INFO

Modurik onenean itzuli da Iñaki Artola Binakako Txapelketara

Ia bi hilabetez min hartuta egon arren, alegiarrak maila bikaina eman du Labriten bere itzuleran Arangurenekin Peña eta Albisuri 22-13 irabazteko. Hirugarren puntua bildu dute eta play-offetarako sailkapena asko estutzen ari da.

Iñaki Artola, Labriteko partidan pilota jotzen (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Iñaki Artolak itzulera bikaina sinatu du Binakako Txapelketan eta Arangurenekin batera sailkapeneko hirugarren puntua eskuratu du Labriten Peña II-Albisuri 22-13 irabazi ostean.

Bi hilabetez jokatu gabe egon arren, Alegiako aurrelariak sekulako maila erakutsi du hasiera-hasieratik eta ez zaio batere nabaritu erritmo falta. Oso serio jokatuz eta ia pilotarik galdu gabe –gorrien huts bakarra 21-13an Artolak txapara bidalitako pilota bat izan da–, lan asko egitera behartu dituzte aurkariak, eta gero bikain baliatu dituzte haien opariak.

Izan ere, txanponaren beste aldean, aipatu beharra dago ez dela batere ohikoa txapelketako neurketa bat 22-13 irabaztea jokoan sei tanto bakarrik eginda, eta hori urdinen errua izan da hein handi batean.

Jon Ander Albisu izan da gaur bereziki deseroso aritu dena, aukera-aukerako pilota asko galduz –bederatzi guztira–. Gorriek atera duten pilota motelarekin ezin izan du Aranguren menderatu, eta agian horregatik, Ataungo atzelariari desesperazio puntu bat nabaritu zaio une askotan.

Pasa bat... eta agur

Aurreneko tartean, ordea, Peña II.a izan da protagonista. Erritmo handian jokatzen hasi da eta bereak izan dira egindako tantoak, aurreneko biak ikusgarriak, eta baita galdutakoak ere: gorrien aurreneko biak bere akatsak izan dira.

Hala ere, agian oker handiena 3-2koan iritsi da, saketik pasa egin baitu. Gorriek pilota motel bat atera dute orduan eta zortzi tanto egin dituzte jarraian, markagailuan 10-2 alde egiteko.

Lehen tanto horietan defentsan lan asko egitea tokatu zaio Iñaki Artolari, eta argi utzi du eskuin izterreko lesioa erabat ahaztuta dagoela, pilota oso zailak eraman baititu txokoan nahiz zabalean.

Urdinak saiatu dira beren jokoa inposatu eta desabantaila murrizten, baina ez dute inoiz lortu tanto errenkada luzerik. Behin partida galduta ikusi duenean, Jon Ander Peña izan da bizpahiru erremate ikusgarri sinatu dituena, baina berandu zen garaipenarekin amesteko.

«Hau da bidea»

«Banuen kezka ea nola aurkituko ote nintzen. Ez lesioagatik bakarrik. Azkenean denbora asko izan da jokatu gabe eta hori beste hainbat modutan ere nabaritu daiteke: eskuak, erritmoa, defentsako lana… Baina juxtu aurreneko tantoetan defentsan aritzea tokatu zait eta ongi ikusi naiz, eta horrek konfiantza eman dit», azaldu du Iñaki Artolak neurketa amaieran.

«Hauxe da gure bikoteak egin behar duena. Defentsan serio jokatu, pilota gutxi galdu, lan asko egin… Gaur Aitorrek lan bikaina egin du, ez du pilotarik galdu, eta horrela errazagoa izango da puntuak lortzea», gehitu du alegiarrak.

Gaurko garaipenarekin, Artola-Arangurenek Urrutikoetxea-Imaz berdindu dituzte sailkapenean, eta Ezkurdia-Galartza puntu bakarrera daukate. Peña-Albisu, berriz, sei punturekin geratuko dira hirugarren postuan.