.
— Jo eta ke, irabazi arte! —besteak.
— Presoak kalera!
— Gora Euskadi askatuta!

Surrealista zen, kontuan hartuta haur haien gurasoak buruz buruko tirabiran ari zirela gurekin.

(Herrerako patioa irudian, Euskal Memoria Fondoa)

Hamar hilabete luzekoa izan zen txapeoa. Itxialdiko lehen sei hilabeteetan ez ginen txabolotik atera ezertarako. Ondoren erabaki genuen, dutxatzera behintzat jaistea. Txapatuta egoteaz gain, ate joka ere jarduten genuen, ordu jakinetan, egunean zenbait aldiz. Ostikoka, komuneko ateaz, ahal zenuenaz jotzen zenuen txaboloko atea, eman ahal guztian ematen. Lau moduluetako lagunak, denok ordu beretan eta batera ateak modu hartan kolpatuz, egundoko durundia eta zarata ateratzen genuen. Ziega barruan egonik eta atea jotzen ari zinela hain izugarria iruditzen ez bazitzaizun ere, kanpoan egonda, galerian edo behean, jasanezina bihurtzen zen, edozein erotzekoa. Behin batean, txabolotik kanpo, dutxatik bueltan harrapatu ninduen ate jotze saioak. Ikaragarria! Borroka hartan, Herrerako kartzeleroen plantilla erdia inguru psikiatrarengana bidali genuen, baja hartu behar izateraino».

Martxa jendetsu haiek

Presoen egoera salatzeko mobilizazioak egin izan zituzten lehenago ere senideek, eta martxa jendetsua ere bai Soriara, espetxe horretan zeuden euskal presoek zituzten bizi baldintzak zinez krudelak ziren momentuan. Herrerakoa ez zen berria alde horretatik, baina bai asteburuz asteburu haraino autobusetan joatea eta espetxearen inguruan elkarretaratzea, presoei oihuka mezuak bidaliz...

Borroka hura bukatu ondoren eta 1984ko abenduaren 29an hasita, urte amaieretan martxa jendetsuak egin ziren aurrerantzean Herrerako espetxera. Lehen urte hartan 3.500 senide eta lagun joan baziren, 1990. urte amaieran 12.000 joan ziren, 200dik gora autobusetan...

 

Hamar hilabeteko borroka hark Herrerako erregimena iraultzea lortu zuen; zuzendaritzari egin zizkioten eskaera eta aldarrikapen gehienak eskuratu zituzten presoek. Borrokaren aurreko eta ondorengo bizi baldintzak oso ezberdinak ziren, zerikusirik ez zutenak. Ez zen izan kosturik gabeko borroka; bisitarik eta komunikaziorik gabeko hilabeteek harremanei erasan zieten hainbat kasutan.

Komunikazioei dagokienez, dena den, garai hartan eta 1990eko hamarkadara arte ia, Herreran ez zegoen telefono deirik edo aurrez aurreko bisitarik.

 

1990. urteko amaieran 12.000 lagun inguru heldu ziren Herrera, 200dik gora autobusetan

1984ko hura ez zen izan Herreran egindako azken borroka. Zigor espetxea izaten jarraitu zuen eta, hasieran ezarri nahi zuten erregimen militarizatu eta zorrotza eraistea lortu bazen ere, jazarpenak jarraitzen zuen, kartzelari batzuen jarrera mendekati eta zitala zen eta erregimen zorrotza izaten jarraitzen zuen Herrerakoak.

Hainbat alditan, errepresioan ematen zituzten pausoak gerarazteko, gose grebak edo planteak egin behar izan zituzten presoek. Plante horietan guardia zibilak antidisturbioz jantzi eta prestatuta sartzen ziren modulura, kolpeka eta zartadaka... 1987an mutina egin ondoren, guardia zibilak sartu ziren kartzelariekin batera, presoak banan-banan jipoitzera.

Asensio, Crespo, Lopetegi eta Alberdi

Osasun arreta kaskarra ere presoen etsai bilakatzen da espetxeetan, eta horren ondorioz hil zen Joseba Asensio Kirruli 1986ko ekainean, tuberkulosiak jota. Ez zen Herreran hildako lehen preso politikoa, 1981eko ekainean hil baitzen Juan Jose Crespo, GRAPOkoa, gose greba luze baten ondoren.

1988ko martxoaren 2an, bere buruaz beste egin zuen Mikel Lopetegik, eta urte horretako ekainaren 15eko goizean Juan Karlos Alberdi hil zen bihotzekoak jota.

1987an, Enrique Mugica Barne ministro eta Antonio Asuncion Espetxe Erakundeetako arduradun zirela, euskal preso politikoen sakabanaketa eta urrunketan jauzi berri bat abiatu zuen Madrilgo PSOEko Gobernuak, EAJren bultzadarekin. Herreran zeuden presoetatik hasita, euskal preso politiko guztiak urrundu edota sakabanatuko zituzten luzera gabe. Urte horren amaieran 457 euskal preso daude, Herrera, Carabanchel eta Alcala Mecon gehienak, baina jada beste hamarren bat espetxetan ere badaude euskal presoak.

Sakabanaketa eta urrunketarekin batera, preso bakoitzari erregimen ezberdina ezartzen hasi ziren. Isolamendua, banaketa, zigorra... eguneroko ogia izango dira aurrerantzean. «Espetxe politika berriaren helburua da preso hauek, bigunenak, banatzea, askatasun handiagoko giro batean eman ditzaten erreinserziorako beharrezko pausoak... besteentzat, araudiarekin ahal den erregimenik gogorrena mantenduko genuke», zioen PSOEko Ramon Jauregik.

