INFO

Hezkuntzan aurreikusitako lanpostuen murrizketek haserrea sortu dute

Hurrengo ikasturtean Pirineo Atlantikoetako Departamentuko hezkuntza zentroetan 36 lanpostu kenduko dira, eta krisi garai honetan haserrea sortu du. Hezkuntza Nazionaleko Departamentu Kontseiluak horren kontra bozkatu du, Gauche taldeko hautetsiak kontra agertu dira, eta elkarretaratzeak izan dira.

Maulen 100 bat pertsona elkartu dira, hurrengo ikasturterako aurreikusitako dotazioen kontra. (GUILLAUME FAUVEAU)

Pandemia garai honetan, non osasun neurriak errespetatu ahal izateko baliabide gehiago galdetzen diren eta egoera sozio-pedagogikoa zaila den, Hezkuntza Nazionalak lanpostuen kopurua txikitzea deliberatu izanak ezinegona eta haserrea sortu du. Asteburuan egin zen batzorde tekniko departamental berezian Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirineo Atlantikoetan lehen hezkuntzan 13 lanpostu kentzea deliberatu zuen, eta 23 bigarren hezkuntzan.

2021-2022 ikasturterako postuak definitzen dituen eskola karta hori ezagutzera eman denetik erreakzioak ugariak izan dira, hautetsi, guraso zein irakasle sindikatuen aldetik.

Hezkuntza Nazionaleko Departamentu Kontseiluko kideek postuen kentzea bertan behera utzia izatea eskatu dute aho betez, astearte honetan egindako bilkuran. Eskola eremuan ematen ari den «egoeraren okertzearekin» Gobernuak eta departamentuan gobernuak dituen ordezkariek haien ardurak har ditzatela eskatu dute. Aldiz, bilkuran ez dira ez prefeta ez eta suprefeta ere izan.

Departamentuko hautetsiak, hezkuntza zentroetako langile eta gurasoen ordezkariak elkartzen dituen Kontseiluak, andeatzeari kontra egiteko dotazioak ugaritu behar direla nabarmendu du: «Departamentuko hezkuntza zentro publikoen degradazio saihesteko, eta lehen hezkuntzatik eta lizeora arte ikasle eta irakasleei neurri goranahiak eskaintzeko». Pandemia betean gauden honetan dagoen ikasleen «sufrimendua» azpimarratu du.

Elkarretaratzeak eta ezkerreko hautetsiak kontra

Ezinegonaren seinale elkarretaratzeak izan dira egunotan. Astearte honetan 100 bat pertsona elkartu dira Maulen, eta departamentuko hiri erreferentea den Paueko prefekturaren aitzinean ere hamarnaka pertsona elkartu dira astelehen eta astearte honetan.

Departamentuko Gauche 64 ezkerreko talde politikoak agiria igorri du eta Gobernuaren erabakiaren kontra agertu da: «Medioetan gobernu komunikazioak haurren hezkuntza lehentasun gisara agertzen duen bitarten, daraman politikak klase eta zerbitzuen itxiera ekartzen dutela ikusten da». Aldi berean hautetsiek, Pirineo Atlantikoak daukan hezkuntza elebidunaren berezitasuna ere izan du gogoan.

Astearte honetan berean, Gobernuaren ordezkari Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak ‘Le Monde’ egunkariari eskaini dion elkarrizketan adierazi du: «Eskolak irekita uztearen abantailak nabarmen handiagoak dira eragozpenak baino».

Eta horren adierazle, bost eta sei urte arteko 800.000 haurrei urtarrilean egindako azterketek «aintzinamendu argia» erakutsi dutela baieztatu du.

Sindikatuak ere kontra

Departamentuko FSU sindikatuak, hurrengo urterako dotazioak ikusita, zera salatu du: «Lanpostuen kentzea beti eztabaidagarria bada ere, pandemiaren ondorio sozial eta pedagokio handiak badiren momentu honetan lanpostu hauek kentzea onartezina da». Hori dela eta ordezkari politikoei Hezkuntza Nazionaleko ministroari baliabideak handitzea eskatzeko interpelatzea eskatu du.

UNSA sindikatuak bere aldetik «Osasun arriskuak arrisku pedagogikoarekin nahasten dira, langileek, ikasleek eta beraien familiek inoiz baino gehiago denbora, borondate ona eta errespetua behar dute».

Irakasle postuak galduko lituzketen eskoletan jada mobilizazio mota ezberdinak izanen direla aitzinatu daitezke, jada abiatuko delako Baionako kasuan. Marie Curie eskolan klase bat itxi behar zela eta, Jean-Rene Etchegarayk gutuna igorri zion Akademia Ikuskariari bere «ikuspegia berrikustea» eskatuz, eta horrela izan da, astearte goiz honetan Departamentuko Kontseiluan erabaki hori bertan behera gelditu baita.

Beste bi kasutan ere atzera egin du ikuskariak, Zuraiden desagertu behar zen postu erdia ez baita kenduko, ez eta Azkainen ere.