INFO

Ospital-Sanchez eta Larralde-Ducassou izango dira Berezkoen Buruz Burukoaren finalerdiak

Battitta Ducassouk Bixente Larralderi irabazita lortu du azken txartela, baina itsasuarrak bere mailarik onena topatu ezinda jarraitzen du.

Elgarti irabazita, Mathieu Ospital izango da Luis Sanchezen aurkaria. (Guillaume FAUVEAU)

Asteburu honetan jokatu dira Frantziako Buruz Buruko Trinkete txapelketako lehen faseko azken partidak eta hortaz, erabakiak dira otsailaren 20an Hazparnen jokatuko diren finalerdiak. Alde batetik Peio Larralde eta Battitta Ducassou ariko dira eta finalerako beste txartela Mathieu Ospitalek eta Luis Sanchezek jokatuko dute.

Azken jardunaldi honetara Luis Sanchez eta Peio Larralde sailkatuta iristen baziren ere, Hazparrenera Bixente Larralderi irabazi beharrean heldu zen Battitta Ducassou eta itsasuarrak bere mailarik onena topatu ezinik jarraitzen duen arren, 40-31 gailenduta, multzoko bigarren postua eskuratzea lortu ahal izan zuen.«Ez naiz batere ondo ari, ez dut pilota dominatzen, ez naiz kantxan ongi jartzen, baina zorionez aurrera egitea lortu dut. Finalerdietarako sailkatzea lortuta pozik naiz, baina zalantza ugari ditut, ez dut nire burua ezagutzen», aitortu zuen.

Larralde, oso indartsu

Orain bi aste izango ditu sentsazioak berreskuratu eta bere mailarik onena erakusteko aukera. Denaren beharra izango du, finalerdietako bere arerioa, igandean Ximun Lamberti 40-35 irabazita bere taldean lehen postuan amaitu duen Peio Larralde izango baita. Azken partida honetako hasiera zaildu zitzaion arren, partidarik galdu gabe dator Hazparnekoa eta oso joko sendoarekin.

Beste finalerdia Mathieu Ospital eta Luis Sanchezek jokatuko dute, lehenak azken partidan Elgarti 40-17 irabazi ostean. Finalerdi orekatua espero da, are gehiago orain gutxi Garaziko Superprestigioan gertaturikoa gogoan badugu. 40-39 nagusitu zen orduan nafarra eta Ospitalek orduko arantza kentzeko modua izango du. Hori bai, Hazparneko trinketea oso azkarra izanda, Sanchezek sakearekin min handia egin dezake bertan.