Euskal presoen damuaren bila, bide hori hartu zuen espetxe politikak.

1989ko apirilean, bi kondukziotan Herreratik Sevillako espetxera eraman zituzten 60 preso. Baina Herreratik ez zituzten atera euskal preso guztiak, eta, lehen modulua hustu eta berrikuntzak egin ondoren, euskal presoentzat ahal zuen erregimen zitalena ezarri zuen zuzendariak. Ziegetako leihoak burdinazko hesiarekin itxi zizkieten hasteko, patiora jaisteko edo ziegara igotzeko orduan biluzarazten zituzten, ukatuz gero guardia zibilek betearazten zituzten kartzelarien aginduak... Euskal presoak jipoitzea, borra-kolpeak ematea, presoen arropa, liburu edo zernahi gauza puskatzea... eguneroko gauza bilakatu zen Herreran, zuzendariaren mendeku gose eta nahierara.

Garai horretan, euskal presoak ateratzen zituzten heinean, preso sozialak eramaten hasi ziren Herrerara, eta denboraren buruan lau moduluetan euskal preso gutxi batzuk utzi zituzten, sozialekin batera. Euskal presoak preso sozialen «uretan» desegitea ere helburu izan baitu espetxe politikak, baina, aldi berean, euskal presoekin harreman ona izan duten preso sozialak jazarpenaren helburu bihurtzen ziren kartzelarientzat.

Sakabanaketa muturreraino eraman zuten heinean indartu zen euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapena eta EPPK-k bere egin zuen eskaera hori. 1989ko urte amaieran 500dik gora ziren euskal preso politikoak eta 79 espetxetan sakabanatuta zeuden, eta espetxe horietako modulu ezberdinetan, sakabanaketa muturreraino eramateko obsesio sadikoari jarraituz. Mallorca, Ibiza, Ceuta, Melilla, Tenerife eta Salto del Negroko espetxeetara urrundutako euskal presoak 1998aren amaieran ekarri zituzten atzera penintsulako kartzeletara.

Hainbeste espetxetan sakabanatuta, eta jada sakabanatuta zeuden presoak espetxe batetik bestera noiznahi aldatzen zituztela, arazo handiak sortu ziren batik bat komunikazioetarako, senide eta lagunen bisitak burutzeko... Egoera horretan sortu zen, 1991n, Senideak, euskal preso, errefuxiatu eta deportatu politikoen senide eta lagunen elkartea. Senideak elkartearen lana, eta Etxeratena geroago, ezinbestekoa izango da  sakabanaketa eta urrunketa politikak dakarrenari aurre egiteko.

EPPK-k, bere aldetik, espetxe bakoitzean bizi baldintza duinak aldarrikatzeaz gain, Euskal Herriratzea eskatuko du, 90eko hamarkada hasieratik aurrera, batik bat. Eta kolektiboaren dinamikaren baitan hainbat borroka egiten jarraitu zuten Herreran zeuden kideek ere. Borroka horiek izan zitezkeen ziegan geratzea, gose grebak, paparrean afixak eramatea lema edo aldarrikapenen batekin... edo moduluko patioan pintadak egitea. Moduluko hormetan lemak marraztea, alegia.

 

Euskal presoek hormetan egindako pintaketak ezabatu egiten zizkieten, baina euskal presoek berriro marrazten zituzten aldarrikapenak

Ekintza xume hori patio orokorrean, preso sozial guztien aurrean egitea, paparrean afixa zutela patioan ibiltzea... amorragarri ez ezik jasanezin bilakatu zitzaion espetxeari. Azkenean, modulu bakoitzaren hegal batean, patio nagusitik ikusten ez den aldean txoko berezi bana prestatu zuten euskal presoentzat; patio txikia eta jan-lekua, dutxa eta komuna zuten «modulu» bereizi horiek. Patio orokorretik eta preso sozialengandik aparte geratzen ziren horrela modulu bakoitzean zeuden euskal presoak, eta errazago kontrolatzen zituzten.

Bi modulu, bakarra... eta kitto

Patio txiki eta aparte horietara irtenez eta bertan gosalduz, kirola, ariketak edo eskulanak eginez... egon dira azken urte multzoan espetxe honetan zeuden euskal presoak. Euskal presoen kopurua murriztu ahala, bi modulutan, eta azkenean modulu bakar batean, eduki dituzte Herreran.

1987an berrabiatu zuten sakabanatze eta urruntze politikaren baitan, urte hartan Herreran zeudenetatik bat ez beste euskal preso politiko guztiak atera zituzten handik; horietako batzuk, beste espetxe batzuetatik igaro ondoren, atzera Herrerara eraman zituzten, eta handik kaleratu ziren edo berriro beste espetxeren batera eraman dituzte.

Euskal herritarrentzat eta ezker abertzaleko militanteentzat itzal eta oihartzun berezia dute Estatu espainoleko espetxe batzuek. Kartzelaren itzala iristen den lekuan eguzkiaren argiak atzera egiten duela idatzi zuen norbaitek, eta egia gordina da euskal preso politikoentzat eta beren senideentzat itxaropenaren argia tristatzen den eremu bilakatu nahi izan dutela kartzela espainol horien esparrua.

Euskal poeta preso ohiak «izuen gordelekua» deitu zion kartzelari, eta ez arrazoirik gabe. Izuak munstro bizidunaren forma hartzen baitu espetxean, espetxe batzuetan bereziki, Herrera adibide.

40 urtez euskal preso politikoentzat izuen gordeleku –eta jazarpen barruti– izan ondoren, Herrera de la Mancha espetxea ere laster desagertuko da leku madarikatuen mapa horretatik. Historiarako uzten dugu, baina ahaztu gabe.