Buruz Burukoa ia ezinezko jarri zaio ebakuntza egingo dioten Iker Irribarriari
Belauneko rotulan duen lesioa sendatzeko Mikel Sanchezen medikuaren eskuetatik pasa beharko du aramarrak ostegunean eta bere txapelketa kuttunena bi hilabete inguru barru hasiko da, oso denbora gutxi ongi osatu ahal izateko.
Binakakotik kanpo geratu ondoren urteko bere helbururik nagusiena behar zuen Buruz Burukoa jokatzea oso zail jarri zaio bere belauneko lesiotik osatzeko ostegunean ebakuntza gelatik pasa behar duen Iker Irribarriari. Aspe bere enpresak gaur jakitera eman duenez, eskuineko belaunezurrean duen lesioa sendatzeko Mikel Sanchez mediku ospetsuaren eskuetatik pasako da goierritarra honek Gasteizen duen klinikan eta, kantxetara itzultzeko beharko duen denboraren berri eman ez badu ere, ezinezkoa dirudi bi hilabete inguru barru hasiko den txapelketan aritzeko moduan izateak.
Aramarrak urtarrilaren 31an jokatu zuen bere azken partida, Tolosa lagun, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, Agirre-Aretxabaletaren aurka 10-18 galduz. Hasieran ezkerreko eskuan min hartu zuelako gelditu bazen ere, belauneko arazoak izan dira kantxetara itzultzea eragotzi diotenak eta orain denbora batez geldirik egon beharko du 24 urteko aurrelariak.
Lehen lesio larria profesionaletan
Hau izango da profesional denetik Irribarriak izan duen lehen lesio larria, ohiko eskuetako arazoren bat kenduta ez baitu inolako beste arazorik izan. Hori bai, afizionatua zela, 2013ko uztailean Ander Letamendia doktoreak ezker eskuko ebakuntza bat egin zion fibrosi bat sendatzeko. Ez zuen denbora asko behar izan aramarrak erabat osatu eta hiru urte beranduago historiako Manomanistako txapeldunik gazteena bilakatzeko, txapelketa gogoangarri bat egin ostean, Mikel Urrutikoetxeari finalean gailenduz. Ea oraingoan ere azkar, baina batez ere ondo, osatzerik duen Irribarriak.