INFO

Ertzaintza, Foruzaingoa eta independentismoa

Polizia ereduaz ari garela, independentismoa ezin da antzuak diren posizioetan gotortu; beste zerbait proposatu behar du, eraldatzailea eta, era berean, egingarria den zerbait.

Ertzainak eta foruzainak Endarlatsan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Arnaldo Otegik asteartean Radio Euskadin Ertzaintzari buruz esan zuenak hautsak harrotu ditu sare sozialetan. EH Bilduko koordinatzailearen adierazpenak entzunda, ez nau harritzen. Baina, egia esan, sortu den eztabaida ez zait interesgarria iruditzen. Poliziari buruz ari garela, benetako beharra dago arreta gauza garrantzitsuetan jartzeko.

Hitz egin dezagun polizia ereduaz. Garbi dago beste eredu baten premia dagoela, autoritarioki ariko ez dena, jendea zauritzen eta bizitzak arriskuan jartzen dituzten prozedurak baliatuko ez dituena, gardena, korporatibismoa gainditu eta herritarrentzako zerbitzua lehenetsiko duena. Baina hau ez da nahikoa polizia eredu berri bat definitzeko. Eta independentismoa ezin da antzuak diren posizioetan gotortu; beste zerbait proposatu behar du, eraldatzailea eta, era berean, egingarria den zerbait.

EH Bildu laugarren indarra da Nafarroan, bigarrena izateko aukerekin, eta bigarren indarra da EAEn, PNV-PSE erregimen binomioaren aurrean alternatiba nagusia. Epe ertainean litekeena da gobernatzera edo gobernuetan parte hartzera iristea. Gobernuetatik aldatu ahal dira polizia ereduak, betiere indar korrelazioek posibilitatzen dutenaren arabera. Eta, kasu honetan, indar harremana ez da balizko gobernukideen eta oposizioaren artekoa soilik, polizia sindikatuek eta jendarteak berak izango dute zer esana marko legalaren baitan.

Bestalde, Kataluniako nazio askapenerako borroka prozesuak erakutsi digunez, haustura prozesu batek arrakastarako aukerak izan ditzan, independentziaren aldeko aukera jendartearen esparru guztietara hedatu beharra dago, baita ahalik eta botere esparru gehienetara ere. Eta Polizia botere esparru bat da.

Euskal Herriak independentziari ateak ireki eta estatuarekin talka eragingo duen prozesu demokratizatzaile bat garatzen badu, Ertzaintzak eta Foruzaingoak prozesua erraztu ala zaildu dezakete. Eta independentismoak ez lioke aldagai honi bizkarra eman beharko. Ezta?