Begiak belarriei so
Parisetik ekarrita, gaur zabaldu ditu ateak Aiete Kultur Etxean 'Zure begiak nire belarrietan' argazki erakusketak. Entzumen urritasuna duten pertsonen ikusgarritasuna bultzatzea helburu duen erakusketari buruzko argibideak, Marta Ibañez de Aspuru, kultur etxeko zuzendariak eman dizkigu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Parisetik Droit Pluriel elkartearen ekimenez eta Foundation pour l'Audition-en laguntzarekin ekarritako argazki erakusketa da 'Zure begiak nire belarrietan'. Apirilaren 7a bitarte Donostian, Aiete Kultur Etxean izango dira ikusgai Stephane Lavoué argazkilariaren begirada jasotzen duten argazkiak.
Marta Ibañez de Aspuru, Aiete Kultur Etxeko zuzendariak azaldu digunez, entzumen urritasuna duten pertsonen errealitatea ikustaraztea, gerturatzea da erakusketaren helburua. 8 pertsona ikus ditzakegu argazkietan, lehenengo aurrez aurre, ezer berezirik somatzen ez dugula, eta ondoren atzeko edo alboko plano batetik, entzuteko-gailuak bistaratzen dituen beste argazki batean. Adin-tarte, arraza nahiz genero desberdinetako pertsonengan jarri du Lavouék begirada, eta indar eta esanguratasun handiko erretratuak egin ditu.