INFO

Alde Zaharrak «pairatzen duen manipulazioa» salatzeko elkarretaratzea Donostian

Auzoak «pairatzen duen manipulazioa» salatzeko elkarretatzea deitu du Donostiako Alde Zaharreko ezker abertzaleak ostegunerako. Mobilizazioa 19.30ean izango da Alderdi Ederren.

Ertzaintzaren kargak salatzeko Donostiako Alde Zaharreko gazteek egin zuten mobilizazioa. (Jon URBE/FOKU)

Donostiako Alde Zaharrak «pairatzen duen manipulazioa» salatzeko elkarretaratzea deitu du auzo honetako ezker abertzaleak ostegunerako, hilak 4, 19.30ean Alderdi Ederren. “Zuen gezurren aurrean, ez gara isilduko” lelopean egingo da protesta.

«Alde Zaharreko bizilagunok jasaten ari garen indarkeria eta manipulazioa salatzeko da ekimen hau. Gezurrei aurre egin behar zaie eta erakutsi behar da denak ez duela balio», nabarmendu dute mobilizazioaren antolatzaileek.

Mobilizazioaren kartelean EAJko agintarien argazkiak ateratzen dira, azkenaldian Donostiako Alde Zaharrean izandako gertakarien gainean bota dituztenak bilduz. Horrela, Lakuako Gobernuko Barne kontseilari Josu Erkorekak Nahuel Gomez gaztea Ertzaintzak jaurtikitako pilota batengatik zauritua izan zenik zalantzen jartzen dituen adierazpenak azaltzen dira.

Donostiako alkate Eneko Goia ere kartelean azaltzen da. Alde Zaharrean izan diren istiluak ezker abertzalearen errua direla esan zuen Goiak egunkari bati emandako elkarrizketan.

Ildo berean, EAJko EBBaren buru Andoni Ortuzarrek EH Bilduri «bere gazteei istilurik ez eragiteko» egin zuen eskaera ere azaltzen da manifestazioa deitzeko kartelean.

Alde Zaharreko talde eta bizilagun ugari kexu dira azken asteotan Ertzaintzak izan duen jarrerarekin. Oldarkorra dela salatu dute eta gazteen kontra egiten duela nabarmendu dute.