Inspirazioa faltan, Mariezkurrenaren joak ere partidak irabaz ditzake (17-22)
Berriozarreko atzelariaren partidaren bigarren zati bikainak zuzendu du bere eguna izan ez duen Jokin Altunaren –egindako (5) baino huts egindako (6) tanto gehiago egin ditu– partida kaxkarra.
Txapelketa luzeetan berebiziko garrantzia izaten du inspirazioa bisitan etortzen ez den egun horietan ere irabazten jakiteak eta Jokin Altunak aspaldian jokatutako partidarik txarrenean –galtzaile aritu da eta presaka bezala jokatu du partidaren zati handi batean–, batez ere partidaren bigarren zatian atzelariak egindako lan onak eman dio seigarren puntua Aspeko bikoteari. Aurreko astean Mariezkurrenak zalantza batzuk agertu bazituen, gaur bere joa izan da bikoteari lehen itzuli hau Elezkano-Zabaletarekin lehen postuan berdinduta ahalbidetu diena. Bengoetxea-Arangurenek aldiz, puntu bakarrarekin konformatu beharko dute lehen zazpi partida hauetan eta ikusi beharko da aste honetan Iñaki Artola berriz ere jokatzeko moduan ote dagoen.
Hasieratik jarraikortasunik gabeko partida izan da Idiazabalgoa, bi bikoteek gauza onak eta hutsak tartekatu dituztelako. Hobeto ekin diote partidari Baikokoek, hein handi batean Altunak ohikoa dena baina pilota gehiago bota dituelako (3-0 eta 5-2). Hala ere, azkar antzean erreakzionatu dute, Mariezkurrenak atzean Aranguren dominatu duelako eta amezketarra ere eraginkorrago aritu delako errematean. Berrizoarreko atzelaria pilota eskuinarekin jotzeko moduan izan denean zuloak ireki ditu eta honek ere bidea eman dio Altunari errematean ere erosoago aritzeko eta 0-8ko partzial batekin lehia euren aldera ekarri dute (5-10).
Gora-behera handiak
Hala ere, euren pilota jokoan jarri eta, saketik hasita, Oinatz Bengoetxeak Aspeko bikotea erabat nahastu du, partida orekatzeraino. Are gehiago, Jokin Altunak ez du bere jarduna erabat zuzentzerik izan eta gorriak joan dira markagailuan aurretik lehen atsedenaldi luzera (12-11) ordurako amezketarrak bost pilota eta sake erresto bat hutsegin zituela.
Aldageletatik bueltan ere kosta zaie Aspekoei partidara itzultzea eta Oinatz Bengeotxeari epaileek txartzat eman dioten zalantzazko pilota batean etorri da Altuna eta Mariezkurrenaren susperraldia (14-13). Saskian pilota biziago bat topatu dute eta horrek Berrizarreko atzelaria partidan sartu du. Hurrengo tantoan pilota garbi sartu du Igarondoko errebotean eta hurrengo beste bi tantoak ere atzelari nafarrak egindakoak izan dira, pilota ondo baztertuz eta ordura arteko partidako alderik handienarekin joan dira bigarren atsedenaldi luzera (14-18).
Partidaren amaieran Aitor Aranguren ere gozakaitz aritu da, hutsak ere nahi baino gehiago pilatu ditu eta aginagarrak meritu handiko jokaldi pare bat ere egin baditu ere, azkenerako garesti ordaindu dituzte akatsa hauek.
FITXA TEKNIKOA:
Bengoetxea VI.a-Aranguren: 17
Altuna III.a-Mariezkurrena: 22
Pilotakadak: 492. Iraupena: 59,46 minutu. Markagailua:3-0, 3-2, 5-2, 5-10, 11-10, 11-11, 13-11, 13-12, 14-12, 14-18, 15-18, 15-20, 16-20, 16-21, 17-21, 17-22. Sakeak: 2 Benegoetxea VI.ak eta 0 Altuna III.ak. Tantoak: 3 Bengoetxea VI.ak, 2 Arangurenek, 5 Altuna III.ak eta 5 Mariezkurrenak. Hutsak: 4 Bengoetxea VI.ak, 8 Arangurenek, 6 Altuna III.ak eta 4 Mariezkurrenak. Gorabeherak: Binakakoaren lehen fasearen lehen itzulia Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan amaitu da.