INFO

Danel Elezkanok ulertu du Zabaletak ezin duela bakarrik irabazi (16-22)

Zaratamoko aurrelariak bere partidarik onena egin du erasoan, 15 tanto ere lortu ditu, eta Aspekoek bosgarren puntua lortu dute partida gora-beheratsu batean.

Danel Elezkanok partidi biribila jokatu du. (Iñigo URIZ/FOKU)

Txapelketa hasieratik egindako erakustaldiek kikildu balute bezala, bere atzelariari trabarik egin nahiko ez balio bezala, ohikoa baino Elezkano lotsatiago bat ikusi izan dugu Binakakoaren lehen bost partidetan. Lehen porrotak, ordea, badirudi barne hausnarketa bat eragin diola eta gaur Bastidan beste Danel bat ikusi ahal izan dugu, oldarkorragoa, erasoan ausart eta eraginkorra eta denaren beharra izan dute maila ona eman dute Urrutikoetxea-Imaz borrokalari batzuei irabazi eta bosgarren garaipena eskuratzeko. Zabaleta bikain aritu arren, bakarrik ezin ditu partidak irabazi, horrelako Elezkano batekin, ordea 15 tanto egin ditu jokoan, gutxik egingo diete ihes.

Partida gogorra, lehiatua eta, batez ere, gora-beheratsua izan da gaur Bastidan jokatutakoa. Hasierako dozena erdi tantoen ostean(3-3), hiru zati nagusi izan ditu lehiak. Lehenengoan Aspeko bikotea nagusitu da, partida ia erabakitzeraino. Izan ere, Danel Elezkanok erasoan aurrera pausu bat emanda, txokoan zulo handi xamarra topatu du, Zabaletak atzean irekitako zuloei etekina atera die, markagailua 4-10 eta 5-13 luzatuta.

Gorrien oldarraldia

Urrutikoetxea-Imaz, ordea, ez zeuden amore emateko prest eta euren kemenak partida orekatzera eraman ditu. Bezperako partida ikusita edo, Mikel Urrutikoetxeak Azkoitian Ezkurdiak egindakoa berritu nahi zuela argi utzi du lehen tantotik, ahal zuen bakoitzean erasora pasa eta tantoa nolabait nahasteko asmoz. Aurreko astean baino askoz gehiago asmatuta, bizkaitarra ere tantoak lortzen hasi da eta atzean ere aspaldiko Imazik onena izan du lagun. Ez zirudien Bastidakoak Zabaletari aurre egiteko pilotalekurik egokiena, baina oiartzuarrak pilota ondo luzatu du eta ezker paretara baztertzen asmatu du eta lehia erabat irauli dute, 16-15 aurretik jartzeraino.

Urdinek noraezean ziruditen, gorrien erauntsiari nola erantzun asma ezinda, baina Zabaletak suertez, eskapada batekin, arerioen bolada eten eta eurenari hasiera eman dio. Aspekoek erabili gabeko pilota bat zuten gordea saskian, hura jokoan jarri eta pilota berri honekin partida hasierako dinamikara itzuli gara berriz. Zabaletak gehiago dominatu du atzean, baina batez ere Elezkano ausart eta eraginkor batek 22. kartoira eraman ditu berriz ere lider diren bikotea.

 

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea-Imaz: 16

Elezkano II-Zabaleta: 22

 

Pilotakadak: 661. Iraupena: 67,50 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-2, 3-2, 3-8, 4-8, 4-10, 5-10, 5-13, 7-13, 7-14, 12-14, 12-15, 16-15, 16-22. Sakeak: Ez da egon. Tantoak: 6 Urrutikoetxeak, 3 Imazek, 15 Elezkano II.ak, 2 Zabaletak. Hutsak: 3 Urrutikoetxeak, 2 Imazek, 2 Elezkano II.ak, 5 Zabaletak. Gorabeherak: Bastidako udal pilotalekuan jokatu da seigarren jardunaldiko bigarren partida.