INFO

Bizilagunekin: «Gorenaren erabakia Donostiako hiri eredua birpentsatzeko aukera bat da»

Auzitegi Gorenak Donostiako etxebizitza turistikoen ordenantza bertan behera utzi eta gero, Udalaren «jarrera aldaketa bat» eskatu du Bizilagunekin plataformak eta araudi bat ezartzea. Herritarrei, era berean, eraikinetan pisu turistikoak ezartzeari «ateak ixteko» eskatu diete.

Donostiak pairatzen duen turistifikazioa salatzeko San Bartolome muinoan paraturiko pankarta. (BIZILAGUNEKIN)

Espainiar Auzitegi Gorenak etxebizitza turistikoen ordenantza bertan behera utzi du. BiziLagunEkin plataformak, «erabaki hau Donostiako Udalaren akatsen eta jokabide okerren segida baten ondorio» dela azpimarratu du, baina gipuzkoar hiriburuko pisu turistikoekin «daukagun arazoari konponbidea emateko ate bat zabaltzen duela» nabarmendu.

Ohar baten bidez, desazkunde turistikoaren aldeko plataformak «aukera bat» dagoela azpimarratu du. «Publikoki adierazi dute Plan Orokorra moldatzean baliogabetutako ordenantzaren araudia erreproduzitzeko asmoa. Ez du zertan horrela izan. Pisu turistikoak mugatu eta murrizteko balio duen araudia ezarri behar dela uste dugu. Praktika hau desagertzera eramateari atea zabalduko dion markoa ezarri behar da», eskatu dute.

Horretarako, Udalaren «jarrera aldaketa bat» eskatu dute, «ezinbestekoa» dena. «Erabakiak hartzeko prozesuetan gardentasunez eta parte hartzeko aukerak eskainiz jokatu ezean, ez dago bermerik herritarren interes orokorrari erantzuteko», adierazi dute.

Zentzu berean, koronabirusak sortutako turismoaren etenaldiak eta osasun-larrialdiak hainbat «ahulezia» agerian jarri dituela iritzi dute eta horrek ere «Donostiako hiri-eredua birpentsatu eta berregokitzeko» balio beharko lukeela. «Norabide aldaketa baterako ordua da. Desazkunde turistikorantz bidea egitea inoiz baino beharrezkoago agertzen zaigu etorkizunak ekarriko dizkigun erronkei erantzuteko».

Baina ez soilik Udalari, donostiarrei ere helarazi die mezua plataformak. «Etxebizitzak pisu turistiko bezala alokatzeak etxebizitzak bizitzeko behar dituztenen alokairua garestitzea dakar; hiria turistifikatzea, donostiarrak hiritik kanporatzea eta komunitate harremanak desegitea eragiten du».

Horretarako «bizilagunen antolatzea» proposatu dute. «Gure eraikinetan pisu turistikoak ezartzeari ateak itxi. Atarietako bakoitzean, etxejabeen gehiengoak hala nahi badu, eraikinean pisu turistikoak jartzea legez debekatu daiteke», ekarri dute gogora.

Pisu turistikoen afera «arazo askoz zabalago baten adar txiki bat» dela nabarmendu nahi izan dute. «Etxerik gabekoak, alokairu garestiak, etxe-kaleratzeak, funts putreak, Donostiatik kanporatuak…». Horren aurrean, «saretzea eta antolatzea» proposatu dute, «Donostian etxebizitza eskubidea errespetatzea lortu arte».