INFO

LABek salaketa jarri du Donostiako Udalean, Martutenen amiantoa duten hondakinak daudela esanez

LAB sindikatuak Donostiako Udalean salatu du amiantodun hondakinak daudela Gipuzkoako hiriburuko Martutene auzoko Larrañategi bidean. Hiriko arduradunei galdegin diete hondakin horiek «berehala» kentzeko; bestela, ohartarazi dute beste salaketa bat jarriko dutela Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan.

Ustez amiantoa daukaten hondakinak, Martutenen. (LAB)

LAB sindikatuak salaketa formal bat jarri du Donostiako Udalean, Martutene auzoko Larrañategi bidean amiantoa duten hondakinak daudela ohartarazteko eta Udalari hondakin horiek «berehala» kendu ditzan exijitzeko.

Prentsara igorritako ohar baten bidez, sindikatuak adierazi du pasa den urtarrilaren 30ean herritar batek publikoki salatu zuela amianto-isurketa bat zegoela Martuteneko Larrañategi bidean. «Bost egun igaro dira eta bide bazterrean dauden fibrozementuzko plaka eta hodiak oraindik ez dituzte erretiratu, ez babestu eta ezta seinaleztatu ere», gaitzetsi du.

Hori dela eta, sindikatuak salaketa formala jarri du Gipuzkoako hiriburuko Udalean, eta «hondakin horiek berehala kentzeko» eskatu die arduradunei, betiere lan horiek egitera baimenduta dagoen enpresa espezializatu baten bidez eta hondakinen kudeaketa egokia eginez, beharrezkoak diren «babes-neurri guztiekin».

Era berean, sindikatu abertzaleak Udalari galdegin dio isurketaren erantzuleak aurkitzeko «egin beharrekoak egiteko», eta ohartarazi du «hori guztia ahalik eta lasterren egiten ez bada» salaketa jarriko duela Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzan.