Eskualde eta departamendu bozak ekainaren 13an eta 21an eginen dituzte
Frantziar Asanblea Nazionalean Marlene Schiappa Hiritartasunerako ministroak aurreratu duenez, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin ekainaren 13an eta 21ean bozak izanen dira.
Iragan urtarrilaren 26an frantziar Senatuak eskualde eta departamendu bozak atzeratzeko lehen urratsa eman zuen eta bart Asanblea Nazionalak erabakia baieztatu zuen.
Senatuak departamendu eta eskualdeetako kontseiluak berritzeko hauteskundeak «beranduenez ekainaren 20an» egiteko agindua eman zuen orduan.
Jean-Louis Debre Kontseilu Konstituzionalaren lehendakari ohiak izenpeturiko txostenean oinarritu ziren senatariak hauteskundeen atzerapenari muga bat ezartzeko.
Pandemiaren egoera ikusita, Debrek bozak ekainera arte gibelatzeko aholkua eman zuen, baina ez zuen datarik zehaztu. Senatariek, ordea, bozka horien bigarren itzulia beranduenez ekainaren 21ean egiteko eskatu zuten, «opor irteera»ren efektua saihesteko helburuarekin.
Bart Asanblea Nazionalak bide hori berresi zuen. Hiritartasun aferendako ministro den Marlene Schiappak datak aurreratu zituen. Hauteskundeak ekainaren 13 eta 21ean eginen dira.
Edonola ere apirilaren 1ean osasun egoerari buruzko txostena eskuratuta hartuko ditu Emmanuel Macron buru duen Gobernuak hauteskundeei buruzko azkeneko erabakiak.
Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko boto-emaileei Pirinio Atlantikoen Departamenduko Kontseilu Orokorra eta Akitania Berriko Kontseilua berritzea egokituko zaie hauteskunde horietan.