INFO

Lucio Fontanaren neon ikoniko batek argiztatzen du Guggenheimeko atrioa

Bilboko Guggenheim Museoaren Atrioan Lucio Fontana artista italiar-argentinarraren lan adierazgarri eta ikonikoenetako bat dago zintzilikatuta, datozen hiru urteetan ikusgai. Duela 70 urte sortuta, arteak izan dezakeen irudimenaren adibidea da.

Manuel Cirauqui ‘curator-a’ eta Juan Ignacio Vidarte, atrioan. Atzean, argi-eskultura berria. (Monika DEL VALLE / FOKU)

Lucio Fontanaren (Rosario, Argentina, 1899-Varese, Italia, 1968) neonezko eskultura ikusgarria Guggenheimeko atrioan jarri dute, sartu eta ezkerraldean. Kanpotik ere, Abandoibarrako pasealekutik, airean izoztutako marrez osatutako eskultura bat soma daiteke. Harritu egiten du pentsatzeak diseinu honek 70 urte dituenik, erabat modernoa baita, baina ‘Neonezko egitura Milango Bederatzigarren Trienalerako’ pieza, horrela deitzen baita, argentinar-italiar artista handiak 1951ean sortu zuen.

Gutxienez hiru urtez egongo da zintzilikatuta atrioan, Juan Ignacio Vidartek, museoko zuzendariak, asteazken honetako aurkezpenean aipatu duenez. Milango Fondazione Lucio Fontanaren eta Bilboko museoaren arteko lankidetzari esker lortu da Frank Gheryk irudikatutako eraikineko behin-behineko osagarria bihurtu izana, museoaren kanpoan dauden Louise Bourgeois, Eduardo Chillida, Yves Klein, Jeff Koons edo Fujiko Nakayaren lanak dauden antzera.

Ehun metro neon

Are gehiago, eskultura hau Gehryk Bilboko kafetegi bateko ezpain-zapi batean zirriborratu zuen eraikinarekin sintonian dagoela esan daiteke. Paolo Laurini, Fondacione Lucio Fontanaren presidentearen hitzetan, «artistak beti izan zuen harreman berezia arkitektoekin: hurbileko sentitzen zituen espazioarekiko sentsibilitatean. Bilboko instalazioak naturaltasun handiko elkarrizketa ezartzen du Frank Gehryren arkitektura liluragarriarekin».

2019an Bilboko Guggenheimen ‘Lucio Fontana. Atarian’ erakusketaren parte izan zen pieza hau, eta egilearen lanik ikonikoenetarikoa da. Duela zazpi hamarkada, neona ezezaguna zen oso. Manuel Cirauqui curator-ak aipatutakoaren arabera, «neonak Lucio Fontana liluratu zuen arkitekturarekin eta kaleko bizitzarekin izan zezakeen loturagatik. Airean marraztea bezalakoa iruditzen zitzaion, beste dimentsio batera iristea. Gaur egun, orduko harridura bera eragiten du, eta horrek erakusten du lan honen indarraldia».

Cirauquiren esanetan, «sekulako erronka teknikoa izan da, 100 metro neon baino gehiago baitira, guztiak airean zintzilik, eta kalkulu asko egin behar izan dira eremu zehatz horretan jartzeko».

Oteizarentzat erreferente

Argentinan jaiota, ez zituen italiar sustraiak ahaztu Lucio Fontanak. Etengabeko ikerketa eta gogoeta-gai izan zen espazio berarentzat, eta hainbat testuingurutan eta askotariko materialen bidez landu zuen. Fontanak ‘Espazialismo’ mugimendua sortu zuen, Bigarren Munduko Gerraren ostean, 1947an, Italiara itzuli ondoren. Han, abstrakzio eta esperimentazio erradikalaren bidetik jo zuen. Aitzindaria izan zen hutsa baliatzen zuen moduan: bere ustetan, hutsak sortzen baitu artelana eta, era berean, haren osagai bereizgarria da.

Fontana funtsezko figura izan zen abangoardiako hainbat taldeen garapenean, baita erreferente ere ondorengo belaunaldietako artista gailenentzat: hala nola, Yves Klein, Jorge Oteiza eta Jesús Rafael Sotorentzat.

Mundu osoan ezaguna izan arren bere distira handiko mihise monokromo, ebaki eta zulatuengatik, Fontanak beti hartu zuen bere burua eskultoretzat: pieza bakoitza esperientzia osatu bat zen beretzat, kolorearen eta keinuaren, denboraren, sakontasunaren, bolumenaren, materialaren eta argiaren esperientzia.