INFO

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.

‘Aurrera egin badugu’, Jaizkibel konpainiaren dokumentalaren trailerra, NAIZen ikusgai

‘Aurrera egin badugu’ dokumentala sortu du Jaizkibel konpainiak. Elkarrrizketa formatuan Garbiñe Biurrin, Kattalin Miner eta Itziar Ituñorekin egindako solasaldi batzuk biltzen dira bertan. Martxoaren 5ean aurkeztuko dute Hondarribian. NAIZen trailerra dago ikusgai.


Jaizkibel konpainiak dokumental bat sortu du, Julen Hernandez Esnaolak zuzendua. Elkarrizketa formatuan egindako solasaldi batzuk biltzen ditu filmak. Azpitituluak esaten duen bezala, «Jaizkibelen lagunak solasean jarri ditugu». NAIZek ‘Aurrera egin badugu’ dokumentalaren trailerra eskuratu du.

Jaizkibeleko hiru kidek (Arantxa Urretabizkaia, Jaime Altuna eta Oihana Etxebarrieta), Garbiñe Biurrun, Kattalin Miner eta Itziar Ituño elkarrizketatu dituzte, ikuspuntu zabalak, anitzak eta ezberdina topatzeko. «Argi daukagu Jaizkibel Konpainiaren historia Euskal Herriko eta munduko Mugimendu Feministaren parte txiki bat dela, eta guri eragiten digutela hainbat herri eta bizipenetatik egiten diren borrokek. Hainbat udalerrik emakumeen parte hartze parekidearen bidean urratsak eman dituzte eta haiengandik ikasteko asmoa dugu lan honen bidez», azaldu dute ekimenaren bultzatzaileek.

«Aurrera egin dugu urte hauetan, berdintasunaren aldeko borrokalariei esker. Elkarrengandik ikasi dugu eta elkar babestuz egin dugu aurrera. Hori guztia biltzen saiatu gara dokumentalean. Hausnarketarako tresna, elkar entzutearen aldeko apustua, parean dugunaren aitortza», gaineratu dute.

Dokumentala martxoaren 5ean estreinatuko dute Hondarribiko Itsas Etxea aretoan arratsaldeko 19.00etan. Honen ondoren, bestelako aurkezpen bat antolatuko dute Hondarribian bertan eta baita Irunen ere. Martxoaren 9an, Donostiako Principe zine aretoan aurkeztuko dute 17.00etan eta hilaren 11n Gasteizko Vital Fundazioa Kulturunean, 18.00etan. Aurrerago Bilbon eta Madrilen egingo dituzte aurkezpenak eta hainbat herritara eramateko prest daude. Pare bat aste pasatuta, online jarriko dute herritar guztien eskura.