INFO

Birikak bete arnasa hartu du Bilbao Basketek Betisi azken unean irabazita (86-84)

Jenkinsen 28 puntuek, Balvinen azken saskiratzeak eta Hakansonen Randleri azken segundoan jarri dion txapelak seigarren garaipena damaio talde bilbotarrari eta jaitsiera postuak atzean laga ditu. Bide batez, averagea ere irabazi dio Sevillako taldeari buruz buruko neurketa bietan nagusitu ondoren.

John Jenkinsek Bilbao Basket bizirik mantendu du partida okerren jarri zaionean. (Monika DEL VALLE / FOKU)

RETABET BILBAO BASKET 86 - COOSUR BETIS 84

Coosur Betis taldeko Jerome Randlek jaso du azkenengo baloia, RETAbet Bilbao Basket 86-84 aurretik jarri eta bost segundoren faltan. Ludde Hakanson antolatzaile suediarra aurrez aurre jarri zaio eta txikle baten antzera itsatsi zaio Randleri. Denbora amaierara bidean, Randlek hirukoa sartzeko ahalegina egin du, baina Hakansonek txapela jarri dio, baloia eskuetan geratuta. A zer poza eta a zer lasaitua hartu duena Bilbao Basketen aulkiak denboraldiko seigarren partida irabazi ostean, lehenengoz bi garaipen kateatu ostean!

Ia partidarik gehiena galtzen pasa eta gero, bost segundoren faltan Hakanson eta Balvinen artean lortu dute bizkaitarrek aurretik jartzea. Suediarra «alley oop» bat egiten ahalegindu da, baina ez du lortu. Hala ere, Balvinek baloia nolabait hartu du eta ezkerreko eskuaz garaipena suposatu duen saskiratzea lortu du. Aurrez, hala ere, John Jenkins hegalekoak bizirik eutsi dio talde bilbotarrari, 28 puntu saskiratu baititu markagailuan Betisen pare mantentzeko.

Birikak bete arnasa hartu du Bilbao Basketek Betisi irabazi ostean. Seigarren garaipena lortu dute Alex Mumbrurenek; hau da, jaitsiera postuak atzean laga ditu uneotan –Gipuzkoa Basket eta Betis dira azkenak, garaipen bana gutxiagorekin– eta Sevillako taldeari –joan zen astean donostiarren aurka lortu zuen bezala– averagea irabazi dio, bai Sevillan eta baita Miribillan ere irabazi ondoren. Oraindik asko dute egiteko bizkaitarrek, salbazioa bermatu arte latz sufritu beharko du –Estudiantesen kantxan datorren domeka eguerdian, esaterako–, baina aurrera ateratzeko bidean, sekulako aurrerapausoa eman dute Betisi irabazi ostean.

Beti atzetik, beti eusten

Jonathan Rousselle itzultzeko moduan izan da, eta bere lekuan Zyskowski bazterrean laga du Alex Mumbruk. Partida hasi aurreko minutuko isilunearen ondotik –covid-19a dela eta hil berri den Jose Manuel Cortizas kazetariaren omenez– Sevillako taldea ondotxo hobeto hasi da, batez ere Tobias Borg Bilbao Basketeko jokalari ohiaren eskutik, 5-11 aurreratu baita Joan Plazaren taldea.

Berehala erantzun dute bilbotarrek, zorionez, Jaylon Brown inspiraturik kantxaratu baita. Aurrea hartzea lortu dute bilbotarrek, baina alderik ireki gabe, aurreneko laurdena 18na amaitu baita. Erritmoa hartuta, Sevillakoak uztaipean min ematen hasi dira, batez ere Ndoyeren bitartez, baina ez da Ndoye pibota izan, Feldeine hegalekoa baino, Betisi aldea eman diona: 0-8ko partziala lortu du Betisek dominikarraren bitartez, eta Alex Mumbruk hutsartea eskatu behar izan du markagailua 25-32 jarri denean.

Ez du aurrea berriro hartzerik lortu Bilbao Basketek, baina eutsi dio behintzat, ez dela gutxi. Hirukoetan fin aritu dira bilbotarrak ere, dela Jenkins, dela Serron edo dela Kulboka, nahiz eta trukean errebotea itxi ezinik ere aritu diren. Dena dela, atsedenaldira markagailua 42-44 dela iritsi dira bilbotarrak, eta hori albiste ontzat jo behar izan dute Mumbrurenek, Betis nabarmen hobea izan baita aurreneko erdian.

John Jenkinsen ordua

John Jenkins ezer bada, jaurtitzailea da, eta halaxe dela erakutsi du hirugarren laurdenean. Une baten Bilbao Basketek aurretik jarri ez ezik, partida bere alde jarriko zuela ere eman du, Jenkinsek botatako ia guztia sartu baitu, Betisen defentsaren gainetik.

Baina Betisek James Feldeine dauka eta dominikarrak ia berak bakarrik eutsi dio Joan Plazaren taldeari. Hori gutxi ez eta, erasoko errebotean sekulako mina eman du talde andaluziarrak. Jerome Jordan eta Ndoye pibotek Feldeinen lana osatu dute eta, hala, azken laurdenera markagailua 66na iritsi da.

Urduritasuna sekulakoa izan da azken laurden horretan. Sevillakoek errebotean min ematen jarraitu dute eta faltaz josi dute Bilbao Basket. Bilbotarrek, berriz, hirukoen bitartez erantzun nahi izan dute, baina ez dute hirugarren laurdenean adina asmatu, nahiz eta Jenkinsek erdi distantziatik puntuak nolabait pilatu, Jaylon Brownen jaurtiketa libreak eta Serronek nolabait sartu duen hiruko bat eta guzti; 75-80 atzetik ere joan da talde bizkaitarra, Tobias Borgen mementu onari eutsi ezinik. Alabaina, partidaren azken aldera 80na iritstea erdietsi dute.

TJ Campbellek 80-82koa ezarri du, baina Jenkinsek buelta eman dio partidari 4-0eko partzialarekin, azken minutuan partida sartuta. Hutsartea eskatu ostean, Ndoyek 84na berdindu du, eta azken aurreko baloia bilbotarrentzat izan da. Hauek, jokaldia nahi bezala atera ez bada ere, nolabait sartu dute 86-84koa Balvinen bidez, eta Hakansonek, bere kirol bizitzan egin duen defentsarik onena egin ostean, garaipena eta birikak bete arnasa eman dio Bilbao Basketi.

PARTIDAKO FITXA

Bilbao Basket: Hakanson (9), Jenkins (28), Serron (8), Kulboka (7) eta Balvin (8) –hasierako bostekoa–, Jaylon Brown (13), Reyes (3), Miniotas (4), Huskic (4) Dos Anjos (2), Rousselle eta Kljajic.

Betis: TJ Campbell (9), Borg (11), Ouattara (2), Nick Kay (7) eta Jerome Jordan (9) –hasierako bostekoa–, Ndoye (18), Randle (2), Feldeine (21), Almazan (6) eta Tisma.

Partzialak: 18-18, 24-26, 24-22, 20-18.