INFO

Grafitiak egin dituzte berriro duela gutxi berritutako Zumetaren iturrian

Jose Luis Zumetak 1989an diseinatutako zeramika-iturri baten kontserbazio eta zaharberritze tratamendua egin zuen iazko abenduan San Telmo Museoak. Bi hilabete geroago, iturria berriro ere grafitiz estalita agertu dela salatu dute.

Zumetaren iturria, grafiti berriekin. (Oskar MORENO)

Donostiako Indianoene eta Rodil kaleak lotzen dituen plazatxoan dago 1989. urtean Jose Luis Zumetan diseinatutako zeramika-iturria. Espazioa urbanizatu zenean Udalak artistari egindako enkargua izan zen lana eta, proiektua burutzeko, gainjarritako planoak zituen zeramika-iturri bat pentsatu zuen Zumetak. Kartoizko maketa bat egin, Aiako tailerrera eraman eta Amaia Zinkunegi zeramikariaren laguntza izan zuen alderdi teknikoan. Hala sortu zuen 106 cm x 190 cm-ko egitura zeramiko bat, buztin erregogor esmaltatuzko 54 azulejoz osatua. Egituraren oinarria egin ondoren, Zumetak berak eskuz polikromatu zuen, artisau esmalteak erabiliz.

San Telmotik azaldu dutenez, iturria museoak sortu zuen Donostiako Atlas Eskultorikoan agertzen den arren, «beste artista batzuek egindako lanak ez ezagutzeak edota haiekiko errespetu faltak pixkanaka bere azalera grafitien bidez estaltzea eragin zuen, jatorrizko obra %100ean ezkutatu arte». Horregatik, iazko abenduan, iturria zaharberritu eta, hilabeteko lanaren ondoren, obrak jatorrizko itxura berreskuratu zuen. Etorkizuneko erasoen prebentzioan plaka bat ere jarri zen, egiletza adieraziz.

«Hala ere, zoritxarrez ez da denbora asko igaro berriro pintada berriak agertu gabe» gaitzetsi dute museotik, eta ohartarazi dute hainbat takeo ere agertu direla: «Takeo horiek aurreikusi eta ohartarazten dute grafiti berriak agertuko direla, ziur aski obra ezkutatu eta hondatuko dutenak, eta agerian uzten dute gure ondare artistikoa zer den eta zer esan nahi duen ez dela nahikoa ulertzen eta ezagutzen».

Grafitiak kultura ondasunen gainean egitea «ekintza bandalikoa» dela esan eta haien deuseztapenak duen «kostu ekonomiko handia» nabarmendu dute museotik, eta dei egin diete herritarrei, ondasun kultural eta artistikoak zaintzeko duten konpromisoa har dezaten, «bereziki, ia galduta eta orain berreskuratuta dagoen iturri honi, José Luis Zumeta artista estimatuaren jatorrizko lanari».