INFO

Euskal literaturako lanekin osatu nahi du Deabruaren Eskolak Julio Cortazar Liburutegia

Deabruaren Eskolak Juan March Fundazioaren Julio Cortazar Liburutegia osatu nahi du, euskarara ekarritako idazle argentinarraren lanekin. Orain arte, 26 hizkuntzatan idatzitako 3.000tik gora aletik, bi dira euskarazko liburuak.

Julio Cortazarrek euskarara ekarritako obrak bildu nahi ditu Deabruaren Eskolak. (Fundación Juan March)

Julio Cortazarren heriotzaren 37. urtemugan, Deabruaren Eskolak Juan March Fundazioari eman nahi dizkio euskarara ekarritako Julio Cortazarren lanak edo euskal egileek Julio Cortazarren lanak inspiratuta idatzi eta argitaratutakoak, March Fundazioaren hiru mila aletik gorako nazioarteko Cortazarren liburutegia osatzeko.

Orain arte, liburutegi horretan euskarazko bi liburu daude: 1992an Gerardo Markuletak itzulitako eta Ibaizabalek argitaratutako ‘Oktaedroa’ eta 1994an Markuletak berak itzulitako eta Ereinek argitaratutako ‘Hegoaldeko autobidea’, Cortazarren ‘Octaedro’ eta ‘La autopista del Sur’ lanen itzulpenak.

Horretarako deabruareneskola.eus webgunearen sortzaileek dei egiten diete ezaugarri horiek betetzen dituzten lanen egileei eta era horretarako lanak argitaratu dituzten editore eta argitaletxeei eskolarekin harremanetan jartzera, liburu zerrenda ahalik eta zabalena osatu ahal izateko.

Cortazarren itzala euskal literaturan

Idazle gutxirekin konparatu daiteke Julio Cortazarrek izan duen eragina XX. mendeko nazioarteko literaturan, gaztelaniazko literaturaren historian eta fikzio laburraren esparruan. Euskal literaturari dagokionez, itzela da gure artean izan duen itzala. Hainbat dira Cortazarren maisugintza aitortu duten idazleak eta, abizenetik haratago, leku berezia dauka argentinarrak gure idazleen obran eta gure arbasoen gelan.

Hori dela eta, Deabruaren Eskolak dei egin nahi die Cortazarren eraginpean, berak inspiratuta edo bere omenez, poemak, narrazio laburrak, saiakerak, teatro lanak edo eleberriak idatzi dituzten egileei, eta era horretako lanak argitaratu dituzten editore eta argitaletxeei ere, eskolarekin harremanetan jartzera eta lan horien berri ematera.

Ekimenaren helburua Cortazarrekin zerikusia duten euskarazko lanen eta euskal egileen lanen ahalik eta zerrenda luzeena osatzea litzateke, gero zerrenda horretako liburuak fundazioaren eskuetan jarri ahal izateko. Deabruaren Eskolaren sustatzaileen ustez, modu horretan euskal literaturak publikoki aitortuko luke Cortazarrekin duen zorra eta kitaezina den zor hori apaltasunez ordaintzeko pausu bat emango luke.

3.000tik gora ale

Juan March Fundazioaren Cortazar liburutegiak 3.000tik gora ale ditu Juan March fundazioaren liburutegian Cortazarrek gaztetatik ondoan izan zituen liburu asko daude, idazle argentinarrak Buenos Airesetik ekarritakoak eta Parisko liburu-dendetan erositakoak, besteak beste, baita Octavio Paz, Pablo Neruda, Lezama Lima edo Carlos Fuentes moduko lagunek oparitutakoak eta haiek Cortazarri eskainiak.

Gehienak 1993an eman zizkion fundazioari Aurora Bernardezek, Cortazarren alargunak baina ordutik hona hainbat lan jaso ditu fundazioak donazioen bidez eta momentu honetan online kontsultatu daitekeen katalogoak 3.786 liburu ditu, 26 hizkuntzatan, eta horietatik 855ek Cortazarren sinadura dute.