INFO

Irati Gurasoekin kalejira, inauterien espirituaz blai

Antzinako gizakientzat, inauteriek urtaro bat agurtzea eta berri bati hasiera ematearen esanahia zuten. Halako zerbait irudikatu dute Bilbon, Irati Zapirain Etxebarria haurraren eskubideen alde egin duten kalejiran, garai ilun hauek inauterien espirituarekin exorzizatu dituztelako.

Inauterietako giroa Irati Gurasoekin dinamikak antolatutako ekimenean. (Aritz LOIOLA /FOKU)

Ez da oso ohikoa hain txikia den haur batek horrenbeste jende mugiaraztea. Bi urte besterik ez ditu; tira, hilabete falta zaio Iratiri 3 urte betetzeko. Zehazki, martxoaren 8an ospatuko du bere urtebetetzea, emakumeontzako egun berezi horretan. Aurten are urtebetetze bereziagoa izango du, eta zailagoa eta tristeagoa, ez dago zalantzarik, gurasoengandik bananduko baitute, legeak horrela aginduta.

Hiru urte betetzean haurrek ezin dute ama diren presoen moduluan jarraitu. Aranjuezeko espetxean jaio zen Irati, 2018ko martxoaren 8an. Ama, Beatriz Etxebarria. Aita, Iñaki Zapirain. Biak euskal presoak. Alabaren urtebetetze egunean, beste askori gertatu zaien bezala, haurra handik aterako dute eta kartzelan bisitari gisa besterik ezingo da sartu. Aurki beste haur batzuei ere gertatuko zaie.

Lege araudiak hala agintzen du; eta inauteriek, ordea, botereak eta agintariek diotenari duenari trufa egin, koloreak atera eta errealitatearen ertzak agerian ateratzeko ahalmena izan dute betidanik. Gaur arratsaldean Bilboko erreka bazterraren bueltan egin den ekimena inauterien espiritu horrez blai zegoela zirudien.

Eta blai ere parte-hartzaileak, ia etengabe bota duen euriagatik. Baina, topikoa dirudien arren, euriak ez du festa-erreibindikazio gogoa zapuztu. Hain handiak ditugu festarako gogoak, hain hedatua elkarrekin egoteko beharra, eta hain nabarmena ere Irati haurraren eskubideen urraketa.

Umeen galderak

Arriaga antzokiaren aurrean jende mordoa: haurrak, horietatik asko patinetean –gurasoak preso dituzten haurrak egiten dituzten milaka kilometroen metafora–, gazte anitz, adinekoak...  Festa giro horretan erdian, Eztizen Artola, bera ere motxiladun haurra izandakoa. Ondo ezagutzen ditu kartzelarako bideak.

Irati Gurasoekin ekimenaren partaidea da Eztizen: «Ni duela pare bat aste egon nintzen Irati ikusten, eta umea ondo ikusi nuen, ahal den neurrian. Amak esan zigun, pixkanaka eta aspaldidanik, umea prestatzen ari direla, azaltzen egoera zein den, hilabete barru etorriko dela Bilbora aitite eta amaren etxera bizitzera eta haiek ezin izango dituela ikusi…Galdera pilo egiten du: 'Ama nik zurekin egon nahi dut, zergatik ez zatoz gurekin Bilbora?'. Urduri daude, atzera kontaketan sartuta».

Irati ez da egoera horretan dagoen haur bakarra. Horregatik, Bilboko kalejira-manifestazioan parte hartu duten ehunka lagunek Zaballako kartzelan amaren moduloa egokitu dezatela aldarrikatu dute. Ez daitezela Aranjuez eta Picassent bakarrak izan Estatu osoan. Hemen bi kontu daudelako: dispertsioa eta haurren eskubideak.

Kalejira zabaltzen zuen furgonetan «Maitatu bihotza, sentipenak askatu» entzuten zen. Dantzariak, musika, sua (Lekeitioko deabruak)... eta, gure burutazio bat: zezen suzkoak izan daitezela haurrei beldurra ematen dieten bakarrak.