INFO

«Hemen oso ezaguna ez den arren, neguko jokoetan kirolik jarraituena da Curlinga»

Curlingeko Espainiako binakako txapelketa mistoan Basque Teameko lau bekadun pasa dira 3. fasera: Unanue-Otaegi eta Irantzu eta Gontzal Garcia. Azken fase hau otsailaren 12-13 eta 14an jokatuko dute. Txapeldunak Mundialerako sailkatuko dira eta hor Jokoetan izateko lehiatuko dira.

Oihane Otaegi eta Mikel Unanue, lanean Bratislavan. (BASQUE TEAM)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Basque Teameko lau bekadunek Espainiako binakako txapelketa mistoan 3. faserako txartela lortu dute: Unanue-Otaegi eta Irantzu eta Gontzal Garcia. Azken fasea, datorren asteburuan jokatuko dute, otsailaren 12-13 eta 14an, hain zuzen. Txapeldunak Mundialerako sailkatuko dira eta hor Olinpiar Jokoetan izateko lehiatuko dira. Hala ere, curlinga ez da oso ezaguna gure inguruan, eta kirol hau ezagutzeko asmotan, NAIZ irratian izan dugu Mikel Unanue Basque Teameko kirolaria.

Unanueren hitzetan, curlinga «neguko joko olinpikoetako kirol bat da, izotz jauregian jokatzen dena». Bi eratako partidak ikusi daitezkeela gaineratu du, «batetik, launakakoak, eta bestetik, binakakoak». Euren kasuan, Basque Teamekin binakakoan lehiatzen direla azaldu digu Unanuek.

Bestetik, jokoaren funtzionamenduari dagokionez, «granitozko harri bat jaurtiz eta erratzekin lagunduz, helburua, harri horiek diana moduko batean sartzea da garrantzitsuena», dio Basque Teameko kirolariak. «Hori lortzeko estrategia landuz jokatzen den kirola da», gaineratu du.

Gure inguruan, curlinga «nahiko ezezaguna» dela baieztatu du Unanuek. Aitzitik, harritzekoa bada ere, neguko joko olinpikoetan kirol jarraituena dela azaldu du Basque Teameko kirolariak, «bai telebistan, baita internet bidez ere». Euskal Herria, Espainiar Estatu mailan, lehen postuan izango litzatekeela nabarmendu du, baina era berean, mundu mailan «bigarren lerro batean» kokatuko ginatekeela.

Bestalde, Euskal Herriko kirola «oso ondo babestuta» dagoela ere nabarmendu du Unanuek, Espainiar Estatuko beste autonomia erkidegoekin alderatuta. Hala ere, curlingaren kasuan, baliabideak oso urriak direla aitortu du, instalakuntzak esaterako. Beraz, entrenatzeko kanpora joan behar izaten dutela adierazi du.

Azkenik, Espainiako binakako txapelketa mistoari dagokionez, esperotako emaitzak izaten ari direla azaldu du Unanuek. «Helburua txapelketa irabaztea da», gaineratu du. Txapelketa irabazten duenak, Mundialerako txartela lortuko du, eta ondoren Olinpiar Jokoetarako pasea izango da jokoan. Hala ere, Basque Teameko kirolak zuhurtziaz hitz egin du, «pausoz pauso» joango direla azalduz.