INFO

«Lana eta batasuna», Bilbao Basketek burua altxatzeko errezeta Barçarekin jokatu bezperan

Bilbotarrek ez dute urte berria hasi denez geroztik partidarik irabazi eta, aldiz, katalanek ostegun gauean galdu zuten 2021a hasi denetik aurrenekoz. ACB Ligako etenaldia baino lehen jokatuko duen azken partida izango da larunbatekoa bizkaitarrentzat.

Mumbruren iritziz, emaitzak hobetuko badira, lanean segi beste erremediorik ez dauka Bilbao Basketek. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

RETAbet Bilbao Basketek Miribillan Bartzelonaren aurka jokatu behar duen partidaren bezperan –larunbatean 20.45etan– Alex Mumbru entrenatzaileak zera azpimarratu du: taldearen, zaleen eta klubaren arteko «lana eta batasuna» izango direla ACB Ligako azken postuan dagoen talde bizkaitarraren egoera delikatua «pixkanaka aldatu ahal izateko» gakoak.

«Entrenatzaile eta jokalari hobeak eta okerragoak egongo dira, baina daukaguna daukagu eta horiekin borrokatu behar dugu. Gainontzeko klubetatik bereizten gaituen zerbait baldin badago, denok elkarrekin gaudela da, LEB Ligan egon ginenean bezala», azpimarratu du entrenatzaile katalanak zapatuan Miribillan Bartzelonaren aurka jokatu aurreko prentsaurrekoan.

Mumbruk onartu duenez, «gauzak gaizki doazenean entrenatzailea» dela erantzulea, eta horregatik «ondorioak onartu behar dira», baina Bilbao Basket bezalako «talde apal» batek «bidean dagoen edozein zulok», azken hilabeteetako lesio pilaketak adibidez, «beste batzuek baino gehiago nabaritu dezake».

«Ezin zaitezte azterketa batera joan aurrez ikasi gabe. Lasai egoteko formula eguneroko lana da eta onena zezena adarretatik hartzea da. Lan egitea, lan egitea eta horretara lerratzea besterik ez da geratzen», azpimarratu du Badalonakoak.

Hala ere, aspaldiko partez, Mumbruk aitortu du «pozik» dagoela, ikasturte hasieratik lehen aldiz bere jokalari «ia guztiekin» astebeteko lana egin ondoren. Quentin Serron belgikarra ere taldearekin lanean hasi omen da, «datorren astetik aurrera laguntzen hasteko» ideiarekin.

Onartu du bestalde Ondrej Balvini, bi hilabete geldirik egon ondoren, azken bi asteetan nabaritu zaiola «oraindik erritmo pixka bat falta» zaiola; izan ere, «hain jokalari handi eta pisutsuek denbora gehiago behar dute» mailarik onenera itzutzeko.

Eta Bartzelona, zer?

Barçari buruz ere galdetu zaio Mumbruri. Talde katalanak etxean galdu egin zuen ostegun gauean, 86-88 Anadolu Efesen aurka Euroligako 24. jardunaldiko neurketa; hots, urte berria hasi denez geroztik galdu duen aurreneko partida. «Bartzelonak bi norgehiagoka jarraian galtzea arraroa» izango litzatekeela onartu du bilbotarren entrenatzaileak, baina  Bilbao Basketek partida «bere onerako» baliagarri izan daitekeela ere erantsi du.

«Bakoitza bere mailan, partida guztiak zailak dira niretzat. Gauzak ondo egin behar ditugu eta entrenamendu aste honekin hobera egin behar dugu, giza multzo eta talde bezala ere hazten jarraitzeko», azpimarratu du Mumbruk.

«Barçaren kirol maila berdintzea oso gutxiren esku. ACB Ligan talde guztien gainetik pasa da eta Euroligan ere ondo irabazten du gehienetan. Ondo entrenatuta dago, badaki zernolako jokoa duen, fisikoki gogorrak dira eta bere maila berdindu eta 40 minutuak kontzentratuta egon beharko dugu», borobildu du «beltzezko gizonen» buruak.

Partida honen ostean bi asteko geldialdia izango du Bilbao Basketen ibilaldiak. Datorren astean, hilaren 11tik 14ra, Kopa jokatuko da Madrilen eta, iaz ez bezala, bizkaitarrak ez dira sailkatu. Horren ostean, berriz, «FIBAren Lehioak» zabalduko dira berriro, 2022ko Eurobasketra sailkatzeko fasea amaituko baita. Ondorioz, Bilbao Basketek ACB Ligan jokatuko duen hurrengo neurketa otsailaren 27an izango da: Acunsa Gipuzkoa Basketen aurkako euskal derbi garrantzitsua, Illunben, 20.45etan hasita. Larunbat honetan zernahi gertatuta ere, badute aurrera begirako lan nahikorik bilbotarrek.