INFO

‘Zubiak’ saioa, aurtengo Irratiaren Argia Saria

Lau urtez Euskadi Irratiak eta France Bleu-k elkarlanean, Euskalerria Irratiaren kolaborazioarekin, egindako ‘Zubiak’ saioarentzat izan da aurtengo Irratiaren Argia saria. Alaia Martin bertsolaria eta Zazpikako kolaboratzaileak eta Pantxis Bidartek gidatu dute, Lohitzune Amatriaren laguntzarekin.

Pantxis Bidartek, Alaia Martinek eta Lohitzune Amatriak jaso dute saria. (Dani BLANCO)

2020ko uztailean egin zuten azken saioa, lau urteko ibilbidearen ondoren. Astero zubiak eraikitzen aritu ziren, aurkezleen hitzetan «herri bat garela erakusteko» eta Euskal Herria alderik alde zeharkatu dute, 360 irratsaio osatu eta bakoitzean gutxienez lau bat gonbidatu izan dituztelarik. Orain, egindako lanaren truke, ‘Zubiak’ saioak Irratiaren Argia saria jaso du.

Zubiak saioa Alaia Martinek eta Pantxis Bidartek gidatu dute. Lohitzune Amatria aritu da Nafarroatik kolaborazio lanak egiten. Euskadi Irratiak eta France Bleu-k elkarlanean egindako saioa izan da eta Euskalerria Irratiak haiekin kolaborazio lanak egin ditu. Epaimahairen aburuz, «saio bakoitza goxo harilkatu dute, astero saioari hitz bat atxiki diote eta jolas egin dute hitzarekin, poesia. 2020ko uztailean ‘Azkena’ izena zuen saioa emititu zuten. Hain zuzen ere, azkena izan baitzen. Pandemiaren atzaparrak iritsi zitzaizkion ‘Zubiak’ saioari. Agurreko irratsaioan aurkezleek adierazi zuten, pandemia betean, nola beste behin Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga badela agerian gelditu den».

Hala, aurkezleek gonbidatu gaituzte saioaren lorratzari segi eta zubiak eraikitzen jarraitzera.

Zaldibar Argitu

Era berean, ‘Argia’ aldizkariko lan taldeak Zaldibar Argitu herri plataformari eman dio 2021eko kanpaina onenaren Argia saria, «bost hitzekin gaur egungo mundua zalantzan jarri eta milaka pertsonak babesteko moduko programa politikoa laburbiltzeko gaitasuna erakutsi dutelako: Langileak, osasuna, erantzukizunak».

Argiatik adierazi dutenez, «herritarrek behetik gora sortutako mugimendu honek txingurri lana egin du ez zedin ahanzturan erori Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen bizitza lapurtu zuen zabor jauzia, inguruak gogotik kutsatu zituena. Borrokan zorrotz jarraitu dute, gaia gori-gorian jarri eta ‘euskal oasia’ sutan irudikatzeraino, mundu mailako pandemia honek gaia ia kolpetik desagerrarazi zuenean ere, lanean jarraitu dute. 2021 honetan, hondamenditik urtea beteko den honetan, bai epaitegietan, baita Europan ere lanean jarraituko dute. Beti komunikazioaren esparrua mimo handiarekin landuz, izan kanta, izan ikurra, izan irakurketak, izan mobilizazio ereduak… zabaltasuna batzea lortu dute beren ideiei ukorik egin gabe».

Jokin Bergara, Janire Lazkano eta Gaizka Zabarte mugimenduko kideek jaso zuten saria.