INFO

K2 menditik berri txarrak iritsi dira: Atanas Skatov zendu da

Mendizale bulgariarrak herenegun oxigeno artifizialarekin hasitako gailurreko ekinaldiak amaiera gogorra izan du. Hirugarren kanpalekutik jaisten ari zela, akats batengatik, istripua izan du. Bien bitartean, saio garrantzitsuena egiten ari diren alpinisten berri ez dago.


Zalantzarik gabe, azken egunotan K2 mendia igotzen ari diren mendizaleen inguruko berrien artean, Atanas Skatoven heriotza txarrena izan da. Lehen informazioen arabera, gailurreko saioaren ondoren hirugarren kanpalekutik (7.300 m) jaisten ari zenean desagertu da. Handik ordu batzuetara baieztatu da hil egin dela. Hain zuzen ere, hirugarren kanpalekuan istripua izan du.

Eroriko luzea izan du, besteak beste, gorpua kanpaleku nagusi aurreratuaren inguruan berreskuratu dute. Helikoptero batek jaso eta Skardura jaitsi du. Seven Summit Treks agentziaren berriemaileek adierazi dute Skatov taldearen bezeroa zela eta istripua soka batetik bestera egiten ari zen trantsizioan gertatu dela: «Ziur aski akats bat izan da. Mendi osoa soka finko berriekin ekipatu genuen, eta Skatovek erabilitakoa ez zegoen hautsita».

Joan den urtarrilaren 16an gertatutako Sergi Mingoteren heriotzaren ondoren, 42 urteko mendizale bulgariarrena negu honetan K2-n izaniko bigarrena da. Ekinaldia oxigeno artifiziala lagunduta egiten ari zen. Nahiz eta garrantzirik ez duen, bulgariar honen asmoak oso bitxiak ziren. Bere xede nagusia hamalau zortzimilakoak igotzen lehen mendizale beganoa bihurtu nahi zen. Horietako hamar erdietsi zituen; Everest, adibidez, bi isurietatik eskalatu zuen. Zerrenda hori bukatu ahal izateko, K2, Nanga Parbat, Broad Peak eta Shisha Pangma falta zitzaizkion.

Berririk ez

Mendizale gehienek saiakera bertan behera utzi duten bitartean, John Snorri, Ali Sadpara eta Juan Pablo Mohr-ek osatutako taldearen inguruan informazio argirik ez dago. Azken notizien arabera, hirukote hori Botila lepoa izeneko sekziora iritsi dira. Hainbat berriemailek adierazi dute Snorrik kanpaleku nagusiarekin komunikatzeko erabiltzen duen irratia hondatuta dago, eta, beraz, ezin du mezurik bidali. Horrez gain, hirukote horien GPS-ak erabat izoztuta daude; izan ere, kota horretan -50º tenperatura izan dute.

Baieztatuta dagoen berri bakarra da Sadpararen seme Alij Boteila lepotik hirugarren kanpalekura jaitsi dela. Antza denez, erabaki hori hartzeko arrazoia izan da oxigenoaren erreguladorea hondatu zaiola.