Bidasoa-Irunek ezin izan du Ademar mendean hartu eta finalaren atarian geratu da (26-30)
Bidasoa-Irunek agur esan dio aurtengo Kopa edizioari. Finaleko atarian geratu dira gipuzkoarrak Ademar Leonen aurka 26-30 galdu ostean. Parekatua eta intentsitate handikoa izan den norgehiagoka bigarren zatiaren erdialdean apurtu da eta euskaldunak ez dira gai izan lau goleko aldea iraultzeko.
Lehenengo zatian 4-0eko partzial bat ezarriz -horietatik hiru gol jokalari bat gutxiagorekin eginda- esperantzarako tartea ireki du Bidasoa-Irunek Wizink Center pabiloian. 14-13ko aldeko markagailuarekin iritsi da atsedenaldira, erabateko parekotasuna argi eta garbi islatuz.
Bi taldeak indartsu atera dira joko zelaira eta beraien minutu onak probesten saiatu dira -momentu onak eta txarrak kudeatzen jakiteak giltzarri izan zitekeela aipatu zuen Jon Azkuek NAIZeko elkarrizketan-. Biek ala biek izan dituzte minutu onak baina bigarren zatiko erdialdean ireki du zauria Ademar Leonek, Slavicen geldituak, zutoinak eta bidasoarren zenbait kaleratzeri zukua aterata. Hala, 1-4ko partzial batekin lau goleko aldea jarri du Gaztela-Leongo taldeak eta gutxika-gutxika amore eman behar izan du Bidasoa Irunek.
Lehen zatian ere halako zerbait gertatu denean, izugarrizko kemena erakutsita, behetik goranzko olatu ederrean nabigatu du Bidasoa Irunek eta 8-12ko aurkako markagailua berdindu eta iraultzea lortu du.
Ademar Leonek kontraerasoak baliatu ditu oharkabean lau goleko distantzia jartzeko baina berandu baino lehenago erreakzionatu du Cuetarak, hutsartearen ondoren aipatu 4-0eko partziala erdiesteko. Sierra atezainaren parte-hartzea ere aipamen berezikoa izan da (jaurtiketen %31 gelditu du); luzatu du bere parte-hartze onuragarria bigarren zatian baina bere geldiketek ez dute behar besteko erantzuna izan erasoan.
Cuetararen formula hori ez da baliagarri izan bigarren zatian (18-22 markagailuarekin gelditu du denbora entrenatzaile asturiarrak), zeinetan atearen aurrean kamuts aritu diren bidasoarrak. Julen Aginagaldek bezperan bederatzi gol egin zituen baina gaurkoan, finalerdian, bi gol besterik ez ditu egin. Rodrigo Salinas bera, taldeko bigarren goleatzaile onena, gol bakar batean geratu da Slavic eta Ademar Leongo hesiaren aurrean. Jon Azkue, sei golekin, izan da taldeko golegile nagusia, hala nola Ademarren kolpe gehiengoaren jasotzailea ere.
Hogei minuturen faltan defentsa aurreratu du Leongo taldeak eta ederki geratu ditu gipuzkoarren erasoko plan oro. Sierraren geldituak ez dira nahikoa izan Bidasoa-Irun neurketan bizirik mantentzeko, hein handi batean atezain aurkari Slavicek ere jaurtiketen %31 gelditu duelako. Hala, defentsako erregulartasun horrek jarraipena izan du erasoan eta azkenean, nagusitasunez garaitu du talde gipuzkoarra.
Ademar Leonek Bartzelona izango du arerio final handian. Talde katalanak Granollers hartu du mendean (22-32) eta bere 25. Kopa irabazteko borrokatuko du Gaztela-Leongo taldearen aurka. Ademarrek, bestalde, behin bakarrik altxatu du Kopa garaikurra.
Fitxa teknikoa:
Bidasoa-Irun: Sierra; Odriozola (2), De la Salud (5), Azkue (6), Salinas (1), Crowley (5), Aguinagalde (2). Xoan Ledo (ps), Racotea (3), Serrano (1), Tesoriere, Cavero (1), Zabala, Da Silva, Bonanno.
Ademar Leon: Slavic; Marchan (3), Feuchtmann (6), Suarez (5), Lucin (6), Martinez (1), Lawrence, Fernandez (1), Perez (3), Borges (2), Casqueiro (3), Ghedbane (ps).
Epaileak: Marin Lorente eta Garcia Serradilla. Bidasoa-Irun taldeko Crowley, Racotea, Aguinagalde, Azkue eta Tesoriere bi minutuz zigortu dituzte eta Ademar Leon taldeko Feuchtmann (2), Lawrence eta Borges.
Partzialak: 3-3, 4-4, 7-7, 8-11, 12-13, 14-13 (atsedenaldia); 16-17, 17-19, 18-21, 20-23, 22-26, 26-30
Gertakariak: Madrileko Wizink Centerren jokaturiko lehen finalerdia.