Zaldibarko «desastrea» gehiago luzatu ez dadin erantzukizunak eskatu dituzte herritarrek
Eibar, Ermua, Zalla, Etxebarria, Elgeta, Markina-Xemein eta Zaldibar mobilizazio ugariren plaza bilakatu dira larunbatean. Urtebete igaro da Eitzagako zabortegiko luiziaren «desastre izugarri» hartatik, baina auziak bizi-bizirik segitzen du. Beltranen gorpua lurpean dago eta erantzukizunak airean.
Eskualdekide ez diren arren, Zaldibarko Verter Recycling zabortegiarekiko gertutasun geografikoak eta han gertatutako luiziak eragindako krisi sozial eta ingurugiroarenak jositako gertutasun politikoak batu ditu larunbat honetan, azken urtean beste hainbatetan bezala, Zaldibar, Zalla, Etxebarria, Elgeta, Markina-Xemein, Ermua eta Eibarko herriak.
Erantzukizun politikoak eskatu dituzte Lakuak auzia ikertzeko ikerketa-batzorde bat osatzeari uko egin eta hurrengo egunean eta, batez ere, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze izan dituzte gogoan. Zallan Beltranen familiak galdegin du ez ditzatela bilaketa lanak gelditu.
Zaldibarko luizia gertatu zenetik urtebetera hartu dituzte plazak larunbat arratsaldean Eibarren, Zaldibar Argitu plataformak deituta. 17.00etan ehunka herrikide elkartu da Untzaga plazan, Debabarrenako udalerria zeharkatu duen manifestazioa abiatzeko.
‘Urtebete Zaldibar Argituz. Ez dugu ahazten’ lemadun pankartaren atzetik eman diote itzulia herriari manifestariek. Urteurren honek «desastre izugarri» bat oroitu du, mobilizazioaren ostean Zaldibar Argituko Jokin Bergara bozeramaileak nabarmendu duen moduan. Desastre bat, zentzu guztietan: «Desastre sozial eta humanoa bi langile etxera itzuli ez zirelako, desastre ekologikoa amiantoz nahastutako zaborrezko mendi bat erori zelako, gure lur, ur eta aireak kutsatuz; eta desastre politikoa, kontrol falta, isiltasun konplizeak, laguntxoen arteko negozioak, gardentasun falta nabariak izan direlako».
Ondo ekarritako euria urteurren tristearen mobilizaziora doitu da. Duela ia urtebete, Eitzagako zabortegian luizia gertatu ostean, zaborraren azpian geratu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak aurkitzeko lanak martxan zirela, euriak beste luizi bat eragiteko mehatxu egiten zuen. Eibarren arnasten zuten aireak dioxina eta furano maila altuak zituzten, haurrak ez ziren patiora irten, leihoak itxi eta etxeak ez egurasteko gomendioa jaso zuten herritarrek, eta maskarak janzten hasi ziren, koronabirusaren pandemiak bogan jarri baino pixka bat lehenago. Sute bat, bi, amiantoa, eta oraindik amaitu ez den gertaeren segida luze bat, oraindik erantzun gabe dauden galderen zerrenda bezainbestekoa, zalantza orokortu baten gerizpean: saihestu zitekeen?
Erantzukizun eske langileak gogoan
Larunbat arratsalde honetan Eibarren arnastu den giroa ez da askoz garbiagoa izan, 2020ko otsailaren 6 hartatik ezbeharraren erantzukizun politikoek airean segitzen dutelako eta Joaquin Beltran langilearen gorpuak lurpean. “Jaurlaritza errudun” oihu egin dute, baita, beste behin, Iñaki Arriola eibartarraren dimisioa eskatu ere; luizia gertatutakoa Ingurumenekoa eta egun Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua dena.
Arriola eibartarrari ere eskatu dizkiote kontuak. pic.twitter.com/ba40tjC6om
— Maddi Txintxurreta (@mtxintxurreta) February 6, 2021
Mobilizazioan, halaber, gogoan izan dituzte bi langileak, euren kartel bana, loreez apaindua, zain zeukaten protestara atera direnek Untzagako plazara itzultzean, manifestazioaren bukaeran.
«Urte bat igaro da milaka eta milaka zabor tona gainera erori zitzaizkigunetik, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze irentsi zituenetik, otsailak 6 hartatik. Urte gogorra bizi izan dugu; intentsitatez, beldurrez, amorruz eta suminduraz betetako urtea izan da, baina elkartasunez, borrokaz eta indarrez koloreztatu dugu», agertu du Zaldibar Argitu plataformako bozeramaileak.
«Herri-indar» horrek bultzatu du plataforma Durangoko epaiketan irekian akusazio partikular modura parte hartzea, Bergarak zehaztu duenez. «Herritarren ahotsa izan eta interes publiko-sozialak babesteko, boterekeriaren aurrean herritarren indarra erakusteko, boteretsuen inpunitatearekin amaitzeko, egia jakiteko, bizitzak erdigunean jartzeko, erantzukizunak hartzeko» borrokatuko dute, ziurtatu dutenez, Durangoko epaitegian.