INFO

Txertoa «gaizki» banatzeak lehen lerroko hainbat langile «babesgabe» uzten duela salatu du ELAK

ELAk azpimarratu duenez, pandemiaren lehen lerroan diharduen Osakidetzako hainbat langile «babesgabe» dago, zenbait zentro eta ESItan lantalde ia osoa txertatuta dagoen bitartean beste batzuetan «lehen lerroko langileetatik –esaterako, larrialdietakoek– oso gutxik jaso dute oraingoz txertoa».

Osasun arloko langile bat, txertoaren dosi bat prestatzen. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Ohar batean ELAk azaldu duenaren arabera, antzeko ezaugarriak dituzten ESIen egoera alderatuz gero, «ikusiko dugu txertaketa-zenbakiak oso desberdinak direla».

«Nola liteke urtarrilaren 24an Debabarrena ESIko lantalde ia guztia txertatuta egotea, eta aldiz emergentzietako ESIan, zeinak izugarrizko arriskua duen, txertoa soilik 8 lagunei eman izana? Urtarrilaren 31n Bilbo-Basurtun 775 lagunek jaso zuten txertoa, Ezkerraldea-Gurutzeta ESIan 2.154k, Barakaldo-Sestao ESIan 719k, eta Bidasoa ESIan 144k besterik ez», galdetu du sindikatuak.

Zentzu horretan, gogoratu du Osakidetzak erabakitako protokoloak lau fase bereizten dituela: lehena lehen lerroko langileei dagokie eta azkena, kutsatzeko arrisku txikiena dutenei. ELAren esanetan, «txertatzeko ordena ez errespetatzeaz gainera, Osakidetzak ez du bermatzen dosiak ekitatez banatuko direnik». «Honek lantaldearen osasuna arriskuan jartzen du, batik bat kutsatzeko arriskurik handiena dutenen kasuan», ohartarazi du sindikatuak.

Honek guztiak Osakidetzako langileen txertaketan «nagusi den kontrol eta planifikazio eza» agerian uzten duela kritikatzeaz gain, ELAk galdegin du «kudeaketa gardena izan dadila eta ziurta dadila ekitatezko banaketa, txertaketa protokoloen araberakoa».

ELAk nabarmendu du ordezkari sindikalei jakinarazi behar zaiela, alde batetik, ESI bakoitzean lehen fasean zenbat lagunek hartu behar duten txertoa, eta zenbatek jaso duten; Bestetik, txerto berriak noiz jasoko diren eta nola banatuko diren. Horrez gain, aldarrikatu du aurreneko faseko langileen txertaketa lehenetsi behar dela: «ezin zaio 2. faseko jendeari txertoa ematen hasi bermatu arte lehentasuna duen langile orok jaso duela».

Azkenik, azpikontratatutako langileei txertoa duten arriskuaren arabera eman behar zaiela adierazi du ELAk, eta ez lan harremanaren baitan: «Ezin da onartu emergentzietako lantaldeko langileak txertaketaren 1. fasean agertzea eta azpikontratatuak, berriz, 4. fasean»-.