INFO

Peñaren ausardiak txaparekin egin du talka gaurkoan (22-21)

Tolosarraren azken erremateari zentimetro bat falta izan zaio ona izateko eta Altuna III.ak eta Mariezkurrenak nahi baino gehiago sufritu dute 21-15 irabazten joan diren partida irabazteko.

Peña-Albisuk partida 21-21 berdintzea lortu dute baina saririk gabe. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Zentimetro bakarrak bi puntuko aldea sortu du sailkapenean gaur Eibarren elkarren artean aritu diren Altuna-Mariezkurrena eta Peña-Albisuren artean. Horixe falta izan zaio tolosarrak bigarren koadrotik botatako dejadari frontisa jo eta erabat engainatuta zuen amezketarra gainditzeko. Beste amaiera estu batean, aurreko astean Peñak zabalera irekitako pilota batek Elezkano eta Zabaletaren aurka garaipena eman bazien, gaur katedralean ondo botatako beste erremate horrek ezinezkoa zirudien partidari buelta ematea eragotzi die gipuzkoarrei partida oso arraro batean.

Izan ere, azkeneko txanpako emozioak partidari bizia eman badio ere, lehia ez da erabat betea izan akats gehiegi, batez ere atzelariek eginak, izan dituelako. Bi jotzaile handi, Albisu eta Mariezkurrena bildu dira atzeko koadroetan eta aurrelariek ez dute jokoan sartzeko aukera handirik izan eta ziur Berriozarreko atzelaria izan dela Peñaren pilotakadaren txapa hotsak gehien lasaitu duena. Izan ere, orain arte ez bezala, une batzuetan larri ibili da Jon Mariezkurrena, Albisuk pilota ezker paretan ezkutatu dionean bere ahuleziak agerian jarri dizkiolako. Azkenerako 10 pilota eta sake bat bota ditu nafarrak –9 izan dira Albisuk galduak–, baina hala ere, partida aurrera ateratzeko gai izan dira.

Altuna, fresko

Hein handi batean, bere bikotea oso fresko ari den Jokin Altuna delako. Jokoan sartzeko nahi baino aukera gutxiago izan baditu ere, sartu den bakoitzean partidaren erritmoa aldatzeko gaitasuna erakutsi du, gantxoarekin asmatuz, botez zein sotamanoz pilota atzeratu eta zuloak irekiz eta errematean Peñari mina eginez.

Gauzak horrela, gora-beherak gora-behera, partida nahikoa kontrolpean izan dute denborarik gehienean, 8-2, 16-7 eta 21-15, baina partidarik ezin izan dute itxi. Eta aurreko asteetan erakutsi bezala, Peña-Albisu ez daude amore emateko prest eta Mariezkurrenaren zalantzak usaindu eta partida 21-21 berdintzea lortu dute, baina txapa hotsak saririk gabe utzi ditu.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Mariezkurena: 22

Peña II.a-Albisu:21

Pilotakadak: 493. Iraupena: 61,19 mintu. Markagailua: 2-0, 2-2, 8-2, 8-5, 13-5, 13-7, 16-7, 16-11, 17-11, 17-15, 21-15, 21-21, 22-21. Sakeak: 1 Altuna III.ak eta 2 Peña II.ak. Tantoak: 9 Altuna III.ak, 0 Mariezkurrena II.ak, 6 Peña II.ak eta 1 Albisuk. Hutsak: 2 Altuna III.ak, 10 Mariezkurrena II.ak, 4 Peña II.ak eta 8 Albisuk.